Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortu ditu

«Pauso garrantzitsua» eman dela nabarmendu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza kontseilariak. Aitortutako biktimetako bi Mikel Zabalza eta Mikel Arregi dira.

78KO SANFERMINAK
1978ko sanferminetan poliziak zauritutako gazte bat eramaten. Aitortutako biktimetako gertaera haien testuinguruan zauritutakoak dira. JORGE NAGORE.
joxerra senar
2024ko apirilaren 18a
15:00
Entzun

Urtarrilean, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak jakinarazi zuen lehen ebazpenak udaberrian helduko zirela —«apiril aldera»—, eta hala izan da. Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortu ditu. «Lehen aitortza horiekin, babesa eman ahalko diegu eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktima horiei. Orain arte ez zituzten bermatuak egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea», aipatu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde bigarren eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak, ebazpena plazaratu denean.

Iragan urtearen hasieran Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak lau urte eta erdiko epea ireki zuen motibazio politikoko biktimek aitortzarako eskaerak egiteko. Oraindik epemuga urrun badago ere, hamalau hilabeteotan hirurogei espediente aztertu ditu batzordeak, eta orain heldu dira lehen ebazpenak. Martin Zabalza parlamentuan izan zenetik hona, espediente kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, urtarrilaren 31n 41 espediente zituen esku artean, eta, orain, berriz, beste hemeretzi.

Biktimen ezaugarriak

Prozedura guztian, biktimen konfidentzialtasuna gorde da, eta, emaitza jakinarazi denean ere, ez dute izen-abizenen berri eman. Dena den, gobernuak biktimen inguruko xehetasun batzuk eman ditu, eta Egiaren garaia da memoria inklusiboaren aldeko dinamikak datu osagarri batzuk gehitu ditu.

Adibidez, indarkeriaren ondorioz hildako bi pertsona daude. Biak Guardia Zibilak erail zituen. Jakin denez, Mikel Zabalza eta Mikel Arregi dira. Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten, eta, Intxaurrondon torturak jasan ostean, Bidasoa ibaian agertu zen haren gorpua. Arregi, berriz, Lakuntzako zinegotzi zen, eta 1979ko azaroaren 11ko gauean, beste lau lagunekin Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zela, guardia zibilek tirokatu zuten. Bertsio ofizialaren arabera, kontrol bati ihes egin zion. Baina ikerketa batzorde batek argi utzi zuen bertsio hura gezurra zela.

Gainera, 1978ko sanferminetan orduko Polizia armatuak su armekin larri zauritutako hiru lagun daude, eta ondorengo egunetako protestetan bortizki jotako eta kalte handiak jasandako beste pertsona bat. Halaber, eskuin muturreko taldeen atentatuaren ondorioz zauritutako bi herritar ere aitortu dituzte biktima gisa.

Zortzi horiekin batera, lau tortura kasu hartu ditu aintzat batzordeak. «Atxilo izan zituzten aldian indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasandako beste lau pertsona daude», dio gobernuaren oharrak. Sareak erantsi du Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta frankismo garaiko Brigada Politiko Sozialak torturatu zituztela.

Kronologikoki, aitortutako kasuak 1969tik 1994ra artekoak dira. Bat ez beste guztiak Nafarroan gertatu ziren. Hamabi biktimetatik bi emakumezkoak izan ziren.

«Lehen aitortza horien bidez, babesa eman ahalko diegu eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktima horiei. Orain arte ez zituzten bermatuak egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea».

ANA OLLONafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza kontseilaria

Kasuak aztertzea Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeari dagokio. Bederatzi kidek osatzen dute. Prozedura luzea izan ohi da, eta urtebetetik gora iraun dezake. Kasu bakoitza tramiterako onartu behar da lehenik, eta urrats jakin batzuk egin gero: hizlari bat, auzitegi medikuntzako aditu bat eta psikologiako beste bat izendatzen dira. Kasu bakoitza aztertzen dute, biktima edo haren senideak elkarrizketatu, eta, amaieran, proposamen bat helarazi batzordeari.

Oraingo honetan, batzordeak hamabi eskaera horiek proposatu dizkio Martin Zabalzari, eta hark ebazpen horiek sinatu eta onartu ditu. Nafarroako Gobernuak adierazi du gaur-gaurkoz lau kasu ez direla tramiterako onartu prozedura horretan.

Ana Olloren hitzak

Ana Ollok mugarritzat jo du lehen ebazpen horiek kaleratzea. «Nafarroako Gobernuak urte asko daramatza terrorismoaren biktimekin lanean, batez ere ETArenekin, baita 1936ko kolpe militarraren eta ondorengo jazarpen frankistaren biktimekin ere. Testuinguru honetan, lan hori osatzea falta zitzaigun, eta, horregatik, pauso garrantzitsua da», aipatu du.

«Gaurkoa egun garrantzitsua da gizarte demokratikoago eta bidezkoago batean sinesten dugunontzat», gaineratu du. Atzera begira, gogora ekarri du «oztopo ugari» topatu dituztela bidean. Izan ere, Espainiako Gobernuak errekurtsoa jarri zion 2015eko motibazio politikoko lehen legeari, eta Konstituzionalak guztiz kamustu zuen haren edukia 2018ko uztailean; beste lege bat egitera behartu zituen horrek, 2019ko martxoan. Haren aurka ere errekurtsoa jarri zuten PPk, Voxek eta Ciudadanosek, eta Konstituzionalaren azken epaia 2021eko maiatzean heldu zen.

Horrek asko atzeratu du dena. Hala, denbora pasatu da batzordea osatu eta martxan jarri denerako. «Iaz jaso genuen Auzitegi Konstituzionalaren berme juridikoa, eta segurtasun juridiko horrekin hasi ginen Aitortzarako Batzordean lanean. Aukera hau probestu nahi dut zoriontzeko, lan bikaina eta zorrotza egin baitute».

Egiaren Garaia Da dinamika

Egiaren Garaia Da dinamikak —tartean, Nafarroako Torturatuen Sarea eta Egiari Zor daude—, ohar bidez, «historikotzat» jo du ebazpen horiek kaleratzea, «Nafarroan estatuak erabilitako indarkeria argitara ateratzeko prozesuaren abiapuntua baita». Aurki analisi sakonago bat egingo dute, espedienteen emaitza aztertuta. Ontzat jo dute lehen aldiz ofizialki estatuaren biktimak aitortu izana. «Esan nahi du apurka gainditzen hasia dela urte luzez pairatu dugun bereizketa, eta giza eskubideen urraketen erreparaziorako bidea irekitzen du horrek».

Dinamika horrek gogorarazi du ezinbestekoa dela prozesu hori «inongo bazterketa eta asimetriarik gabe» egitea. Berretsi du biktimen artean orotariko kasuistikak daudela: «Poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz eraildako pertsonak, errepide kontroletan joak, eskuin muturreko taldeen biktimak, segurtasun estatuek torturatutakoak, polizien balekin edo gomazko pilotekin zauritutakoak...».

Eskaerak egiteko epea 2027ko uztailera arte egongo da zabalik, eta, horregatik, halako indarkeria jasan duten guztiak deitu dituzte eskariak igortzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.