Aurrekonturik onartu ezean bozetara deitzeko exijitu dio EAJk Sanchezi

Maribel Vaquero eledunaren esanetan, jeltzaleen «fedea» amaiarazten ari da Espainiako gobernuburua. Sanchezek motz erantzun dio, eta esan hitz egiteko prest dauden alderdiekin negoziatuko dutela.

Maribel Vaquero, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. EFE
Maribel Vaquero, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. EFE
Iosu Alberdi.
2026ko ekainaren 17a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk Espainiako Kongresuan duen eledun Maribel Vaquero zuzenean mintzatu zaio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: «Aurrekontuak zure betebeharra dira, baina horiek onartzeko moduko akordiorik lortzen ez baduzu ganbera honetan, desegin ezazu, eta deitu hauteskundeetara». Hau da, azken asteetan egin bezala, hauteskundeetara deitzeko eskaera egin dute gaur ere, baina hura aurrekontuen negoziazioarekin lotuta.

Sanchezek aurrekontu proiektu bat aurkezteko «konpromisoa» azaldu zuen hilabete hasieran, baina zalantzan dago horiek aurrera ateratzeko beharrezko botoak lor ote ditzakeen. Esaterako, EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek berak esan zuen ez dela «oso optimista» auzi horri dagokionez. Hain zuzen, jeltzaleen babesa beharko luke Sanchezek aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina baita JxCrena eta Podemosena ere, besteak beste. Kataluniako alderdi horri dagokionez, hartako kideak hauteskunde deialdi baten aldeko mozio bat aurkezten saiatu dira aste honetan bertan, baina Kongresuko Mahaiak atzera bota du. Hala, jeltzaleek uste dute gobernuak galdua duela Moncloara eraman zuen gehiengoa.

Hori guztia kontuan izanda, EAJk jakin nahi du Moncloaren borondatea «benetakoa» ote den, eta Vaquerok zuzenean galdetu dio auziaz gobernuburuari. «Hiru urte daramatzagu itzulinguruka», gogoratu dio. Izan ere, akordiorik eza eta PSOErekin lotutako auzi judizialak direla medio, jeltzaleak Espainiako Gobernuarengan duten konfiantza higatzen ari da, eta azken asteetan egindako adierazpenetan nabarmendu egin da ezinegon hori. Hain zuzen, Vaquerok berak esan du «amaitzen» ari dela gobernuarengan zuten «fedea». «EAJk elkarrizketan, negoziazioan eta itunetan sinesten badu ere, gure prestasuna erresistentzia proba batean dabil egunero», zehaztu du.

Halere, Vaquerok ez dio atea itxi negoziazio prozesu bat egiteari. Horretarako baldintzak jarri ditu, ordea. «Negoziazio bat abiatu nahi badu benetan, elkarrizketaren bidez egin beharko du, eta egungo errealitatetik abiatuta, testuinguru politikoa eta ekonomikoa aldatu egin baitira». Gehiengo faltaz gain, PSOErekin eta Sanchezen inguruarekin lotutako auzibideak daude tartean, besteak beste.

Sanchezen erantzuna laburra izan da, eta zehaztasun handirik gabea. Haren esanetan, hitz egiteko prest dauden talde parlamentarioekin negoziatuko du koalizio gobernuak, eta, elkarrizketa horien bidez, «anbizio soziala, eraldaketa energetiko eta digitala, eta zorroztasun fiskala» uztartuko dituzten aurrekontu batzuk osatzen saiatuko da.

«Ordena»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ere hitz egin du Espainiako Gorteetarako bozak aurreratzeko aukeraz. Auzi horretaz galdu zioten bart ETBn egindako elkarrizketetan, eta erantzun zuen legealdiak aurrera egiteko «arrazoiak eta zentzua» izan behar dituela, eta gehitu zuen horretarako «ordena» behar dela: «Garrantzitsua da, gobernu bat dagoen bitartean, eta badago, gobernuak gobernatzea, eta ez besterik gabe eustea». Halere, gogoratu du Sanchezi berari dagokiola hauteskundeetarako deia egitea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE