Gardentasun Legeak hasi du bidea Eusko Legebiltzarrean. Apirilean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak lege proiektua, eta gaur legebiltzarreko erakundeen, gobernantza publikoaren eta segurtasunaren arloko batzordean aurkeztu du Maria Ubarretxena Gobernantza sailburuak. Joan den legealdian onartu ez zen testu bera aletu du sailburuak, edukiari dagokionez ez baitu berrikuntza bakar bat ere. Oposizioak, hain zuzen ere, Jaurlaritzari aurpegiratu dio hura hobetzeko egindako proposamen bakar bat ere jaso ez izana.
Ubarretxenak adierazi du «testua juridikoki ona» dela, «oinarri sendoak» dituela, eta horregatik erabaki dutela dagoen-dagoenean uztea. Izan ere, nabarmendu du aldatzeko aukera aztertu zutela baina ondorioztatu zutela tresnak ematen dituela gaur egungo beharrei erantzuteko. Eta azpimarratu du aurreko legealdian egindako lan «garrantzitsua» aintzat hartu nahi izan dutela modu horretan.
Bide luzea egin du Gardentasun Legearen proiektuak, hura onartzeko laugarren saiakera baita oraingoa. Ubarretxenak ez dio garrantzirik eman horri, ordea, eta azpimarratu du aurreko urteetan ere eman direla pausoak gardentasunari dagokionez. Hala ere, ohartarazi du «oraindik asko» dagoela egiteko: «Euskadik arau esparru berri bat indartu eta zehaztu behar du, zeinak aurre egingo dien desinformazioari eta demagogiari, munduan hedatzen ari diren korronte autoritario eta populistak elikatzen baitituzte».
«Euskadik arau esparru berri bat indartu eta zehaztu behar du, zeinak aurre egingo dien desinformazioari eta demagogiari»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako Gobernantza sailburua
Bide horretan, «beste tresna bat» izango da legea, Ubarretxenaren arabera, politika publiko eraginkorrak hobetzen lagunduko baitu. Hain justu ere, administrazioaren kanpoko kanala deitutakoa arautuko du, gaur-gaurkoz lege hutsune bat duena: administrazioaren eta herritarren arteko harremanei dagokiona. Barne kanala duela bi urte arautu zen, Europako eta Espainiako legeek hartara behartuta.
Ubarretxenak, bada, legearen balioa nabarmendu du, «gardentasunean aurrera egiteko tresnatzat» baitauka. Eta talde politikoei eskatu die «aukera bat» eman diezaiotela, legealdi honetan onartu ahal izateko. Ez du inoren laguntza beharrik izango, ordea, gobernua babesten duten bi alderdiek gehiengoa dutenez gero legebiltzarrean.
«Hasierako puntuan»
Atzo hil zen Pepe Mujica, eta, hain zuzen, hari aipamena eginda hasi du hitzaldia Ubarretxenak: gogorarazi du «demokraziaren defendatzaile sutsua» izan zela. Lamia Arcas EH Bilduko legebiltzarkideak ere Mujicaren ondarea balioetsi du, eta hark esandakoak eta egindakoak goretsi. Hortik aurrera, baina, desadostasunak gehiago izan dira adostasunak baino.
Izan ere, Arcasek Ubarretxenari leporatu dio testua gaurkotzeko prest azaldu arren koma bakar bat ere aldatu ez izana eta aurreko testuari egindako ekarpenak ez sartu sartu izana: «Hasierako puntuan gaude berriz». EH Bilduko legebiltzarkideak «errespetu faltatzat» jo du hori, datozen asteetan eta hilabeteetan aditu batzuek «bigarren edo hirugarren aldiz» hitz egin beharko dutelako lege beraren inguruan legebiltzarrean.
Halaber, testuak «gutxieneko batzuk» betetzen baditu ere, baditu hobetu beharreko atalak, koalizio subiranisten ustetan. Parte hartzeari buruzkoa, esaterako, «eznahikoa» dela uste du, herritarrei eta adituei are gehiago zabaldu beharko litzaieke eta. Horrez gain, iritzi dio gehiago findu beharko litzatekeela interes taldeen jarduna arautuko duen atala ere.
Arau hausteei edo praktika txarrei dagokienez, Arcasek azpimarratu du beharrezkoa dela salatzailea babestuko duen komunikazio bide bat sortzea. «Punturik eztabaidagarriena izango da hori», ohartarazi du. Izan ere, legean jasotzen da Gardentasunaren Euskal Agintaritza arduratuko dela horretaz, organo independente gisa, baina Jaurlaritzaren ardurapean egongo da. Hori dela eta, uste du «interes gatazkak» sortuko direla.
PPk ere puntu horretan egin du azpimarra. Ainhoa Domaika legebiltzarkideak proposatu du Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren arduraduna ez dezala Jaurlaritzak izenpetu, legebiltzarrak baizik, Arartekoarekin egiten den moduan. Zehaztu duenez, agintaritzak «inpartziala» izan behar du, eta arau hausteak izatean isunak ezartzeko ahalmena izan behar du. PPk, hala ere, ontzat jo du legea onartzeko Jaurlaritzaren ekimena, berandu eta aldaketarik gabe eginda ere.
Sumarrek ez du ordezkaririk batzordean, eta, beraz, ez du zuzenean parte hartzen eztabaidan. Izan ere, talde mistoko kideek banatuta dituzte legebiltzarreko batzordeak.
Legea soilik ez da aski
Eusko Jaurlaritza babesten duten bi alderdiek ere begi onez ikusten dute lege proiektua. Testua «ona, erreala eta zehatza» dela azpimarratu du Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak. «Helburua da arau esparru on bat eraikitzea, informazioa eskuratzeko eskubidea bermatuko duena. Baina, batez ere, euskal gizartean kultura politiko berri bat sustatzen laguntzea», adierazi du Blasik.
EAJko legebiltzarkide Xabier Barandiaranek ere azpimarratu du proiektuak «marko egoki bat» jartzen duela eztabaidarako, eta nabarmendu du helburuak «ondo jarrita» daudela, testuaren bidez «salto bat» egiten delako gobernuak informazioa emateko duen betebeharrean. Hala ere, ohartarazi du legea ezartze hutsak ez duela hobetuko gardentasuna: «Gardentasuna hobetzen da baldin eta herritarrek erakundeetan konfiantza baldin badute; horrek izan behar du lege honen oinarria».