Indarkeria matxista kasuek etenik ez dutelako. Diskurtso erreakzionario eta atzerakoiak hedatu eta hedatu ari direlako mundu osoan. Eta halakoei aurre ez egiteak, funtsean, atzera egitea dakarrelako. Feministen irudiko, motibo ugari daude «kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasi ozenez betetzeko». Azaroaren 25ean eginen dute, urtero bezala, Euskal Herri osoko auzo, herri eta hiriburuetan.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur egin du mobilizaziorako deia, Iruñeko Gazteluko plazan. Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa lelopean eginen dituzte manifestazio nagusiak: ia guztiak 19:00etan abiatuko dira, Baionakoa izan ezik. Han, 18:30ean aterako da martxa, geltokitik. Donostian, abiapuntua Bulebarrean izanen dute; Bilbon, Kale Nagusiko 85. zenbakian; Gasteizen, manifestariak San Anton plazatik abiatuko dira; eta Iruñean, azkenik, Antoniutti parketik.
Gaurko agerraldian, Elene Lopetegik eta Amaia Zubietak eman dituzte azalpenak, euskaraz eta gaztelaniaz. Aitortu dute egungoak ez direla «garai errazak». «Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko», adierazi dute.
«Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean, ezta, segurtasunaren izenean, Polizia gehiago behar delako ideia ere»
ELENE LOPETEGI Euskal Herriko Mugimendu Feminista
Are, uste dute «emakumeak, migratuak, arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak» direla hiru buruko sistema horren kolpe gogorrenak jasotzen dituztenak. Azken urteetan, joera hori areagotu dela nabarmendu dute feministek, eskuin muturraren goranzkoak hauspotuta: «Gero eta agerikoagoa da, faxismoan, eskuin muturrean eta eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezkeen jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez».
Feminismoaren instrumentalizazioa
Lopetegik eta Zubietak irakurritako agirian, zehazki, gogor kritikatu dute feminismoaren «instrumentalizazioa»; hau da, feminismoa eta berdintasuna aitzakiatzat hartuta, «gorrotozko diskurtsoak» zabaltzeko joera: «Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean, eta gure segurtasunaren izenean, ez dugu defendatuko Polizia gehiago behar delako ideia». Mugimendu feministaren iritziz, halakoek ezer gutxi baitute feminismotik.
Hori horrela, azaroaren 25ean kaleak hartzeko deia ozendu dute, azken asteotako greba eta mobilizazioen segida gisa: «Azaroaren 5ean, Ipar Euskal Herrian, greba eguna izan genuen bizitzaren garestitzearen aurka; Hego Euskal Herrian, etxebizitza eskubidearen alde hartu genituen kaleak; eta azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurka hartuko ditugu Euskal Herri osoan. Ez ginelako atzera egiteko jaio».
«Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin»
AMAIA ZUBIETA Euskal Herriko Mugimendu Feminista
Nabarmendu dute, gainera, «autodefentsa feminista» dela eskuin muturrari «eta etor daitekeenari» aurre egiteko tresna: «Erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dutenen aurrean...».
Bide horretan, konplizitateak eta aliantzak josteko asmoa agertu dute feministek. «Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez», esan dute. Zehazki, antolatzeko eta sareak ehuntzeko beharra azpimarratu dute «indarkeria matxista betikotzen ari diren eta hura bukatzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka, anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka».
Indarkeria matxistak hildakoak
Elkarlan horren adibide gisa, Zubietak eta Lopetegik dei egin dute «Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak abenduaren 11n herriz herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketa» sustatzeko eta indartzeko: «Urrats bat gehiago izan dadila, erakundeei ardura har dezatela eskatzearekin batera».
Gazteluko plazako agerraldian, bestalde, gogora ekarri dituzte Euskal Herrian azken urtebetean hildako bost emakumeak: «Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie; indarrez eta goxotasunez beteriko besarkada bero bana haien senide eta lagunei. Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko». Elkartasuna adierazi diete, azkenik, mundu osoan «borrokan eta erresistentzian» diharduten emakume eta sexu-genero disidenteei ere: «Besarkada bana guztiei, eta bereziki, Palestinari. Genozidioa amaitu!».

