Euskal Herriko Gazte Feministak

Lide Arrieta eta Laura Iparragirre: «Autonomiaz antolatzeak tresna erradikalak ematen dizkigu patriarkatuaren aurkako borroka aurrera eramateko»

Euskal Herriko Gazte Feministek sarearen jarduna ardaztuko duen bide orria aurkeztu berri dute. Euskal Herri feminista mamitzea dute proiektu politiko.

Lide Arrieta eta Laura Iparragirre, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lide Arrieta eta Laura Iparragirre, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Iruñea
2026ko azaroaren 7a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antolakuntza feministaren aldeko hautua berretsi dute Euskal Herriko Gazte Feministek. Hain zuzen, joan den asteko larunbatean Hemendik. Borrokak ibilerarik badu, hau da gurea bide orria aurkeztu zuten Hernanin (Gipuzkoa). Sarearen barneko taldeen jarduna «norabidetzeko tresna» gisa definitu dute Lide Arrietak (Iruñea, 2003) eta Laura Iparragirrek (Zumaia, Gipuzkoa, 2001). «Bideak erakutsi digu borrokatzea merezi duela eta horretan jarraitzeko hautua egin dugu», azpimarratu dute. 

Zuen proiektu politikoa Euskal Herri feminista eraikitzea dela diozue, eta hori hiru zapalkuntza sistemen ikuspegitik egiten duzuela: patriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa. Zergatik jotzen dituzue hirurak egiturazko dominazio sistema gisa?

LAURA IPARRAGIRRE: Hiru sistema horiek sortutako erreproduzitutako harremanek egituratu egiten dute gizartea. Sistema horiek elkar artikulatzen dute, eta egunero gurutzatuta agertzen zaizkigu, baina horrek ez du esan nahi bakoitzak ez duela mekanismo propiorik; eta, horregatik, ezin ditugu zapalkuntza denak beste baten ondorio soil moduan hartu. Horrek ondorio politiko garrantzitsuak ditu guretzat. Izan ere, patriarkatua eta kolonialismoa zapalkuntza sistema autonomo gisa ulertzeak berezko zilegitasuna ematen die horien aurkako borrokari.  

Ildo horretan, zergatik diozue patriarkatua eta kolonialismoa sistemikoak direla ukatzeak «lapurtu» egiten dizuela subjektu politiko propio izateko estrategia? 

LIDE ARRIETA: Hiru zapalkuntzen izaera sistemiko hori aitortu behar da, are gehiago gaur egungo testuinguruan. Erreakzio antifeministen testuinguruan gaude, eta ezkerreko zenbait sektoretan, adibidez, patriarkatua eta kolonialismoa sistemikoak direla ukatzen dute, eta gure borrokak marjinalizatzen saiatzen dira. Horregatik esaten dugu subjektu politiko propio izateko estrategia lapurtzen digutela. 

Gazte Feministak —eta, oro har, mugimendu feminista— subjektu politiko propiotik abiatuta eta autonomiaz antolatzeak tresna erradikalak ematen dizkigu patriarkatuaren aurkako borroka aurrera eramateko. 

Zuentzat, baina, autonomia ez da borroka propioak indartzea bakarrik, baizik eta baita bertzeekin aliantzak egitea ere. Zer leku dute hor gizonek? 

IPARRAGIRRE: Gazte Feministen sarean neskak eta sexu-genero disidenteak elkartzen gara, eta ez-mistotasunetik ekiten dugu. Horrek aukera ematen digu lehentasun feministak erdigunean jarri eta gure estrategia eta norabide politikoa guk definitzeko. Ildo horretan, berresten dugu espazio ez-mistoak beharrezkoak direla. 

ARRIETA: Dena den, argi utzi nahi dugu autonomia ez dugula ulertzen beste borroken inongo dependentziarik ez duen borroka gisa. Guk testuinguruaren arabera erabakiko dugu zeinekin, nola eta noiz egin aliantza bakoitza; eta aliantza horiek praktikatzen ditugu gure egunerokoan. 

«Testuinguruaren arabera erabakiko dugu zeinekin, nola eta noiz egin aliantza bakoitza; eta aliantza horiek praktikatzen ditugu gure egunerokoan»

LIDE ARRIETA Euskal Herriko Gazte Feministak
Eta indarkeria matxistaren kontrako borroka hiru zapalkuntza sistemen ikuspegitik egiten ez duten guztiek zer leku dute aliantza horietan?

