Espainiako Justiziak jomugan jarri du berriz ere Jaione Jauregi euskal preso ohia. Auzitegi Nazionalak 2023ko azaroan artxibatu zuen ustez 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronelaren hilketan parte hartzeagatik Jauregiren kontra abiatutako prozesua, argudiatuta auzia preskribatuta zegoela. Orain, baina, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du artxibatzea. Bost epailek osatu dute epaimahaia, eta horietatik bik boto partikularra eman dute.
Erabakiaren bitartez, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak bat egin du fiskaltzak eta Romeoren familiaren abokatuek jarritako helegitearekin, eta ebatzi auzia berriz ere jatorrizko auzitegira bidaltzea, Jauregiri egozten zaionaren nondik norakoetan sakondu gabe. Â
Halere, Gorenak ez du ezbaian jarri Auzitegi Konstituzionalak duela bi urte ebatzitakoa. Izatez, auzia artxibatu arren, Jauregiren kontrako neurriak hartu zituen Auzitegi Nazionalak: Gorenak ebazpena eman bitarte pasaportea kendu, Espainiako Estatuaren mugetatik ateratzeko debekua ezarri, eta auzitegian aurkeztera behartu zuten. Halere, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen behin-behineko neurri hura; izan ere, Jauregi Belgikan bizi zen aspalditik, eta haren aldeko babes sare bat ere izan du han urte hauetan.
Ikusi gehiago
2004koa da Jauregiren kontrako auzipetze autoa. Espainiak orduan egin zion Belgikari hura estraditatzeko lehen eskaera, baina estatu hark hiru bider eman zion ezezkoa Espainiaratzeko eskaerari; beste bat 2005ekoa da, eta bestea 2015ekoa. 2019an, baina, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Belgika zigortu zuen erabaki haiengatik, eta, beste eskaera bat tarteko, 2020ko azaroan onartu zuen estradizioa, eta Jauregi behin-behinean espetxeratu zuten. Preso egon zen 2023ko azarora arte; hiru urte inguru.Â
Behin Jauregi Espainiaratuta, Espainiak asmoa azaldu zuen hura beste auzi batengatik ere epaitzeko —zehazki, 1981eko beste atentatu batean parte hartu zuelakoan—, baina Ganteko epaitegiak (Belgika) atzera bota zuen eskaera hura. Han bizi da Jauregi. Egun 68 urte ditu, eta sukaldari lanetan aritu da urte luzez.