Aurretiazko borondateak, norberaren bizitzaren lemari eusteko

Hainbat lekutan hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen dituzte aurretiazko borondateen agiria zer den azaltzeko. Bilboko Zazpikaleetako osasun zentroan euskaraz eskaintzen dute zerbitzu hori.

Unai Campo eta Amaia Bilbao, Zazpikaleetako osasun zentroan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Unai Campo eta Amaia Bilbao, Zazpikaleetako osasun zentroan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta ugariagoak dira jaso nahi duten osasun arreta planifikatuta uzten duten herritarrak, jakinda irits daitekeela egoera bat non euren nahia adieraztea ezinezkoa izango zaien. Aurretiazko borondateen agiria izaten da horretarako tresna; dokumentu horretan, herritarrak adierazten du zein den bere borondatea, borondate hori errespetatua izan dadin konortea galtzen badu, buruko gaixotasun batek hitz egitea galarazten badio edo antzeko beste egoeraren bat gertatzen bada. Baina oraindik asko dira horri buruzko informaziorik ez duten herritarrak, zalantzak dituztenak, edo auziari uzkur begiratzen diotenak.

Horregatik, udaltegi, gizarte etxe eta osasun zentro askotan informazio kanpainak, hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen dituzte, aurretiazko borondateen agiria zer den azaldu, zalantzak uxatu eta, nahi izanez gero, herritarrei laguntzeko dokumentua osatzen. Bilboko Zazpikaleetako osasun zentroan, esaterako, zerbitzu hori euskaraz eskaintzen dute, eta Amaia Bilbao medikuak (Bilbo, 1994) eta Unai Campo erizainak (Bilbo, 1995) denbora daramate jardunbide horretan.

Aurretiazko borondateen agiriaren bidez, pazienteak adierazten die osasun langileei zeintzuk diren bere erabakiak osasunaren inguruko zenbait arlotan, «egoera jakin batzuetan ezin badu borondate hori azaldu». Zehaztapen hori nabarmendu nahi izan du Bilbaok: «Pertsona bat egon daiteke bizitzaren azken fasean eta, hala ere, guztiz kontziente eta bere borondatea adierazteko moduan egon; borondate hori adierazi ezin den egoeretarako bakarrik balio du dokumentuak».

Agiri horren bidez, pazienteak idatziz utz dezake zein den bere borondatea osasunaren inguruko zenbait ataletan: zainketa aringarrien arloan, eutanasiaren inguruan, zer tratamendu nahi duen eta zein ez, ospitalean baino etxean hiltzea nahiago ote duen, organoak eman nahi ote dituen eta abar.

«Agiriak bermatzen du nork bere erabakiak hartzeko gaitasuna izatea bere bizitzaren momentu guztietan, nahiz eta, egoera jakin batzuetan, borondate hori zein den ezin adierazi», azaldu du Campok.

«Osasungintzan ama hizkuntza erabili ahal izateak enpatia puntu bat eman eta hurbiltasuna sortzen du»

UNAI CAMPO Erizaina

«Duintasunarekin» eta «pazientearen autonomiarekin» lotzen du prozesu hori Bilbaok: «Gure bizitzaz erabakitzea beti da positiboa, eta sentitzea kontrolpean dugula egoera bat, agian etorkizunean kontrolatu ezin izango duguna. Baina, halaber, erabaki batzuk aldez aurretik hartzea bada modu bat familiari eta zaintzaileei laguntzeko, haiek zora ez daitezen gure izenean erabakitzen». Bat dator horretan Campo ere; dioenez, «gertukoak zaintzeko» modu bat ere bada borondateak aurretiaz adieraztea: «Ingurukoak asko lasaitzen ditu horrek».

Bide askotatik

Jendea bide askotatik iristen da Zazpikaleetako osasun zentroak antolatutako ikastaroetara. Batzuek esperientzia txarren bat izan dute inguruan, gertatu zaielako gertuko norbait egoera horretan paratzea aurretiazko borondatea adierazi gabe; beste batzuei kontrakoa jazo zaie, eta bertatik bertara ikusi dituzte aldez aurretik agiria izenpetu izanaren abantailak. Badaude gaixotasun baten ondorioz ikastaroa egitea erabaki dutenak, edo agiriaren berri izan dutenak lagun baten bidez edo prentsan irakurrita.

«Erabaki batzuk aldez aurretik hartzea bada modu bat familiari eta zaintzaileei laguntzeko»

AMAIA BILBAO Medikua

Gabri Lopezek (Bilbo, 1982) beti izan du buruan bere borondatea idatziz adierazteko komenigarritasuna: «Inor ez gaude salbu; batek daki etorkizunean zer gertatuko den. Nik, adibidez, ez dut nahi nire bizitza modu artifizialean luzatzea ez badu merezi, eta uste dut ez dagoela txarto hori aldez aurretik garbi uztea, badaezpada ere». Lagun batek eman zion agiriari buruzko ikastaroaren berri, eta horrek bultzatu zuen izena ematera, baina, dioenez, beste pizgarri bat ere izan zuen: «Gure ama irailean hil zen; ez zuen sufritu, baina orduan ikusi nuen zer garrantzitsua den zer nahi duzun idatzita lagatzea».

Zazpikaleetako osasun zentroa aspalditik ari da gaiari buruzko ikastaroak antolatzen, baina iazko martxoan hasi ziren ikastaro horiek euskaraz eskaintzen, eta orain arte bost talde osatu dituzte. Lopezek aitortu du hori ere izan zela izena ematera bultzatu zuen arrazoietako bat: «Nik printzipioz adierazita daukat Osakidetzan arreta euskaraz jaso nahi dudala, baina badakit hori ez dela beti betetzen; nik batzuetan komeriak izan ditut euskarazko arreta lortzeko. Hemen bazegoen aukera hori, eta, egia esateko, talde polita batu gara».

Bilbaok dioenez, «harrera ona» izan du eskaintzak: «Zazpikaleak Bilboko auzorik euskaldunenetako bat da, eta beharra ikusi genuen, baina Bilboko gainerako auzoetakoek ere badute aukera ikastaroa euskaraz eskatzeko, eta, hala eginez gero, hona bideratzen dituzte». Hori izan zen Lopezen kasua: Uribarrin eman zuen izena, eta Zazpikaleetan egiten ari da ikastaroa. Camporen ustez, «osasungintzan ama hizkuntza erabili ahal izatea» beti da positiboa: «Nik beste lurralde batzuetan ere egin dut lan, eta argi ikusi dut hizkuntzak enpatia puntu bat eman eta hurbiltasuna sortzen duela».

Ikastaroak bi saio izaten ditu: lehenengoa «teorikoagoa» da, «agiria zertan den azaldu eta zalantzak argitzeko», Bilbaok dioenez, eta bigarrenean, berriz, agiria betetzen dute eta horri balio juridikoa ematen diote. Lopezek egina du lehenengoa, eta erabakita dauka bigarrenean agiria euskara hutsez beteko duela: «Batzuek nahiago dute euskaraz eta erdaraz egitea, badaezpada, baina euskarazkoak erabateko balio juridikoa du, eta hori izango da nire aukera».

«Nik ez dut nahi nire bizitza modu artifizialean luzatzea ez badu merezi, eta uste dut ez dagoela txarto hori aldez aurretik garbi uztea»

GABRI LOPEZ Ikastaroa egindako herritarra

Emaitzarekin pozik dago Lopez: «Sentsazio onaz atera nintzen handik. Ez dakit zergatik, baina nik pentsatzen nuen prozesua luzeagoa eta konplikatuagoa izango zela, baina askoz sinpleagoa izan da dena, eta ezusteko atsegina izan da hori». Campok ere ontzat jotzen du orain arte egindakoa: «Dudak argitzea, sortzen den dinamika eta eroso sentitzen garen hizkuntzan egin ahal izatea oso positiboa da, langileontzat ere bai; neu behintzat oso pozik nago».

«Hori ere bada Lehen Arreta», erantsi du Bilbaok. «Ez da bakarrik pazienteak artatzea edo txertoak jartzea; ekinbide komunitarioak egitea ere bada gure lanaren parte bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.