Aurrerapausorik ezean, mobilizazioei eutsiko diete Bizkaiko zahar etxeetako langileek

ELAk deituta, Bilbon, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean egin dute elkarretaratzea, lan baldintzen negoziazioen «blokeoa» salatzeko.

Bizkaiko zahar etxeetako langileak Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. ELA
Bizkaiko zahar etxeetako langileak Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. ELA
14789412 kepa
2026ko uztailaren 21a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginen lan baldintzak hobetzeko negoziazioetan aurrerapausorik lortu ez dutela salatu du ELA sindikatuak, eta egoera horren erantzule jo ditu Bizkaiko Foru Aldundia eta patronalak. Horrenbestez, mobilizazioei eusteko asmoa iragarri dute: negoziazio mahaiaren bilkuran aurrerapauso esanguratsurik ez bada, protestak areagotuko dituztela ohartarazi du ELAk.

ELAk deituta, Bilbon, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean egin dute elkarretaratzea lurraldeko zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Orain arte, seitan bildu da negoziazio mahaia, lan hobekuntzak adosteko asmoz. Baina, ez dute oraindik aurrerapausorik lortu, sindikatu horrek gaitzetsi duenez.

Besteak beste, lan gainkargari eta langile faltari erantzuteko neurriak eskatu dituzte beharginek, «horiek baitira langileen osasunean eragin larria izaten ari diren funtsezko elementuak». ELAren arabera, horixe bera islatzen dute Osalani aurkeztutako arrisku psikosozialen ebaluazioek. Atzo bildu ziren berriro ELAk eta Osalanek.

Eskakizunak

Gaurko elkarretaratzean, «egiturazko prekaritatea» salatu dute: «%42ko behin-behinekotasun tasa ematen ari da, eta lanaldi partzialeko kontratuak dira ohikoenak», nabarmendu du ELAk. Sindikatuak zera eskatu du: kontratu horiek egonkorrak eta lanaldi osokoak egin ditzatela, eta antzinatasuna osorik aitor dezatela. Horretaz gain, zerbitzuak publiko egitea eskatu dute, eta haien soldatak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen menpekoak diren egoitzetako langileen soldatekin parekatzea.

Era berean, ELAk patronalen jarrera kritikatu du, uztailean beste negoziazio bilera bat egiteari uko egin ziotelako. «Erabaki horrek agerian uzten du ez dagoela borondaterik lan baldintzak hobetzeko, eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko», deitoratu dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA