Zenbat ordaindu behar da euskara ikasteko?

Laguntzak egonagatik ere, Euskal Herrian ordaindu egin behar da euskara ikasteagatik. Prezioa aldatu egiten da lurraldez lurralde eta herriz herri, baita laguntzak eta horiek jasotzeko bete beharreko baldintzak ere.

Euskaltegi bateko arbela, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskaltegi bateko arbela, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pertsona batek erabaki du: «Euskara ikasiko dut». Joango da euskaltegira eta... ordaindu beharra dago. Prezioa, zenbaitentzat, oztopoa izango da; beste batzuentzat, murrua. Egongo da ahalegina egin eta ordainduko duenik. Egongo da ezingo duenik.

Egun Euskal Herrian euskara ikastea ez baita doakoa, ezta gutxiago ere. Nahi duen ororentzat, zabalik dago matrikulazio epea, eta laguntzak egon badaude: Eusko Jaurlaritzarenak, Nafarroako Gobernuarenak, enpresenak, Errigorarenak, foru aldundienak, udalenak... Baina nahas-mahasa ez da nolanahikoa: ikasle batzuek dirua aurreratu behar dute, eta beste batzuek ez; laguntza batzuk bateragarriak dira, eta beste batzuk ez; batzuetan, dirua bueltan jasotzeko, maila gainditzea eskatzen dute, eta beste batzuetan ez... 

Hots: euskara ikasleak, zer herritan bizi den, prezio bat edo bestea ordaindu beharko du, baldintza batzuk edo besteak bete beharko ditu. Beraz, ez da erraza zehaztea euskaltegi batean euskara ikastea zenbat kostatzen den. Hurrengoa saiakera bat baino ez da. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzak hartu dira kontuan; izan ere, herritar guztientzat orokorrak horiek dira. Ipar Euskal Herrian, EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak ikastaro trinkoetarako laguntzak baino ez dituzte ematen, ez euskaltegiko ohiko ikastaroetarako. Euskal Herriaren luze-zabalean udalek, mankomunitateek, enpresek eta beste hainbat erakundek ere badituzte laguntzak, baina tokian-tokian daude eskura. 

1

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasleek bi bide dauzkate laguntzak jasotzeko. Batetik, maila batzuetan, matrikula bera murrizten dute, eta gutxiago ordaindu behar dute ikasturte hasieran. Bestetik, ordaindutakoaren zati bat edo ordaindutako guztia ikasturte amaieran bueltan jasotzeko aukera dago, maila gaindituz gero.

Eusko Jaurlaritza orain hiru ikasturte hasi zen doakotasunerako bidea urratzen, ikasleek ikasturte hasieretan diru gutxiago aurreratu behar izateko modua ematen. «Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa lortu nahi du, eta hizkuntzaren ezagutzan sakontzea ezinbestekoa da. Horregatik, doakotasun politikaren alde egiten dugu», berretsi du orain Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzak. Lehenengo, C1 ikastaroa egin nahi zuten 16-18 urte bitartekoekin hasi ziren; gero, A1 mailarekin, eta aurten, estreinakoz, A2 mailarekin. Jaurlaritzaren arabera, «ia doakoa» da matrikula ikastaro horietan. Baina zer da ia doakoa?

AEK da Euskal Herriaren luze-zabalean euskara eskolak ematen dituen bakarra. Jaurlaritzaren datuen arabera, doakotasunaren alde egindako apustuaren ondorioz, ikasleek 0,6 euro ordaindu beharko dute ordua. Berrehun ordutarako ematen dute laguntza A1ean, eta 165 orduko bi poltsa ematen dituzte A2rako; denera, beraz, 330 ordu. Beraz, ideia bat egiteko, AEK-ko datuak kontuan hartuta, hau litzateke egoera: A1 mailan, herri batean 330 orduko ikastaro bat egiteko, 390 euro aurreratu beharko ditu ikasleak, eta hiri batean, 441. Dena dela, A2ko poltsetako bat eska dezakete A1erako, eta, horrenbestez, 198 euro ordaindu beharko lituzkete.

bi adibide

 
390

Prezioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Jaurlaritzaren laguntzarekin, AEKn A1eko 330 orduko ikastaro bat egin nahi duen ikasleak 390 euro aurreratu beharko ditu herri batean, eta hiri batean, 441; ikasturte bukaeran, bueltan jasotzeko aukera izango du, zenbait baldintza beteta.

765,6

Nafarroa Nafarroan, AEKn edozein ikastarotan izena ematea 765,6 euro kostatzen da, Euskarabidearen laguntzak aintzat hartu gabe.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri batean, laguntzarik gabe, 686,4 euro kostatzen da A1eko edo A2ko 330 orduko —astean hamar ordu— ikastaro bat AEKn; hirietan, 815,1 euro. Gainerako mailetako ikastaroek ere prezio berbera dute, C2koek izan ezik: horiek 718 euro kostatzen dira.

Euskaltegi publikoetan, gutxi gorabehera 1,3 euro kostatzen da ikastaro baten ordua, Jaurlaritzaren arabera. Alegia: orain arte, ikasleari 429 euro kostatuko zitzaion 330 orduko ikastaroa; orain, 289 euro. Horiek ere badute aukera A2ko poltsetako bat aurreratu eta 198 euro ordaintzeko.

