Suteak

Birika eta arnasa galdu ditu Zarrakazteluk

Suteari perimetroa jarria zitzaiola jakinda oheratu ziren bart zarrakazteluarrak, «lasaiago», eta noiz itzaliko zain dira orain. Hori bai, sua giza ekintza batek sortua izan delako susmoak amorraraziak ditu hainbat.

Zarrakazteluko herritarrak, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zarrakazteluko herritarrak, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Zarrakaztelu
2025eko abuztuaren 12a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Spoiler askoko bidea da Iruñetik Zarrakaztelurainokoa (Nafarroa). 70 kilometro pasako ibilbidean, helmugan ikus daitekeenaren iragarle gisara funtzionatzen dute errepidearen ertzetan eta azpiegitura garaietan paratutako dozenaka seinaleek: Sute arrisku handia dute idatzia. Ordea, kurioski, bestelako seinale bat dago ikusgai herrira sartu bezain pronto: Zarrakaztelu festetan. Oraindik muntatuta dauden txosnen antzera, etxe batetik bestera zintzilikatuta segitzen duten bandera-oxkarrak bezala, iragan asteko festen arrastoa baizik ez da seinale hori. Orain, festetan ez, sutan da Zarrakaztelu. Larunbat iluntzean Larrate eta Figarolerako errepidearen arteko pinudian sua piztu zenetik, hura itzali ezinda dabiltza larrialdi zerbitzuak. Eta herrigunea salbu dago, baina herritarrei zaila zaie begirada ketik apartatzea. Kiskaltzen ari den zonari aspaldi jarri zioten kariñozko izen bat: «Zarrakazteluren birika». 

Festen hondarrean piztu zen sua. Haizerik apenas zebilen ordu horretan, eta, ondorioz, kea mardul-mardul igo zen airean goraka. «Asko ke zutabe hori ikusitakoan ohartu ginen gertatzen ari zenaz», ekarri du gogora Javier Egia zarrakazteluarrak. Tabernan zen bera, terrazan. Oroitu duenez, handik gutxira jaso zuten udalaren mezua ere. «Orduan, eta baita gerora ere, lasai egoteko eskatu digute etengabe, inoiz ez baita izan sua herrigunera iristeko arriskurik», zehaztu du. Abisu horren ondotik, festek bere horretan egin zuten aurrera, baina igande arratsaldean udalak beste ohar bat kaleratu zuen, bertan behera gelditu zirela jakinarazteko, Gaixoa ni kantatzeko ordu gutxi falta zirenean. 

Edonola ere, astearte goizean, irudipena da festak aspaldi bukatu zirela Zarrakaztelun. Sutea beste hizpiderik ez du jendeak. Eta, gainera, herritar askorentzat, aurrez aurrekoa beste komunikabiderik ez dago, hiru egun baitaramatzate telefono estaldurarik gabe. Sutearen ondorioz antenak kalteak jasan omen ditu. 

Javier Egia bera da haietako bat. Igandean bere etxetik ateratako argazkiak kazetariari erakustekoa zenean —sugarrak garbi ikusten dira irudiotan, gauaren ilunetan—, sakelakoaren pantailari begiratu, eta ziztuan erreparatu dio oztopoari. «Begira, oraindik ez dut batere seinalerik», esan du, pantailaren ertza seinalatuz. Gainera, handik gutxira kale horretatik beretik pasatutako beste bizilagun batzuen arabera, bankuekin loturiko hainbat eragiketa egiteko ere badituzte problemak. «Txartelarekin ordaindu ezinda gaude asko», kontatu du batek, hasperenka. «Pinudia erretzea gutxi balitz bezala!», erantzun dio ondokoak.

Beldurra baino gehiago, pena

Larunbat iluntzetik, larrialdi zerbitzuen joan-etorriei erne izan dira Delia Arpon Vicente eta Vicenta Lopez lagunak, zer gerta ere. 

Arpon Vicentek segituan ekarri du beldurra hitza solasera, eta aitortu du suteak loa ere galarazi diola tarteka —«beldur handia izan dut»—, nahiz eta hasieratik helarazi zioten lasaitasun mezua hari ere. Lopezek, berriz, nabarmendu du bart gauetik askoz seguruago sentitzen dela, jakinarazi zutenetik sutea egonkortua dagoela eta hari perimetroa jartzea lortu dutela. «Halere, ez naiz guztiz fio: zola bero-bero egonen da oraindik ere. Ez dakit ba...», aitortu du mesfidantzaz.

Baina suhiltzaileez bai, suhiltzaileez guztiz fio dira Lopez eta Arpon Vicente. Hori aitortu dute bi-biek, supermerkatuko atarian zirelarik. «Jainkoari eskerrak, oso prest daude guztirako, eta badakite nola jokatu», laudatu ditu Lopezek. Bestalde, nabarmendu duenez, larrialdi zerbitzuak eta zeregin horretan jarri dituzten gainerako profesionalak ez ezik —laborantzako langile ugarik hartu dute parte suteari bidea eragozteko lanetan, traktoreekin—, Zarrakazteluko herritarrak ere buru-belarri ari dira laguntzen. «Bakoitzak ahal bezala laguntzen du. Adibidez, hainbat gazte ikusi ditut ur freskoa eta izotza suhiltzaileei eramaten», kontatu du, harro. Buruarekin baietz adierazi du lagunak, eta erreparatu dion beste detaile bat azaleratu ere bai. «Dagoeneko hainbat suhiltzaile ikusi ditugu, gaixoak, ahituta». Besteak beste, Tafalla, Zangoza, Tutera, Azkoien, Cordovilla eta Lizarrako suhiltzaileak ari dira sua itzaltzeko lanetan. 

220

Zenbat hektarea erre diren Zarrakazteluko sutean. Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak plazaratutako informazioaren arabera, 220 hektarea erre dira oraingoz: haietako 182 hektareatan alepo pinua da nagusi. 

Lerro hauek idazteko orduan, suak piztuta segitzen du, ahul bada ere, eta behin sutea itzali eta gero eginen dute kalteen gaineko diagnostikoa xehea erakundeek. Edonola ere, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak plazaratutako informazioaren arabera, 220 hektarea erre dira oraingoz, eta Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Amparo Lopezek azpimarratu du ez dela inor zauritu. 

«Kontua da sute honek dagoeneko asko kendu digula», esan du Vicenta Lopezek, kopetilun. Lagunaren konplizitatea bilatu du segidan, elkarri begiratu diote segundo batez, eta, ondotik, batera kontatu dute erre den pinudia zergatik den hain inportantea zarrakazteluarrentzat. Azaldu dutenez, San Babil eguna bertan ospatzen dute urtero, erromeria batekin, urtarrilaren hondarrean. Lopez: «Txiki-txikitatik joaten gara, orain erreta dagoen bide hori hartuta. Asko bizi dugu bertan, eta horregatik diot sute honek puskatxo bat erauzi digula gutako bakoitzari». Penaz, esan dute ez direla zona horretako basoa «berpiztuta» ikusteko adina biziko. 

Erantzule bila

Amorrua ere disimulatu ezinezkoa zaie askori herrian. Astearte goizez, erlojuak 11:00k eta termometroak 29 gradu markatu dituztenean, hainbat lagun bildu dira Ernestina Irigoien Garrizen estankoan, tabakoa erostera bai, baina, bide batez, baita sutearen ingurukoez hitz egitera ere. Batik bat, sua nork piztu ote zuen dute mintzagai. Izan ere, orain arte atzemandako zantzuei erreparatuz, Nafarroako Gobernuak ondorioztatu du «giza ekintza batek» piztu zuela. Nahita edo oharkabean piztua ote den ez dute esan. 

«Sua piztu duen lotsagabeari sekulako zigorra jarriko nioke nik. Baina ez naiz kartzelaz ari, e? Joan dadila pinudira bakar-bakarrik, eta landatu ditzala suak erre dituen bezainbeste landare!». Suminez mintzo da Irigoien Garriz, tabako saltzailea. Eta, orduan, ilaran edo dendan egonean diren herritarrek iradoki diote haiek ere ados liratekeela plan horrekin. Dena dela, argi ohartarazi dute: ideiarik ere ez dute nor izan den, inork hori zertarako eginen ote zuen ere ez. 

(ID_15217283) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-08-12, Zarrakaztelu. Sutearen ingurua eta herriko jendea
Larunbatean piztutako suteak kiskalitako zona bat, gaur goizean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Herri bati gerta dakizkiokeen hondamendien artean okerrena zein ote den eztabaidan hasi dira ondoren estankoan: sua edo ura, zein ote den lazgarriagoa, oro har. Baina oraintsu sufritu dutenari bakarrik erreparatzea erabaki dute azkenerako, horrekin aski dutelakoan. Sute honek «arnasa hartzea» ere ez ote dien zailduko, hori esan du dendako ilaran azkenekoak. «Ez dakit ba Zarrakazteluren birika nola eta noiz basotuko den berriz», erantzun dio aurrerago duen andreak. Tartean isilune bat utzita, zera erantsi du gero: «Hain da tristea sua: dena txikitzen du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.