Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate sailburuaren eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen artean liskar giroa izan da nagusi azken asteotan, baina bazirudien egoera hobetzeko bidean zela. Klaustroak gaur egindako bileran, ordea, adierazpen bat onartu du kide gehienen babesa lortuta: haien ustez, Jaurlaritzak unibertsitate publikoari ematen dion dirua «ez da inolaz ere nahikoa egiturazko beharrei aurre egiteko». Hori dela eta, «finantzaketa nabarmen handitzeko» eskatu diote Jaurlaritzari, «unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jarri ordez».
Unibertsitate publikoak bere potentzialtasun osoa garatzeko baliabide falta «endemikoa» dela adierazi du EHUko klaustroak: «Krisi ekonomikoek unibertsitate publikoa ere kolpatu dute, baina, beste arlo eta eragile batzuekin gertatu ez den moduan, unibertsitate publikoak ez du jaso beharrezko arreta. Eta hala da oraindik ere».
«Krisi ekonomikoek unibertsitate publikoa ere kolpatu dute, eta ez du jaso beharrezko arreta. Eta hala da oraindik ere»
EHUko klaustroa
Azken urteetan aurrekontua zertxobait handitu dela aitortu dute, baina diru horrek «EHUk aspaldidanik arrastaka daraman zorrari aurre egiteko baino ez du balio izango», haien ustez. Aldeko 83 botorekin, kontrako hamabostekin, 21 abstentziorekin eta boto baliogabe batekin onartu dute adierazpena.
Diskriminazioa eta prekaritatea
Langileen egoerari dagokionez, «gabeziak, disfuntzioak, diskriminazioa eta prekaritatea» mantentzen dira: «Lantaldea ez da nahikoa zerbitzu eta sail batzuetan, eta EHUko irakasleek eta ikertzaileek eta kudeaketako, administrazioko eta zerbitzuetako langileek nabarmen galdu dute erosahalmena azken bi hamarkadetan; alegia, kolektibo eta kategoria guztietan %20tik gorakoa izan da galera», EHUko klaustroak adierazpenean azaldu duenez.
Gainera, ikertzaileen soldatak osatzeko 2006an martxan jarritako ordainsari osagarriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak «oztopoak baino ez» dituela jarri salatu du EHUko klaustroak. Zehaztu dutenez, besteak beste, «deialdi batzuk ez dira atera, deialdien ebazpenak sistematikoki berandutu dira ordainketa urtebete atzeratzeko, eta diru kopurua ez dute 2006tik eguneratu».
Arduraldi partzialeko ordezko irakasleen soldatak ere prekariotzat jo ditu: «Klase eta tutoretza orduez gain egindako aktibitateak ez zaizkie ordaintzen».
«Badaude lan baldintza hobeen bila beste erakunde batzuetara joaten diren langileak. Horren adibide nabarmenena osasun zerbitzua da»
EHUko klaustroa
Bitartean, «gainkarga» duten zerbitzu batzuetan teknikari gehiagoren beharra dagoela uste dute klaustrokideek, «unibertsitatearen eguneroko funtzionamendua hobetzeko». Ohartarazi dutenez, «badaude lan baldintza hobeen bila beste erakunde batzuetara joaten diren langileak». Horren adibide nabarmenena osasun zerbitzua izango litzateke.
Gainera, egoera horrek ondorio negatiboak ditu irakaskuntzan beran ere, EHUko klaustroak adierazpenean azaldu duenez. «Gero eta ohikoagoa da irakasgairen bat irakaslerik gabe geratzea edota behar bezala ikertzeko teknikaririk aurkitu ezinik ibiltzea».
Europako kopuruetatik urrun
Eusko Jaurlaritzak 2025eko aurrekontuetan EHUri eman nahi dion diru saila EAEko 2024ko BPGren %0,41 izan da; 402,8 milioi euro 98.289,8 milioitik, alegia. Klaustroak salatu duenez, ehuneko hori «oso urrun» dago Europako beste estatu batzuek hezkuntza unibertsitario publikoan jartzen duten kopurutik, baita Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak planteatzen duen helburutik ere: lege horren arabera, 2030erako BPGaren %1 jarri beharko litzateke unibertsitate publikoak finantzatzeko.
«Gutxieneko helburu horretatik oso urrun gaude, eta, entzundako eta irakurritako adierazpenenak kontuan izanda, ez du ematen Eusko Jaurlaritzak ekarpen hori betetzeko asmorik duenik».
Bestalde, errektoretza taldeak 2026rako premien txostenaren berri eman dio klaustroari. Atzo goizean, Bengoetxea errektoreak eta bere taldeak txostenaren ildo nagusiak aurreratu zituzten prentsaurrekoan, eta, jakinarazi zutenez, 192 milioi euroko inbertsioa ezinbestekoa izango da unibertsitatearen «degradazioa» saihestu nahi bada.
Erlazionatuta