Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok atzera bota ditu Jon Olarra eta Arkaitz Agirregabiria euskal presoen hirugarren graduak zein Marixol Iparragirre presoaren 100.2 artikuluaren aplikazioa. Auto banatan, epaileak bat egin du Fiskaltzak jarritako helegiteekin, eta atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta Zubietako (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetako tratamendu batzordeen onespenarekin hartutako erabakiak.
Zubietako espetxeko tratamendu batzordeak ebatzi zuen Iparragirreri 100.2 artikulua aplikatzea, astelehenetik ostiralera egunean zehar boluntario lanak egiteko espetxetik atera ahal izateko. Hain zuzen, bigarren aldia da tratamendu batzordeak horren alde egiten duela. Halere, apirilean egin bezala, oraingoan ere murru bat topatu dute Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak helegitea jarri zion erabakiari, eta Castro epaileak harekin bat egin du. Argudiatu du egoera ez dela aldatu auziaren inguruan ebatzi zuen lehen alditik, Iparragirre delitu larriengatik dagoela preso eta 2034an beteko duela zigorra osorik.
Antzeko argudioak erabili ditu Olarraren eta Agirregabiriaren hirugarren graduak atzera botatzeko ere. Olarraren kasuan, epaileak uste du badagoela eboluzio positibo bat, baina ez dela behar beste denbora pasa 100.2 artikulua aplikatu ziotenetik; 2025eko uztailean izan zen hori.
Olarrak 2032an beteko luke zigorra osorik, eta epemuga hori urrun dagoela ere iritzi dio epaileak. Epeei dagokienez, baina, hirugarren gradua eskuratzeko baldintza da zigorraren erdia beteta izatea. Olarrak 2017an egin zuen hori, eta beteak ditu baldintzapean aske geratu ahal izateko egin beharreko hiru laurdenak ere. Izan ere, Olarrak 25 urte daramatza preso. Horregatik, Sare Herritarra kexu azaldu zen urrian, Fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu zuenean, eta salatu zuen «justizia humanistarekin zerikusirik ez duten jarrerak» nabari direla Auzitegi Nazionalean.
Agirregabiriaren kasuan, berriz, epaileak iritzi dio 100.2aren aplikazioa nahikoa dela «birgizarteratze programarekin jarraitzeko», eta hala jarraitu beharko lukeela nolabaiteko «egonkortasun» bat erakutsi arte. Agirregabiriak 2029an beteko luke zigorra osorik, baina 2023an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.