'Sopelako 4ekin 1' plataformako kideak

Joseba Ugalde Muñoa - Izpine Bidaurrazaga Agirre: «Auzi honek guztiz aldatu dezake lau sopeloztarren bizitza, eta herritarren eskubideei dagokienez inflexio puntu bat ezarri»

Guztira 32 urteko zigorra eskatzen dute lau sopeloztarrendako, ustez joko areto baten aurkako zenbait protestatan parte hartzeagatik. 'Sopelako 4ekin 1' plataformak mobilizaziora deitu du urtarrilaren 31rako.

RAUL BOGAJO / FOKU
RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
Gasteiz
2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna. Zigor eskaera hori egin dute  lau sopeloztarrendako, joko areto baten kontrako ekinaldi batzuetan parte hartzea leporatuta. 2021ean hasi zuten bide judiziala, eta otsailaren 4an izanen dute epaiketa. 

Lau herritarrei babesa adierazi eta horien absoluzioa exijitzeko, Sopelako 4ekin 1 plataforma sortu dute. Joseba Ugalde Muñoa (Leioa, Bizkaia, 2002) eta Izpine Bidaurrazaga Agirre (Sopela, Bizkaia, 2002) taldeko kideak dira, eta gogoratu dute urtarrilaren 31n manifestazio nazionala eginen dutela herrian: 12:30ean, Udaletxe plazatik. 

Hiru delitu leporatzen dizkiete lau herritarrei: mehatxu jarraituak, derrigortzeak eta kalte jarraituak. Zer ekintzari lotuta? 

IZPINE BIDAURRAZAGA AGIRRE: Joko aretoaren kontrako protesta ekimen batzuk egitea leporatzen diete. Baina hori testuinguru batean kokatu behar dugu:  2020. eta 2021. urteak oso mugituak izan ziren herrian; bi proiekturen kontra mobilizatu ginen: joko aretoaren aurka eta eraikitzen ari ziren supermerkatu baten aurka. 

JOSEBA UGALDE MUÑOA: Ordu hartan, gainera, Sopelako hainbat gazteren eta herriko udaltzaingoaren artean hainbat gatazka egon ziren. Tentsio handia zegoen, eta pertsona bat atxilotu ere egin zuten, ez identifikatzeagatik. Atxiloketa horri lotuta kereila bat aurkeztu zen, eta maiatzean bi poliziari behin-behinean neurri bat ezarri zieten: soldata eta enplegua eten zieten. Garai hartan izan ziren joko aretoaren kontrako ustezko ekintzak. 

Salatu duzue lau herritarrak «Poliziaren amarru baten biktima» izan zirela, haiek izutzeko asmoz martxan jarritako «amarru» batenak. Zergatik diozue «frogarik gabe eta gardentasunik gabe» akusatu dituztela? 

UGALDE MUÑOA: 2021ko urte hasieran joko aretoko jabeak salaketa bat jarri zuen ekintza horien kontra, esan gabe nork egin zituen. Garai berdinean, aurrez aipatutako udaltzainen eta zenbait gazteen arteko tentsio uneak eman ziren, horren ondorioz gazte bat atxilotua izan zelarik. Gazte hark, kereila aurkeztu zuen bere atxiloketa modu desegokian izan zelako eta horren ondorioz maiatzean bi udaltzain behin-behinean zigortuak izan ziren.

Maiatzean, gainera, joko aretoko jabeak bere deklarazioa aldatu zuen, esanez lau pertsona identifikatu zituela; herrian oso aktiboak izan ziren lau pertsona, zehazki, eta tartean kereila aurkeztu zuen gaztea. Urte hartako uztailean Espainiako Polizia sartu zen prozesuan: atxiloketak egin zituzten, modu nahiko bortitzean eta informaziorik eman gabe; azkenean, zitazioak iritsi ziren. Prozesu horretan guztian ikusi zen ez dela kasualitatea lau pertsona horiek izatea auzipetuak, ezta jabearen deklarazioa bat-batean aldatu izana ere.

«2021ean, joko aretoko jabeak salaketa bat jarri zuen ekintza horien kontra, esan gabe nork egin zituen. Handik oso gutxira, bere deklarazioa aldatu zuen»

JOSEBA UGALDE MUÑOA 'Sopelako 4ekin 1' plataforma
Epaiketa otsailaren 4an izanen da, baina bide judizialak soka luzea du: kasua bi aldiz artxibatu dute, eta fiskaltza erretiratu egin zen. Akusazio partikularraren zigor eskaerarekin aurrera egin du epaileak. Espero zenuten?

UGALDE MUÑOA: Ez. Kasua artxibatuta zegoenez, horrela jarraitzea espero genuen; ez genuen uste fiskaltza erretiratuta ere prozesuak aurrera jarraituko zuenik. 

BIDAURRAZAGA AGIRRE: Gainera, azaro hasieran Bilboko epaitegietan ikustaldi bat izan zuten. Espero genuen espetxe zigorrak akusaziotik kendu eta isun ekonomikoarekin bakarrik aurrera egitea; baina ez zen hala izan. Horregatik atera zen plataforma. 

«Espero genuen espetxe zigorrak akusaziotik kendu eta isun ekonomikoarekin bakarrik aurrera egitea; baina ez zen hala izan»

IZPINE BIDAURRAZAGA AGIRRE 'Sopelako 4ekin 1' plataforma
Zer erakusten dute epaitegietako gorabehera horiek?

UGALDE MUÑOA: Froga falta oso nabarmena dela. Fiskalak berak horregatik egin zuen atzera, eta aurretik ere beste zenbait epaitegik horregatik erabaki zuten kasua artxibatzea. Prozesu osoan ikusi da nabarmena dela auzipetu dituztenak herriko jende oso jakin bat direla.

Eta akusazioa ez erretiratzeak?

BIDAURRAZAGA AGIRRE: Ez dugu pertsona hori ezagutzen, baina badakigu zein den haren jokamoldea. Argi dago min egiteko asmoa duela. Ez du inongo momentuan auzia beste moduren batean kudeatzeko prestutasunik agertu. Leporatzen dizkieten delituek ez dute inongo oinarririk, eta min egiteko asmo argia dute. 

«Epaiketara salto egin aurretik negoziatzeko aukerak zabaldu ohi dira, baina hasieratik horrelako elkarrizketen aurkako jarrera izan du akusazioak»

IZPINE BIDAURRAZAGA AGIRRE 'Sopelako 4ekin 1' plataformako kidea
Lau sopeloztarren absoluzioa da bide bakarra, beraz?

BIDAURRAZAGA AGIRRE: Hori da. Absoluzioa da gure irtenbide nagusia. Izan ere, auzi honek guztiz aldatu dezake lau sopeloztarren bizitza, eta herritarren eskubideei dagokienez inflexio puntu bat ezar dezake. Guztion etorkizuna jokoan dago.

UGALDE MUÑOA: Absoluzioa ez den edozerk izugarrizko kaltea egingo die lau auzipetuei eta herriari berari. 

Adierazi duzue indarrak batuz lortuko dela auzia geldiaraztea. Zer dinamika jarriko dituzue martxan? Zer egin dezake Euskal Herriak?

UGALDE MUÑOA: Eskualdean propaganda lan handia egiten ari gara, eta Euskal Herrira hedatu nahi dugu orain. Larunbatean, adibidez, asanblada ireki bat egingo dugu, eta urtarrilaren 31n manifestazio nazionalera deitu dugu. Hori da gure apustu nagusia oraintxe. 

«Badakigu epaitegi barruan hartuko dela benetako erabakia, eta horri aurre egiteko prest egon behar dugu, baina epaitegietatik kanpo antolatzea ere ezinbestekoa da» 

JOSEBA UGALDE MUÑOA 'Sopelako 4ekin 1' plataforma

BIDAURRAZAGA AGIRRE: Dirua biltzeko kanpaina bat ere martxan jarriko dugu, eta kamisetak, poltsak eta banderolak ere salgai ditugu. Horrez gain, ahalik eta babes gehien lortu nahi dugu: Euskal Herriko herritarren babesa behar dugu, eta ekarpen ekonomikoa, ahal den heinean.

UGALDE MUÑOA: Badakigu epaitegi barruan hartuko dela benetako erabakia, eta horri aurre egiteko prest egon behar dugu, baina epaitegietatik kanpo antolatzea ere ezinbestekoa da. Epaiketaren egunera ahal bezain babestuta iritsi behar dute auzipetuek, horrek emango die-eta indarra egoerari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.