Auzitegi Nazionalak lau euskal preso auzipetu ditu, ETAk 2002an egindako ekintza batengatik

Antonio Piña epaileak Marixol Iparragirre, Jon Olarra, Iñaki Esparza eta Ainhoa Mujika auzipetu ditu, ustez ETAren zuzendaritzako kide gisa izan zuten rolari erreparatuta.

Auzitegi Nazionaleko sarrera, artxiboko irudi batean. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Auzitegi Nazionaleko sarrera, artxiboko irudi batean. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 22a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Antonio Piñak lau euskal preso auzipetu ditu ETAk 2002an egindako ekintza batengatik. Marixol Iparragirre, Jon Olarra, Iñaki Esparza eta Ainhoa Mujika euskal presoak dira, eta Santa Polako (Herrialde Katalanak) Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako atentatuan parte hartzea egozten die; bi lagun hil ziren atentatu hartan, eta dozenaka zauritu. Zehazki, ETAren zuzendaritzako kide izatea egozten die, eta posizio horretatik nolabaiteko parte hartzea izatea ekintza hartan.

ETAk 1990eko eta 2000ko hamarkadan egindako zenbait ekintza berriz ikertzeko lanetan ari da azken urteetan Auzitegi Nazionala, eta auzi horietako bat da Santa Polakoa. Izatez, 2024ko udan Mikel Albisu eta Ramon Sagarzazu preso ohiak ere auzipetu zituen.

Epailearen arabera, eginbide horien ondoren «indartu» egin dira haien kontrako delitu «zantzuak». Zehazki, argudiatu du Olarra eta Mujika Otsagi egitura militarraren zuzendaritzako kide zirela, eta haien pean zegoela «komando operatiboen kontrol eta koordinazio» lana. Esparzari, berriz, «aparatu logistikoaren arduradun nagusi» izatea egozten dio, eta argudiatu du haren lana zela «atentatuetarako materiala» lortzea eta prestatzea. Azkenik, Iparragirre «finantza aparatuarekin» lotu du; hau da, egozten dio erakunde armatuaren baliabide ekonomikoak kudeatzea, eta ondorioz, baita «ekintza terroristetarako» baliatutakoak ere.

Hala, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako txostenak oinarri hartuta, epaileak adierazi du «zuzendaritza egitura» horiek beharrezkoak zirela «atentatuak egiteko beharrezko materialaren hornidurarako», eta beraz, baita Santa Polako ekintzarako baliatutako materiala eskuratzeko ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA