Oihana Elduaien Uranga.

Auzi sentsible bat

2025eko abenduaren 17a
17:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

2017an EAJko zinegotzia zen Gorka Unanue Zestoako Udalean. Auzi honi lotuta udaleko gizarte zerbitzuekin izandako gorabeherak azaltzen ari zela, «gai sentsiblea» zenez, gaia kontu handiz kudeatzen saiatu zirela esan zuen atzo, epaiketan. Fiskalak horri buruz bakarrik galdetu zion Unanueri: «Zergatik diozu sentsiblea dela?». Erantzuna argia izan zen: «Haur bat zegoen tarteko». Fiskalak bere iritzia eman zuen: «Fiskal honen iritzian, bikote baten banaketa eta haurraren kustodiaren auzia ‘beste kasu bat’ dira, ez ‘auzi sentsible’ bat. 'Beste bat', besterik ez». 

Zestoa bezalako herri txikietan, auzi hauek sentsibleak dira, eta halaxe izan behar lukete Donostiako Zigor Auzitegia bezalako leku handietan ere. Ez da oso argi geratu fiskalak nora iritsi nahi zuen galdera hori eginda; aitzitik, argi geratu dena zera da, fiskal hori ez dela pertsonarik egokiena adin txikikoei dagozkien auzietan aritzeko. Eta ezta indarkeria matxistaren inguruko testigantzak tarteko dauden kasuak aurrera eramateko ere.

Maria Luisa Agirretxe Arartekoko letraduak argi esan du: aldeetako batek tratu txar psikologikoak kontatu dituenean, salaketa formala jarri ez izana ez da nahikoa esan duena ez entzuteko. Nazioarteko legedian, tartean Istanbulgo protokoloan ere halaxe dago jasoa. Auzi horietan biktimari neurriko arreta eta babesa eman behar zaio. Eta esan ez badu ere, logika guztia dauka tartean dagoen haurrarekin ere arreta bereziz jokatu behar izatea. 

Kontua zera da, komentario hori fiskal baten iritzi partikularra den —eta hala balitz ere larria da—, edo justizia sistema guztiaren isla den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.