Aurkitu dute joan den ortziraletik desagertua zen Barakaldoko gizona

Etxeko garajera oinez sartzeko bidean topatu du bizilagun batek: «Lurrean etzanda, nekatuta, eta desorientazio sintomak zituela». Larrialdi zerbitzuek ospitalera eraman dute.

Ertzainak erreskate lanetan, artxiboko irudi batean. ERTZAINTZA
Ertzainak erreskate lanetan, artxiboko irudi batean. ERTZAINTZA
Iratxe Muxika
2026ko irailaren 1a
20:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agertu da Barakaldoko 77 urteko gizonezkoa. Joan den ortziraletik zegoen desagertua; zehazki, udalerri horretako Done Bikendi auzoan 16:00 aldera azkenekoz ikusi zutenetik. Eusko Jaurlaritzak kontatu zuenez, mendira zihoala erran zuen gizonak, eta ez zen etxera bueltatu. Azkeneko aldiz ikusitako ordu bertsuan aurkitu du gaur bizilagun batek gizon bat lurrean etzanda, 16:15ean, eta berehala eman die abisua larrialdi zerbitzuei.

Etxeko garajera oinez sartzeko bidean aurkitu du bizilagunak, «lurrean etzanda, nekatuta, eta desorientazio sintomak zituela», eta larrialdi zerbitzuek ospitalera eraman dute, gizona nor zen identifikatu ondotik.

Desagertua aurkitzeko lanak atzo hasi zituzten berriro: bertzeak bertze, suhiltzaileek, Gurutze Gorriak, DYAk, Babes Zibilak, Barakaldoko udaltzainek eta Ertzaintzaren erreskate eta txakur unitateak hartu dute parte bilaketa lanetan, eta larrialdiei aurre egiteko teknikari batek koordinatu ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA