Bistakoa zena berretsi du epaileak: ia hogei urtez sare publikoan lanean aritu den irakasle batek kontratu finkoa izan beharko lukeela dagoeneko. Bistakoa zen, baina ez da bete. Oraindik ez, behintzat. Steilas sindikatuak abiarazi zuen prozesu judiziala: 2008. urteaz geroztik behin-behineko kontratuak bata bestearen atzetik egin zizkioten irakasle bati, eta denbora horretan, ez zioten langile finko izaera aitortu. Horixe salatu zuten epaitegian. Eta orain, epaileek arrazoia eman diete hala sindikatuari nola langileari. «Urrats garrantzitsua dakar gehiegizko interinitatearen aurkako borrokan», adierazi dute Steilaseko kide Ane Apezetxeak eta Raul Lopezek, Iruñean egin duten agerraldian.
Alta, epaia aldekoa izanagatik ere, bidea ez da amaitu: sententziaren aurkako helegitea aurkeztu du Hezkuntza Departamentuak. Steilas sindikatuko kideen esanetan, errekurtso horrek agerian uzten du Nafarroako Gobernuak langile publikoen eskubideen auzian duen jarrera, eta kontra du Espainiako eta Europako jurisprudentzia, gainera: «Behin eta berriro urratzen ari dira enplegu publikoan behin-behinekotasuna mugatzeko Europako zuzentaraua, eta ez dute errespetatzen ez Espainiako Auzitegi Gorenak finkotasunaren inguruan ebatzitakoa, ezta Europako Batasunaren Justizia Auzitegiko epaiak ere».
Eskubide kolektiboa
Apezetxeak eta Lopezek nabarmendu dute kontratuen finkotasuna «nahitaezko baldintza» dela langileen egonkortasuna bermatzeko: «Eskubide kolektiboa da». Irakasleen egonkortasuna, gainera, hertsiki lotua dago hezkuntza komunitateen eta ikastetxeetako proiektuen segidari eta garapenari. Hortaz, Steilas sindikatuko ordezkarien ustez, irakasleak behin-behineko egoeran mantentzeak hezkuntzaren kalitateari erasaten dio zuzenean: «Bereziki zaurgarriak dira landa eremuko eskola txikiak, zeinetan ezinbestekoa baita lantalde egonkorrak izatea».
Steilasek uste du, baina, Nafarroako Gobernuak nahiago duela behin-behinekotasun tasa altuei eutsi, «langileak komeni zaionean kaleratzeko». Hori «prekarizazioa instituzionalizatzea» dela gaineratu dute.
«PPren antzeko politikak»
Nafarroako Gobernuaren eta, bereziki, Hezkuntza Departamentuaren jokabidea gogor kritikatu du Steilasek. Uste dute PSNk gauza bat esan eta beste bat egiten duela sektore publikoen kudeaketan: «PSOEk eta haren sateliteek behin eta berriro aldarrikatzen dute zerbitzu publikoen bermatzaile direla, baina, praktikan, PPren antzeko politikak aplikatzen dituzte».
Horren adibide gisa, 2012. urteko murrizketak ekarri dituzte gogora. «UPNk eta PSNk koalizioan gobernatzen zuten legealdi hartan, eta Carlos Gimeno bera gobernu hartako kide zen». Krisia aitzakiatzat hartuta, orduko gobernuak «politika austerizidak» aplikatu zituela esplikatu dute Apezetxeak eta Lopezek: «Eta beste krisi bat gertatuz gero, gobernu honek ez luke zalantzarik egingo murrizketa gogorrak berriro aplikatzeko eta irakasle guztien lan baldintzak txartzeko».
Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari gogorarazi diote langileei finkotasuna bermatzea ez dela hautazkoa, «legezko betebeharra baizik»; eta eskaera zuzena egin diote: «Ken dezala helegitea, eta beharrezko neurriak har ditzala gehiegizko behin-behinekotasuna bukatzeko eta hezkuntza publikoaren egonkortasuna segurtatzeko».