Erabat doakoa, dirurik aurreratu eta mailarik gainditu beharrik gabe. Euskal Herri osoan. Finean, horixe da, AEKren irudiko, euskara ikastea doan izatea, Maialen Begiristain (Altsasu, Nafarroa, 1993) AEKren Nazio Kontseiluko ordezkariaren esanetan. Uste du badagoela zereginik.
Ikusi gehiago
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, pixkanaka, ari dira euskara ikastea doakoa izateko bidea egiten. AEK-k zer balorazio egiten du?
AEKtik oso era positiboan baloratzen ditugu azken urteotan egin diren urratsak; aurrerapausoa dira doakotasunera bidean, eta uste dugu pizgarri izan daitezkeela euskaratik urrun bizi diren herritarrentzat, baina ez dira nahikoa. Gainera, ikusten da neurriek EAEn eragina izan dutela: AEKn, 2024-2025eko ikasturtean, ikasle kopurua %22,76 igo da hasierako mailetan. Nafarroan, 2025-2026ko ikasturtean lehen aldiz A1en aurreratuko duten diruaren %100 berreskuratu ahalko dute ikasleek; hala ere, azpimarratu behar da Nafarroan bestelako diru laguntza batzuk ere behar direla; adibidez, Nafarroako Ager deituriko eremuan, euskara ikasleek Errigora bekaren laguntza ezinbestekoa dute euskalduntzeko.
Izan ere, argi utzi duzue: euskara ikastea ez da doakoa.
Ez. Gure ustez, euskalduntze prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da. Euskal Herri osoan doan izan behar du, eta ikasle bakoitzak gutxienez A0 mailatik C1era 2.000 ikastorduko poltsa bat eduki behar luke, horretarako dirurik aurreratu gabe eta ikasmaila ezinbestean gainditu behar izanik gabe, eskoletara bertaratzea %75etik gorakoa izatea eskatuta. Ezin dugu onartu ikasleek kopuru desberdina ordaindu behar izatea bizi diren lekuaren arabera. Adibidez, Gipuzkoan, Errenterian, doan dute langabetuek, gutxieneko soldatara iristen ez direnek, diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenek, A1 edo A2 egin nahi dutenek eta C1 egin nahi duten 16-18 urte bitartekoek, eta %20 soilik ordainduko dute gurasoek, pentsiodunek eta etorri berriek.
AEK-k esana du: euskara ikasteak doakoa eta irisgarria izan behar du. Zer dago egiteko?
Herritar guztiek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa; orduan, euskara ikasteak doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat; horrek esan nahi du lan eremuan liberazioak eskaini behar direla, lan eremua euskaldundu behar dela, egoera prekarizatuenean daudenak kontuan hartu behar ditugula horrelako diru laguntzak eta doakotasuna sustatzeko orduan... Horrez gain, uste dugu informazioa zabaldu behar dela, irisgarri egin behar dela. Datuek erakusten digute ikasle potentzial askok ez duela informazio nahikorik. Azkenik, oraintxe, ikasleek diru laguntzak jasotzeko ate joka ibili behar dute: HABE, Nafarroako Gobernua, beraien udala, beraien mankomunitatea... Uste dugu prozesu hori guztia erraztu egin behar zaiela. Horren kudeaketarako, beraz, leihatila bakarra izatea behar dugu.
«Herritar guztiek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa; orduan, ikasteak doakoa izan behar du»
Azkenaldian, gainera, bereziki erreparatu zaie atzerritik etorri berriei. Ikasle zaurgarrienen kasuan, aparteko garrantzia izango du euskaltegietan doan ikasi ahal izateak, ezta?
Bai, noski. Gero eta etorkin gehiago ari dira gurera etortzen, eta, gainera, inkesten arabera, euskara ikasteko prest daude, baina, askotan, prestasun hori ez da nahikoa. Zaurgarriei dagokienez, dirurik aurreratu beharrik ez izateak garrantzi handiagoa du. Adibide bat: Gasteizen, A1en, 335 orduko ikastaroa egin nahi duen ikasleak 454 euro aurreratu behar ditu. Ikasleak hasieran esfortzu handia egin behar du, dirua aurreratu —nahiz eta gero bueltan jasotzeko aukera izango duen—, eta aukera hori ez dago guztion esku: ikusten dugu ikasle zaurgarrienek zailtasunak dituztela diru hori aurreratzeko.