Azaroaren 7an eta 8an izango da aurtengo elikagaien bilketa handia Hego Euskal Herriko supermerkatu ugaritan. Ekimenean parte hartzeko boluntario bila dabiltza Bizkaiko eta Nafarroako elikagai bankuak: 5.000 pertsonaren bila Bizkaikoa eta 300en bila Nafarroakoa.
Bizkaiko Elikagai Bankuak bi ordutegi jarri ditu boluntarioentzat: goizeko ordutegia, 08:30etik 12:30era arte; eta egun osokoa, 08:30etik 18:30era arte. Nafarroan, berriz, lauzpabost orduko txandak izango dira, supermerkatuen beharren arabera.
Adierazi dutenez, lehentasunezko elikagaiak hauek dira: ekilore olioa, arroza, tomate eta arrain kontserbak, pasta, aurretik prestatutako lekaleak, eta haurrentzako esnea eta elikagaiak. Jatekoa emateaz gain, janari bonuak ere eros daitezke. Arabako Elikagai Bankuak ez du boluntariorik eskatu, baina gogoratu du janariaz gain emakumeen higienerako produktuak ere behar direla.