Deustu eta San Ignazioko Modulu Psikosozialaren aurtengo aurrekontua bermatu egingo duela adierazi du gaur Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Bilboko Udalbatzan egindako adierazpenetan, baina datorren urtera begira, oraindik konpondu gabe dago baliabide komunitario horren etorkizuna. Bertako langileek mozio bat aurkeztu dute gaur Bilboko Udaleko osoko bilkuran, eskatzeko hitzarmen bat egin dadila zerbitzuaren finantzaketa ziurtatzeko, baina udal gobernuaren zuzenketa bat onartu da, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Testua nabarmen lausoagoa da, eta ez dute argitu zertan diren Eusko Jaurlaritzak eta udalak moduluko jardueren eskumenen inguruan izandako gorabeherak: Osasun Sailarekiko «lankidetzan aurrera egitea» onetsi dute; eta udal baliabideak «berriz dimentsionatzeko azterketa bat» egitea.
Emakumeen sexu eta ugalketa osasunaren arloko arretan eta indarkeria matxistaren aurkako laguntza psikoterapeutiko eta juridikoan erreferentziazkoak dira modulu psikosozialak Bilbon 1980ko hamarkadatik, eta horietako bat da Deustu eta San Ignazio auzoetakoa. Azken urteetan, ordea, eztabaidagai izan da noren eskumenekoak diren bertako programak: batzuk Jaurlaritzako Osasun Sailari dagozkio —adibidez, buru osasunari lotutakoak—, eta beste batzuk, Bilboko Udalari. Bakoitzak zer ekarpen egin behar duen argitu eta ezarri aurretik, ordea, aurrekontua %65 murriztu dio udalak, langileek otsailean salatu zutenez: iaz 195.700 euro jarri zituen, eta aurten, aldiz, 68.000; beste 52.000 gehitu zizkion martxoan, zerbitzuaren zailtasunak ikusita.
«Oraingo egoera ez konpontzeak desagertzea esan nahi du; esan nahi du egun ezin dugula ordezkapenik egin, eta urtarrilean ezingo ditugula nominak ordaindu»
CARMEN GARCIA MARTIN Â Moduluko langilea
Langileek ohartarazi dute zentroa arriskuan dela finantzaketa handitu ezean: «Oraingo egoera ez konpontzeak desagertzea esan nahi du. Esan nahi du egun ezin dugula ordezkapenik egin. Eta esan nahi du urtarrilean ezingo ditugula nominak ordaindu», azaldu du Carmen Garcia Martin langileak. Baina ez dute erantzun argirik jaso. Ibarretxek azaldu du udalak moduluaren aurrekontu osoa ordainduko duela ekainean baldin eta ordurako Osasun Sailak bere partea pagatzen ez badu; baina, oposizioko taldeek galdetu arren, ez du zehaztu zertan diren Jaurlaritzarekin dituzten harremanak eta negoziazioak. Eta beste behin, uko egin dio murrizketez hitz egiteari: «Eskumen banaketa adostuta dago. Eta udalak ez du murrizketarik egin bere eskumenekoak diren programetan».
Konpromisorik ez
Oposizioko taldeek, ordea, finantzaketa aldatzeko modua txarretsi dute. «Ezin da zerbitzua aurrekonturik gabe utzi Osakidetzaren partea ziurtatu gabe», adierazi du Esther Martinez PPko ordezkariak. «Ez dugu ulertzen nola jaitsi den aurrekontua inolako planifikaziorik gabe. Eskumenak berrantolatuko badira, modu ordenatuan eta gardenean berrantolatu behar dira, neurriak hartu aurretik akordioak lotuz», berretsi du Maria del Rio EH Bilduko eledunak. Era berean, salatu du onartutako zuzenketa ez dela argia: «Ez dakar ez ziurtasunik ez konpromisorik».
Ildo beretik mintzatu da Xabier Jimenez Elkarrekin Bilbo taldeko kidea. Ibarretxe zinegotziari esan dio eman dituen azalpenak bat datozela zerbitzua «itotzeko prozesu batekin», eta erantsi du «dardarka» hasi dela onartutako testuan zerbitzuak «berriro dimentsionatzeko» asmoaz irakurri duenean: «Halakoak ez dira izaten baliabideen gaitasuna handitzeko». Era berean, nabarmendu du zuzenketak ez duela berariaz aipatzen modulu psikosoziala, eta erantzun gabe geratu den galdera bat egin du: «Ez dago moduluak mantentzeko konpromiso zantzurik. Baliabide komunitario, diziplinarteko eta integral baten aldeko apustua egingo du udal gobernu honek, ala, eskumenen gaiaren atzean ezkutatuta, desegin egingo du?».

Hala ere, udaletxean jaso ez duten babesa auzoan eta kalean jasotzen ari dira moduluko kideak; besteak beste, erabiltzaile dituzten emakumeek adierazi diete elkartasuna. Hala geratu zen agerian atzo, Bilboko mugimendu feministak eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformak moduluaren alde antolatutako elkarretaratzean. «Saniko [San Ignazio auzoko] modulua babesleku bat da niretzat; ez instalazioengatik, baizik eta artatzen gaituzten langileengatik», esan zuen indarkeria matxista pairatutako andre batek. Nabarmendu zuen biktimen seme-alabei eta senideei ere laguntzen dietela, eta ezinbestekotzat jo zuen zerbitzua: «Baliabide komunitario bat da, auzotar konprometituen bultzadarekin aspaldi sortua».
Beste erabiltzaile batek nabarmendu zuen zerbitzuak ikuspegia aldatu diola: «Aurrez prozesu terapeutiko luze bat izan nuen, zeinean zenbaki baten gisa tratatu ninduten, leku inpertsonal batetik, eta ez ninduten lagundu. Moduluan, berriz, arreta integrala jaso dut, eta pertsona baten modura tratatu naute: ez naiz presionatuta sentitu denbora askoan leku bat okupatzeagatik, ez naute abandonatu». Erantsi zuen baliabide hori desagertuz gero halako prozesu asko moztuko liratekeela: «Nor arduratuko da gure prozesuez, zalantzez, zailtasunez? Nork ordezkatuko du moduluko profesionalen ahalegina, laguntza, babesa? Inork ez. Gaur-gaurkoz ez dago gure ibilbideak hurbiletik eta integralki laguntzen dituen beste gunerik».