Badago alderik iazko deialdiarekin konparatuta, murriztu egin baitira laguntza batzuk: iaz, A1 mailan, 330 ordu zeuden diruz lagunduta —orain, berrehun—, eta C1 maila atera nahi zuten 16-18 urteko gazteek 0,2 euro ordaindu behar zuten orduko —orain, 0,6 euro—.

Maila bakoitzeko laguntza behin baino ezin da eskatu. Edozein motibo tarteko ikasleek euskaltegia uzten badute, hurrengo ikasturtean ez dute berriz laguntza eskuratzerik izango, maila berean izena emanda behintzat. Gainera, badago beste irizpide bat: laguntza jaso ahal izateko, ikasleek lau eskola ordutik hirura joan behar dute gutxienez; bestela, Jaurlaritzari laguntzaren dirua itzuli beharko diote.

Eta ikasturte amaieran, zer? Maila gaindituz gero, Eusko Jaurlaritzak dirua osorik itzultzen du A1etik B2 mailara. C1 mailan, 16-30 urteko ikasleek diru guztia jasoko dute bueltan, maila egiaztatuz gero, eta 30 urte baino gehiago dituztenek, matrikularen «zati bat». Matrikularen «zati bat» itzultzen diete C2 maila egiaztatzen dutenei ere.

2

Nafarroa

Nafarroako Gobernuak apustua egin berri du euskara ikastea doakoa izaten hasteko: aurten, lehenengoz, %100erainoko laguntzak emango dituzte A1 maila egin nahi duten ikasleentzat. «Saiatuko» diren arren laguntzak %100ekoak izaten, Euskarabideak ez du hori erabat ziurtatu: «Denentzat aski dirurik ez badago, banaketa egin beharko dugu». Azaldu dute hori gerta daitekeela matrikula kopurua «asko» igoz gero, beraien kalkuluen gainetik alegia. Beraz, A1 maila ikasi nahi duen batek matrikula ordaindu beharko du, eta bueltan osorik jasoko du, printzipioz behintzat. Hortik aurrerako mailetan, Euskarabideak ikasturte hasieran ez du laguntzarik ematen: derrigorrean ordaindu behar dute ikasleek matrikula. Behin ikasturtea amaituta, ordu kopuruaren araberakoak dira laguntzak, baina, gehienez ere, 475 eurokoak izango dira; beraz, ikasleak ez du ordaindutako diru guztia bueltan jasoko. Honatx baldintzak: gutxienez 16 urte beteta edukitzea eta eskola orduen %80ra behintzat joatea.

Beraz, zenbat ordaindu behar du ikasturte hasieran Nafarroan euskara ikasi nahi duen pertsona batek? AEKren datuak erreferentzia gisara hartuta, Euskarabidearen laguntza horiek gabe, 765,6 euro kostatzen da 330 orduko ikastaroan izena ematea, maila guztietan. Euskaltegi publikoei dagokienez, Nafarroan, bat eta bakarra dago: Zubiarte, Uharten. Astean bi eguneko ikastaroak 90,64 euro balio du ikasle berrientzat, eta 65,44 noiz edo noiz euskaltegian izena emanda egon direnentzat; maila guztietako ikastaroek prezio berbera dute. Horietaz gainera, IKAk ere badu euskaltegi sorta bat Nafarroan. Astean zortzi orduko ikastaroak —denera, 262 ordu— eskaintzen dituzte: A1etik B2ra artekoek 530 euro balio dute; C1ekoek eta C2koek, 600.

3

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian, bi ikastaro mota eskaintzen ditu AEK-k euskaltegietan: 192 orduko ikastaroak —388 euro kostatzen dira, eta prezio murriztua 342 eurokoa da— eta 96 ordukoak —prezio arrunta 285 eurokoa da; murriztua, berriz, 240 eurokoa—. Zer da prezio murriztua? AEK-k zehaztutako irizpide bat da; horren arabera, gutxiago ordaintzen dute zergarik pagatzen ez dutenek; alegia, zergak ordaintzeko soldata txikiegia dutenek eta langabezian daudenek.

Laguntzei dagokienez, EEPk eta Euskal Hirigune Elkargoak euskara ikasteko laguntzak ematen dituzte, baina ikastaro trinkoetarako bakarrik —astean gutxienez 30 ordukoak eta zenbait hilabete irauten dutenak—. Haatik, euskaltegietako ikasleek badute euskara ikastea merkeagoa izateko modu bat: A2 mailatik aurrera, langileek CPF kontua baliatu dezakete. Langile guztiek kontu horretan diru bat pilatzen dute formakuntzetan erabiltzeko, besteak beste euskara ikasteko. Poltsa horretan pilatzen duten diruaren arabera —lanaldiaren eta soldataren araberakoa da—, gehiago edo gutxiago ordainduko dute euskara ikasteagatik. Gainera, aurten, badago beste muga bat: langileak ehun euro ordaindu behar ditu CPF kontua baliatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.