Autoritarismoaren kontrako manifestu bat sinatu dute 30 eragilek baino gehiagok, bozetan parte hartzeko dei eginez

Egungo garai politikoaren larritasuna eta garrantzia ikusita, autogobernua, euskara, eskubide sozialak eta askatasunak defendatzeko deia egin dute. Herritarrei kalean eta hautetsontzietan parte hartzeko deia egin diete.

Faxismoaren kontrako mobilizazio bat, urrian, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Faxismoaren kontrako mobilizazio bat, urrian, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
aitor biain
2026ko azaroaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde ziklo betean eta eskuin muturra Espainiako eta Frantziako gobernuetara iristeko inoiz baino gertuago dagoen honetan, hainbat eragilek ohartarazpen bateratu bat egin nahi izan dute, egoera horrek Euskal Herriko gizartearen eskubide eta askatasunei dakarkien mehatxua ikusita. Agiri bat plazaratu dute, faxismoaren eta autoritarismoaren kontra, eta dagoeneko 30 eragilek baino gehiagok egin dute bat; horien artean daude Nekane Balluerka EHUko errektore ohia, Mari Luz Esteban eta Jule Goikoetxea pentsalariak, Alaia Martin bertsolaria, Itziar Ituño aktorea, Aritz Erkiaga pilotaria eta Aitor Gorosabel abeslaria.

Gure etxeak zutik iraungo du goiburua jarri diote manifestuari, eta zera dio: nazioarteko jokalekua «gero eta kezkagarriagoa» dela, autoritarismoa indartzen ari delako, eta demokrazia, herrien askatasuna eta nazioarteko zuzenbidea «kolokan» jartzen ari direlako. Testuinguru horrek Euskal Herriari bete-betean eragiten diola ohartarazi dute, autogobernua, euskara, eskubide sozialak eta langileen eta herriko sektoreen eskubideak jokoan jarri dituelako. «Mehatxua ate joka dugu. Gure etxeko atariraino iritsi da», dio testuak.

Hain zuzen, sinatzaileek gogoratu dute iraganean faxismoa agintean izan zela Euskal Herrian, eta haren eraginak gogoan izan behar direla: «Franco eta Hitler Hendaiako tren geltokian elkartu ziren. Eskua eman zioten elkarri. Ez zaigu ahaztu. Garai hartan, Hendaia eta Irun lotzen dituen Etorbideko zubian, Gestapok Lluis Companys frankisten esku utzi zuen, fusilatu zezaten. Muga hartan bertan, naziek Meliton Manzanas torturatzailearen laguntza jaso zuten». Ez dute garai hura egungoarekin alderatzeko nahirik, baina bai azaldu dute historia ez dela «hitzez hitz errepikatzen den antzezlan txar bat», eta pertsonaia batzuk behin eta berriro agertzen direla, «mozorroa aldatuta» bada ere. «Eta gu ez gara ikusle hutsak izango».

Horrek konpromiso kolektiboa eta erantzun bateratua eskatzen dituela eta, herritarrei kalean mobilizatzeko deia egin diete, hala nola azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean, azaroaren 14an EH Bilduk Bilbon Badatorren Euskal Herria defendatu lelopean egingo duen manifestazioan, azaroaren 21ean Baionan egingo den mobilizazioan eta azaroaren 28an Miarritzen Canon Françaisaren aurka egingo den mobilizazioan.

Halaber, Hego Euskal Herrian azaroaren 29an egingo diren hauteskundeei begira, testuingurua aintzat hartzea ere galdegin dute, «burujabetzaren, eskubideen eta askatasunen inguruko erabakietan herritarren parte hartzea funtsezkoa» dela nabarmenduta. «Ez dugu etsipenetik jardun nahi. Ezta beldurretik ere. Guk, eraiki nahi dugu», dio manifestuak.

Kulturaren, musikaren, artearen, kirolaren, bertsolaritzaren eta akademiaren alorreko askotariko pertsona ezagunak daude sinatzaileen artean. Hala ere, zerrenda luzatzea da haien nahia, eta, beraz, ekinaldiari atxikimendua adierazteko aukera izango du edonork: manifestua babestu eta sinatu daiteke jada labur.eus/etxeazutik helbidean. Ahalik eta herritar gehien batzea dute helburu, Euskal Herri askeago, bidezkoago eta demokratikoago baten aldeko konpromisoa herritar gehiagorengana zabaltzeko.

MANIFESTUAREN SINATZAILEAK

  1. Abarzuza Apezarena, Patxo (idazlea, Iruñeko Elkar liburu dendako arduraduna)  

  2. Agirretxe Kerexeta, Joxemari Porrotx (pailazoa)  

  3. Agirre Lasarte, Ramon (aktorea)  

  4. Alberdi Sololuze, Helene (Triatleta)  

  5. Arejita Mallea, Haimar (musikaria)  

  6. Arrula Ruiz, Garazi (idazlea eta editorea)  

  7. Azkorbebeitia Urizar, Oihana (mendi lasterkaria)  

  8. Balluerka, Nekane (EHUko errektore ohia)  

  9. Bastida, Xabier Xabi (musikaria)  

  10. Bengoetxea Zabalza, Aitor Bengo (abeslaria eta dantzaria)  

  11. Beramendi Nazabal, Joseba Exprai (marrazkilaria)

  12. Caballero Harriet, Francisco Javier Kiko (EHUko Zuzenbideko katedradun emeritua)

  13. Egaña Larramendi, Manex (musikaria)  

     

  14. Erkiaga Zumelaga, Aritz (zesta-puntako pilotaria)

  15. Esteban Galarza, Mari Luz (EHUko irakaslea)  

  16. Fernandez de Barrena, Oihana (aizkolaria)

  17. Fuchs, Ximun (antzerki zuzendaria, aktorea eta sortzailea)

  18. Goldarazena Laborda, Julen Flakofonki (musikaria)

  19. Goikoetxea Mentxaka, Jule (pentsalari feminista)

  20. Gorosabel Garai, Aitor (musikaria)

  21. Ibarra GĂ¼ell, Pedro (EHUko Zientzia Politikoetako katedradun emeritua)

  22. Illarregi Marzol, Xabat (bertsolaria)  

  23. Illarregi Marzol, Joanes (bertsolaria)

  24. Ituño Martínez, Itziar (aktorea)

  25. Lasagabaster Herrarte, Iñaki (EHUko katedraduna)

  26. Martin Etxebeste, Alaia (bertsolaria)  

  27. Martinez Garaot, SofĂ­a (EHUko irakaslea)

  28. Morras Zazpe, Xabier (margolaria)

  29. Oribe Garmendia, Beñat (musikaria)

  30. Ortiz de Villalba, Iñaki (Betagarri)  

  31. Osinaga Urizar, Ines (abeslaria)

  32. Solano Maiza, Xabier (musikaria)

  33. Txoperena Iribarren, Maddi Ane (bertsolaria)

  34. Uriarte Ovejas, Gari ( musikaria)

  35. Urruty, Maryse (aktorea)

  36. Zulaika Soroa, Aiora Pirritx (pailazoa)

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA