Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro ohiak forudun izateari utzi dio, eta, hala, Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren esku utzi du Santos Cerdanen, Abalosen beraren eta Koldo Garciaren aurkako auzi judiziala. Gorenak arrazoitu duenez, jada ez du eskumenik auzia ikertzeko, eta, ondorioz, Ismael Moreno epaileak ikertuko du herri lanen adjudikazioan ustelkeriarik izan ote zen.
Orain gutxira arte, Abalos diputatu izan da Espainiako Kongresuko talde mistoan, eta, forudun gisa, babes juridiko berezia zuen. Horregatik, Gorenak hartu zuen bere gain ikerketa, baina, iragan astean Abalosek diputatu akta utzi zuenez, Leopoldo Puente magistratuak uste du eskumena «galdu» duela.
COVID-19aren garaian maskara batzuen erosketa irregularra izan zelakoan hasi zen Gorena ikertzen, eta, orain, auzi hori bereiz aztertzen ari dira. Apirilean epaituko dituzte Abalos, Koldo Garcia eta Santiago Aldama enpresaburua kasu horrengatik. Auzi saio hori bai, Gorenean egingo da —apirilerako espero da—.Â
Irailean, beste pieza bat bereizi zen hasierako auzitik, eta Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen instrukzioa bere gain: Moreno ikertzen ari da ustez PSOEk eskudirutan egindako zenbait ordainketa legezkoak diren. Epaileak susmoa du balitekeela ordainketa horiek lotura izatea enpresek ordaindutako komisioekin, baina esan du ikerketa hasi besterik ez duela egin. Orain, bere gain hartu beharko du auzi nagusia ere, herri lanen adjudikazioetan ustez izandako irregulartasunei buruzkoa.
Bitartean, Abalosek eta Garciak espetxean jarraitzen dute. Azaroaren 27an eman zuen haiek espetxeratzeko agindua Leopoldo Puente magistratuak, argudiatuta ihes egiteko arrisku handia zegoela. Defentsak aske uzteko eskatua zuen, eta, berriki, Puentek ebatzi du egoera ez dela aldatu.
Leire Diezen kasua eta Cerdan
Cerdanek gaur goizean deklaratu du Madrilgo epaitegian, lekuko gisa. Hazte Oir erakunde ultrakatolikoak salaketa aurkeztu zuen Leire Diez PSE-EEko Portugaleteko militante ohiaren aurka, eta Arturo Zamarriego epaileak aintzat hartu zuen, uste baitu Diezek ahalegina egin zuela informazioa bildu eta haren bidez Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren jarduera baldintzatzeko.Â
Epaile horrek argitu nahi du Diez bere kabuz ikertzen ari ote zen, kazetari gisa, edo alderdiaren aginduak betetzen ari ote zen. 2024ko apirilean, PSOEko Antolamendu idazkari zen garaian, Cerdan Diezekin bildu zen, eta horri buruz galdetu dio epaileak gaur.
Cerdanek azaldu du bi aldiz bildu zela Diezekin apirilean, eta hark telefonoz deitu ziola espetxetik atera zenean —Cerdan kartzelan izan zen ekainaren erditik azaroaren 19 arte—. Cerdanek ukatu egin du Leire Diez bere eskuin eskua zela. Cerdanek kontatu duenez, jada kaleratutako informazio baten berri eman zien Diezek bileran. PSOEko buruzagiak ez omen zion interesik ikusi informazio horri, eta ez zion haren berri eman PSOEko beste ezein buruzagiri. Adierazi duenez, ez zuen gogoan bilera horretara nork deitu zuen ere.Â