Aurrez aurre egongo dira gaur arrazakeriaren aurka eta «Ceutaren alde» deitutako elkarretaratzeak

UPNk, PPk eta Voxek elkarretaratzera deitu dute 20:00etan, zenbait udaletxeren aurrean, eta, ordu berean, protestak egingo dituzte Ceutaren alde ei diren mobilizazio horiek arrazistak eta eskuin muturrekoak direla uste duten taldeek.

Protesta bat Ceutan, egunotan, milaka migranteren etorrerak eragindako egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. RADUAN / EFE
Protesta bat Ceutan, egunotan, milaka migranteren etorrerak eragindako egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. RADUAN / EFE
xabier martin
2026ko irailaren 2a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNk, PPk eta Voxek elkarretaratzeak antolatu dituzte gaurko, Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrean, Ceutako hiriari babesa agertzeko helburuz. Hainbat alderdik eta gizarte taldek salatu dutenez, ordea, Espainian azken asteetan hedatu den giro arrazista eta eskuin muturrekoarekin bat egiten dute elkarretaratze horiek. Haien ustez, Espainiako Gobernua ataka are larriagoan jartzeko saio bat da, Pedro Sanchez presidentearen aurkakoa.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak helarazi du sei elkarretaratzeren berri eman diotela bere Sailari, eta PPk deitu dituela horietako hiru: Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hain zuzen. «Ez da kasualitatea», Zupiriak Radio Euskadin esan duenez. Sailburuak Ceutako gertakariak «politikoki erabiltzeko ahalegina» salatu du, baina azaldu du Segurtasun Sailak ezin dituela debekatu. Haren arabera, denek dute «manifestatzeko eskubidea», eta eskubide hori bermatu behar du. Bada, arrazakeriaren aurkako zenbait taldek ere mobilizazioetara deitu dute elkarretaratze horien aurka.

Talkak gertatzeko arriskua dagoela aintzat hartuta, Zupiriaren sailak lau elkarretaratzeren lekuak aldarazi ditu, arrazakeriari aurre egiteko mobilizazioen kokapena, hain zuzen. Zein izan den irizpidea lekua aldatu behar duten protestak aukeratzeko? Zupiriak esplikatu du mobilizazioaren berri lehenik emandakoak direla jatorrizko kokapenean geratu direnak.

Arratsaldeko zortzietan

Eusko Jaurlaritzak uste du ezin dela bermatu segurtasuna baldin eta Ceutaren aldeko elkarretaratzeak eta arrazakeriaren aurkakoak batera eta leku berean egiten badira. Horregatik aldarazi ditu lau elkarretaratzeren lekuak. Hala, Bilbon, arrazakeriaren aurkakoak Areatzan elkartu beharko dira, Sendeja kalean; Donostian, berriz, Bulebarrean egin beharko dute protesta; Iruñean, San Frantzisko plazan; eta Gasteizen, Plaza Berrian. Denak 20:00etan izango dira.

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak horietan parte hartzera dei egin du, «Ceutako krisia baliatu nahi duten mobilizazio faxista eta xenofoboei» aurre egiteko. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak ere deitu du mobilizaziora, Bilbon, «Ceutako migranteen eskubideak urratzearen aurka». Arriaga antzokiaren aurrean izango da, 19:00etan.

Mobilizazio horien guztien atarian, Zupiria Segurtasun sailburuak esan du espero duela guztiek bere «posizioa adierazteko aukera» izango dutela.

Politikarien errezeloa

UPN, PP eta Vox ez beste alderdiek kezka eta errezeloa helarazi dute Ceutaren aldekoak omen diren elkarretaratze horiei buruz solastatzean. Nafarroako Gobernuak, Javier Remirez eledunaren bidez, berretsi du ez duela parte hartuko eskuinak eta eskuin muturrak deitutako elkarretaratzeetan, «soluzioak ez, baizik eta Espainiako Gobernuaren aurkako konfrontazioa» sustatzen dituztelako. Hala, ez da Nafarroako Gobernuko ordezkaririk egongo elkarretaratze horietan.

Iruñean ere, udalak ez du babestu UPNren eta PPren deialdia. EH Bilduk eta Iruñeko alkate Joseba Asironek uko egin diote; eta baita PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek ere.

Donostiako alkate Jon Insaustik (EAJ), berriz, esan du Donostian «istilurik» ez egotea espero duela. Elkarretaratze bi egongo dira udaletxe inguruan, 20:00etan. Alkateak uste du donostiar gehienak ez direla elkarretaratze horietara joango, «ez batera eta ez bestera». Ahal Dugu-k, berriz, esplikatu du Ceuta babesteko ei diren elkarretaratzeek «gorrotoa sustatzeko» eta «migranteak seinalatzeko» helburua dutela. «Pertsona zaurgarriak etsai bihurtzea ez da aberriaren alde egitea, ez da Ceuta defendatzea, ezta Espainia defendatzea ere».

Horrez gain, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eudelek ere ez dute bat egin eskuinak eta eskuin muturrak deitutako mobilizazioekin.

Badira beste iritzikoak, ordea. Tuterako alkate Alejandro Toquerok (UPN) elkarretaratzera deitu du udaletxean, «Ceutaren alde». Udalak, gainera, Ceutaren bandera jarri du Tuterako Erlojuaren Etxean. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA