Autobus batek Aezkoa eta Donostia lotuko ditu, Mikel Zabalzaren hilketaren 40. urteurrenean

Zabalzaren auzia ezagutaraziko du, desagertuta egon zeneko egunetan, azaroaren 26tik abenduaren 14ra. Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Egiari Zor fundazioak, DBuseko langileek eta Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herriek bultzatu dute.

(ID_15346090) (aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-09-23, Iruñea. Agerraldi publikoa, Altza, Aezkoa eta Bortzirietako herri ekimenek, DB...
Ainhoa Bueno eta atzean Mikel Zabalzaren irudia, Iruñean, Plazara aretoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
2025eko irailaren 23a
12:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Hari gertatutakoaren memoria oso presente izan da ordutik, eta, urteurrena probesturik, zerbait berezia egingo dute aurten. Aezkoatik Donostiaraino, autobus batek Euskal Herriaren zati bat zeharkatuko du, eta kasuaren mugarri diren tokiak bisitatuko ditu. Hala nola Bortziriak eta Bidasoa ibaia, Altza auzoa, Iruñea... Abenduaren 14an egingo dute ekitaldi nagusia, Donostian, eta horrek emango dio amaiera Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoari.

Iruñean eman dute egitasmo horren berri Ainhoa Bueno Aezkoako herri plataformako kideak eta Metxe Gonzalez Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideak. Talde horiekin batera, Egiari Zor fundazioak, DBuseko langileek, eta Altzako eta Bortzirietako herri plataformek antolatu dute proiektua, «elkarlanean». 

Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Donostian guardia zibilek, beste hiru lagunekin batera —Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Ion Arretxe errenteriarra—; Orbaizeta jaioterrian, berriz, haren beste bi anaia atxilotu zituzten. Guztiek salatu zuten bortizki torturatu zituztela Intxaurrondoko kuartelean. Zortzi egunera aske utzi zituzten, baina Zabalza ez zen agertu. Guardia Zibilak azaldu zuen Zabalzak ihes egin ziela Bidasoa ibaian, Endarlatsa aldean. Gurutze Gorriak goitik behera miatu zuen ingurua, eta ez zuen topatu. Alta, hogei egun geroago Guardia Zibilak aurkitu zuen hilotza, eskuburdinak zituela.

«Aitortza ofizial horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu, ez dute ekarri egia osoa: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola... Erantzunen bila goaz» 

AINHOA BUENO Aezkoako herri plataformako kidea

Berrogei urteotan egin den memoria ariketak bertsio ofizial horren aurka jo du, eta argi izan du Guardia Zibilak torturatu eta hil zuela. Azken urteetan Hego Euskal Herriko bi gobernuek estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortu dute Zabalza —2022an Jaurlaritzak; eta iaz Nafarroakoak—.

Hala ere, oraindik ere urrats gehiago falta direla uste dute Mikel Zabalza 40 urte gogoan ekinaldiko bultzatzaileek. Memoria kolektiboan iltzatuta geratu dira Mikel Zabalzari gertatutakoaren xehetasun nagusiak, baina ohartarazi nahi izan dute oraindik asko dagoela jakiteko. «Aitortza ofizial horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu, ez dute ekarri egia osoa: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola... Erantzunen bila goaz. Dinamika horrek balio erantsi hori mahai gaineratu nahi du», azaldu du Buenok. 

Autobusaren ideia

Mikel Zabalza Donostiako udal garraio publikoko langilea zen atxilotu zutenean. Memoriatik tiraka, ekinaldiko bultzatzaileek gogora ekarri dute haren desagerpenak mobilizazio erraldoia eragin zuela Euskal Herrian. Manifestazio andana antolatu ziren, eta greba orokor bat egin zen. Donostiako autobusetako lankideek, berriz, protesta esanguratsu bat egin zuten egun haietan. Hemen ez dago gidaria, non dago? zioen kartelak jarri zituzten autobusetan, eta Donostiako udaletxera zuzendu ziren.

Ekintza hura gogoan, berriro egin nahi dute, eta hortik dator autobusaren ideia. Orbaizeta jaioterritik abiatu eta Bortziriak eta Donostiako Altza auzoan barna ibiliko da. Autobusak erakusketa bat izango du barruan, eta toki bakoitzean ekintzak antolatuko dituzte. Ibilbide horren inguruko xehetasun gehiago emango dituzte hurrengo asteetan. Gainera, Donostian ekitaldi nagusi bat antolatu dute, abenduaren 14an. 

Bultzatzaileen arabera, belaunaldiz belaunaldi eutsi diote Zabalzaren memoriari, eta hurrengo belaunaldiei ere zer gertatu zen ezagutarazteko konpromisoa berretsi dute. Bi helburu izango ditu, beraz: «Oroitzeaz gain, 40 urtez gertatutakoa ez ahazteko ariketa horri balioa eman nahi diogu. Konpromiso horri esker Mikel ezagutu ez genuenok ezagutu ahal izan dugu kasua, eta bizirik mantendu dugu haren memoria. Hala ere, oraindik bada kasua ezagutzen ez duenik, eta autobusak heldu nahi luke ere pertsona horiengana», aipatu du Buenok.

Ez zen kasu bakarra izan, gainera. Azken mende erdian Euskal Herrian milaka lagun torturatu dituzte Espainiako segurtasun indarrek. «Egia eta justiziaren bidean, berma dezagun haiek pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadila eta halakorik bete inori gertatuko ez zaiola. Etenik ez duen haria gara», aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.