Bilboko Udalak %65 murriztu du Deustu-San Ignazioko Modulu Psikosozialaren aurrekontua

Indarkeria matxistaren biktimei laguntza eskaintzen die modulu psikosozialak. Zerbitzuak 80ko hamarkadatik darama jardunean.

Laura Elezkano eta Ane Nabarro, Deustu-San Ignazioko Modulu Psikosozialeko langileak, gaur goizeko elkarretaratzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Laura Elezkano eta Ane Nabarro, Deustu-San Ignazioko Modulu Psikosozialeko langileak, gaur goizeko elkarretaratzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko otsailaren 23a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aurrekontuaren %65eko murrizketa mantentzen bada, datorren urtean desagertu egingo gara. Hori da gure errealitatea». Bilboko Deustu-San Ignazioko Modulu Psikosozialaren irautea «arriskuan» dagoela jakinarazi du Laura Elezkano erakundeko aholkulari soziojuridikoak. 2025ean, Bilboko Udalak 195.700 euro jarri zituen Modulo Psikosozialaren finantzaketarako; aurten, aldiz, 68.000 eurokoa da aurreikusten duen ekarpena. Zerbitzuak indarkeria matxista jasan duten emakumeei laguntza legala eta psikoterapeutikoa eskaintzen dizkie, baita osasun sexualarekin eta ugalketa osasunarekin lotura duen arreta ere. Iaz erakundeak zuzeneko arreta eskaini zien auzoko 921 pertsonari. Entitatean beharrean ari diren hamabi langileen postua «galzorian jartzea» ere egotzi dio udalari Ane Nabarro Deustu-San Ignazioko Modulu Psikosozialeko langile eta gizarte hezitzaileak. 

2025eko urrian jaso zuten aurrekontuaren murrizketaren lehen berria. Erabakia «guztiz unilaterala» izan zela salatu du Elezkanok. Bilboko Udalak argudiatu zuen finantzaketaren %65 Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bere gain hartu beharko lukeela, Modulo Psikosozialak osasun zerbitzuak eskaintzen dituelako. Hortaz, Nabarrok azaldu duenaren arabera, Udalak berezkoak diren eskumenak soilik finantzatuko ditu. Baina, argitu du ez duela «zehaztu» zeintzuk diren eskumen horiek. 

«Inposatu gabe»

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin «hainbat» bilera egin dituztela jakinarazi du Elezkanok: «Azken hilabeteotako batzarretan udalarekin akordioak lortu ditugu. Hitzeman ziguten aurten ere laguntza ekonomikoa emango zigutela, finantzaketa jaso bitartean moduluak martxan jarraitu zezan; baina ez dute konpromisoa bete. Osasun Sailaren aldetik, isiltasun osoa izan da erantzuna». 

Deustu-San Ignazio Modulu Psikosozialaren langileek, «horizontaltasuna mantenduz» eta «inposatu gabe», elkarlanean aritzeko deia egin diete Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Haien helburua argia da: orain arteko lankidetza hitzarmena «mantendu» eta «indartzea». 

«Azken hilabeteotako batzarretan udalarekin akordioak lortu ditugu. Hitzeman ziguten aurten ere laguntza ekonomikoa emango zigutela, baina ez dute konpromisoa bete. Osasun Sailaren aldetik, isiltasun osoa izan da erantzuna»

LAURA ELEZKANO Deustu-San Ignazioko Modulu Psikosozialeko aholkulari soziojuridikoa

Deusto-San Ignazioko Modulu Psikosozialak ibilbide luzea du. Auzoko bizilagunek sortu zuten erakundea 80ko hamarkadan, eta, geroztik, auzoko emakumeen behar zehatzak entzun eta asetzea izan da haien helburua, Elezkanoren hitzetan. 

Bilbon hiru modulo psikosozial daude guztira: Errekaldeberri auzokoa, Irala auzoko Auzolan Modulua eta Deustu-San Ignaziokoa. Udalaren murrizketek eta «ziurgabetasunak» beste bi moduluei ere eragiten diela jakinarazi du Nabarrok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.