IPARRAGIRRE: Aliantzak egiteko orduan minimo politikotzat hartzen dugu hiru zapalkuntzen sistema aitortzea. Izan ere, pribilegioak eta zapalkuntzak nahitaez gurutzatzen dira borroka politikoan, eta horien kudeaketan dago gakoa. Horregatik, aliantzek baldintza politiko batzuen araberakoak izan behar dute, ezinbestean. Bestela, zapalkuntza kolonial eta patriarkalaren despolitizazioa izango litzateke ondorioa, edo hegemonikoak diren gizon zuri horiek gure borrokak xurgatzea edo desagerraraztea. 

Zapalkuntza sistemekin batera klaseez ere mintzo zarete bide orrian. Termino horren ulerkera zabaldu egiten duzue, eta langileriaren eta burgesiaren gatazkaz bertzelakoekin ere lotu. Zertaz?

IPARRAGIRRE: Egiturazko botere harremanek antolatzen dute gizartea. Harreman horiek interes antagonikoak dituzten talde sozialak sortzen eta erreproduzitzen dituzte, eta interes horietatik abiatutako talde horiek klase harremanen logiketan ulertzen ditugu. Eta, horregatik, klase gatazka zabaldu egiten dugu: gizon eta emakume klaseez eta zuri eta arrazializatu klaseez ere hitz egingo genuke. Klase gatazka gisa ulertzen ditugu, patriarkatuak eta kolonialismoak dominazio harreman propioak sortzen dituzte eta. 

Horrek ez du esan nahi denek modu berean funtzionatzen dutenik, baina terminologia horrek lagundu egiten du zapalkuntza bakoitzaren berezitasunak aitortzen eta horien arteko loturak ulertzen.

Lide Arrieta eta Laura Iparragirre, Laban. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lide Arrieta eta Laura Iparragirre, Iruñeko Laban. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Autodefentsa feminista jo duzue patriarkatuaren kontrako borroka antolatzeko estrategia politiko gisa. Zer ekintzaren bidez mamitzen duzue autodefentsa hori?

ARRIETA: Autodefentsa feministaren iruditeria zabaldu egin dugu Gazte Feministok, ez dugu erasoen ondorengo kudeaketara soilik mugatzen. Batetik, espazioak feministatzeko apustua egiten dugu: gure herrietako eta auzoetako oholtzak gorputz feministek okupatzea, espazio publikoa okupatzea edo aipatu ditugun botere harremanak seinalatzea. Bestetik, gizonik gabeko espazioak antolatzen ditugu, uste baitugu horiek direla gure territorio libre bakarra. Eta, azkenik, gure gorputzen gaineko kontrola areagotzen ari den honetan, ordena horren kontra egitea eta gorputz, praktika eta bizimodu ez-normatiboak izatea ere autodefentsa feminista gisa ulertzen dugu. 

Kolonialismoaren kontra, egiturazko erantzuna artikulatzea duzue xede, betiere kontuan izanda gehiengo zuria duen eragile feminista bat osatzen duzuela. Zer aukera eta muga ekartzen dizkizue kokaleku horrek?  

ARRIETA: Zapalkuntza guztien aurka borrokatzeko konbikzio osoa dugu, kokaleku ezberdinetatik ekiten diogun arren. Beraz, kolonialismoa egiturazkoa den heinean, egiturazkoa izan behar du Gazte Feministok saretik artikulatzen dugun erantzunak ere. Etengabeko kokatze prozesu batez dihardugu, zeinak botere harremanak eraldatzen dituen; eta prozesu hori ezin dugu ulertu Euskal Herrian kide migratuen eta arrazializatuen erreferentzialtasunik eta lidergorik gabe. Hala, ezinbestekoak da, batetik, arrazakeria eta kolonialismoa izendatzea eta salatzea, eta, bestetik, deskolonizazio prozesu integral bat abiatzea, agenda eta aldarrietatik hasi eta militantzia modu guztietara hedatuta. Eta azkenik, berresten dugu bat gatozela eragile antirrazisten aliantza politikoekin.

«Bide orria ez dugu helmuga gisa irudikatzen: haren bidez, norabide partekatu bat definitu dugu, eta hori eguneroko praktikara eramatea dagokigu orain, auzoetako eta herrietako taldeetara»

LAURA IPARRAGIRRE Euskal Herriko Gazte Feministak
Bide orria ezarrita, zein izanen dira hurrengo urratsak?

IPARRAGIRRE: Bide orria ez dugu helmuga gisa irudikatzen: haren bidez, norabide partekatu bat definitu dugu, eta hori eguneroko praktikara eramatea dagokigu orain, auzoetako eta herrietako taldeetara. Tokian tokiko errealitatean forma desberdina hartuko du bide orri hau lurreratzeak. Urrats zehatzagoei dagokienez, bi egun seinalatu ditugu, gure aldarri propioetatik abiatuz eragiteko: azaroaren 11ko greba eta azaroaren 25a.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA