Auzitegi Nazionalak 24 urteko espetxe zigorra jarri dio Iratxe Sorzabali

ETAk 1996an Gijonen egindako atentatu bat egotzita zigortu dute. ELDH Europako abokatuen elkarteak kezka agertu du epaiketaz

maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Espainiako Auzitegi Nazionalak 24 urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio Iratxe Sorzabal euskal presoari ETAk 1996an Gijonen (Espainia) eginiko atentatu bat leporatuta. Lehen zigor salak bi zigor jarri dizkio: hamazazpi urtekoa bat, «hondamen terroristagatik», Gijongo Auzitegiaren aurka egindako erasoa egotzita; eta zazpi urte eta erdikoa bertzea, farmazia baten aurka egiten saiatzeagatik —ez zuten kalterik eragin—.

Haatik, absolbitu egin dute «erakunde terroristako kide» izateaz. Fiskalak, Espainiako Estatuaren abokatuak eta AVT elkarteak erretiratu egin zuten akusazio hori, kontuan hartuta Sorzabal jada zigorra betetzen ari dela delitu horrengatik Frantzian. Reaun dute preso Sorzabal, Euskal Herritik 925 kilometrora.

Ustez Sorzabalek berak ETAri bidalitako idatzi batean oinarritzen da sententzia. Epaileen arabera, agirian akusatuak egindako ekintzak zehazten dira, detaile handiz. Dokumentuko atentatu eta izenek bat egiten dute Sorzabalek berak Guardia Zibilaren aurrean egindako adierazpenekin. Torturapean zegoen orduan.

Sorzabal otsail hasieran epaitu zuten. 36 urteko zigor eskaera egin zuten hala fiskalak nola Estatuaren abokatuak eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko abokatuak. Sorzabalek ukatu zuen leporatzen dizkioten atentatuetan parte hartu izana. Adierazi zuenez, torturetatik ihes egiteko jo zuen bere burua errudun.

Tortura ikertzeko eskea

2001ean atxilotu zutenean, torturak salatu zituen Sorzabalek. Epaiaren berri izan aurretik, ELDH Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak ohar bat zabaldu zuen atzo, «kezka handia» azaltzeko epaiketaren aurrean. Elkarteak nabarmendu zuen Sorzabalek jarri ziola ahotsa ETAk bere jarduera armatua amaitzeko erabakiari, eta gogora ekarri egotzi dizkioten atentatuek ez zutela biktimarik eragin. Areago, elkartearen iritziz, «arrazoiak» daude «pentsatzeko haren aurkako ebidentziak torturen bidez eskuratutako autoinkulpazioetan baino ez direla oinarritzen».

ELDHk azaldu du Sorzabalek torturen testigantza eman zuela ahozko epaiketan, eta Espainiari eskatu dio ikerketa «inpartzial eta independente bat» abiatzeko, «zigorraren eta espetxealdiaren oinarrian tortura edo tratu txar bidez lortutako ebidentziak dauden kasu guztiak» argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.