Auzo bat baino gehiago, baina ez udalerri

Hamarkada bat pasatu da Igeldoko biztanleek Donostiatik desanexionatzea erabaki zutenetik, baita auzitegiek erabakia bertan behera utzi zutenetik ere. Etzi beste galdeketa bat egingo dute, toki entitate txiki bihurtu ala ez erabakitzeko.

Igeldoko plaza eta eskola zaharra, atzo goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igeldoko plaza eta eskola zaharra, atzo goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Hamarkada pasatxo igaro da Igeldoko herritar gehienek Donostiatik desanexionatzea erabaki zutenetik. Hamarkada bat, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak herri bihurtzeko erabakia bertan behera utzi zuenetik. Igeldo oraindik Donostiako auzo bat da legez, baina hori aldatu daiteke. Donostiako Udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak antolatuta, galdeketa bat egingo diete igeldoarrei etzi, eta baietz edo ezetz erantzun beharko diote galdera honi: «Ados al zaude Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzearekin?».

Igeldo toki entitate txiki bat bihurtzeko aukera erdibide bat da: ez litzateke udalerri bihurtuko, baina Donostiako auzo bat baino gehiago izango litzateke. «Herria kudeatzeko beste entitate juridiko bat da. Donostiatik deszentralizatutako organo bat izango litzateke, bere eskumenekin eta herritarrek aukeratutako ordezkariekin», azaldu du Eneko Dorronsorok, Igeldoko Herri Kontseiluko lehendakariak.

Duela hamarkada bateko esperientziatik ondorio hau atera zuten herritarrek: egungo legediak ez du modurik ematen Igeldoren ezaugarriak dituen eremu bat udalerri bihurtzeko. Legeak alda daitezke, baina, bien bitartean, toki entitate txiki izatea irtenbide bat da, Dorronsororen ustez: «Gertuko kudeaketa lortuko genuke. Igeldon ohitura dugu lehenagotik batzarren bidez gure beharrak aztertzeko eta horiei erantzuteko. Kasu honetan ere, gertuko kudeaketa egiteko ahalmena edukiko genuke, baina aurrekontu batekin. Orain arte aldarrikatu ditugun eta Igeldok dauzkan gabeziak eta beharrak aurrera ateratzeko ahaldun egingo gara».

Herritarren gehiengoak baietz bozkatzen badu etziko galdeketan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko da Igeldo toki entitate txiki izendatzea. Herri Kontseiluak eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatu dute prozesua, eta udal teknikariak izan dira aldundikoekin harremanetan. «Transmititu digute ez dutela inolako arazorik ikusten», azaldu du Dorronsorok.

«Donostiatik deszentralizatutako organo bat izango litzateke, bere eskumenekin».

ENEKO DORRONSOROIgeldoko Herri Kontseiluko lehendakaria

Gipuzkoan badira toki entitate txiki gehiago; adibidez, Itziar Deban, eta Ereñotzu Hernanin. Leku horietan bezala, hainbat eskumen eskuratuko dituzte igeldoarrek, hala nahi badute. Toki entitate txikia eratu eta berehala, hauek: bide publikoen kudeaketa, berdeguneak zaintzeko lanak, argiteria eta eraikin publikoak mantentzeko lanak, eta adinekoen sustapena, esaterako. Kultur jarduerak, jaiak, kirol jarduerak eta hezkuntza ez-arautua antolatzea ere Igeldoko biztanleen esku geratuko lirateke berehala, baita euskara sustatzea ere.

«Negoziazio luzeago bat eta azterketa juridiko luzeagoak eskatzen dituzten eskumen batzuk ere badaude, eta ez ditugu berehala eskuratuko», zehaztu du Dorronsorok. Bigarren faserako geratuko dira eskumen horiek: hirigintza, etxebizitza, hondakinen bilketa eta hilerri zerbitzua, besteak beste. Demokratikoki hautatu beharko dituzten auzo alkate bat eta lau zinegotzi ere izango lituzkete, baita zenbait langile publiko ere. Udalarekin adostu dute eskola zaharraren eraikina eraberrituko dutela, toki entitate txikiaren egoitza izateko.

Herri izateko gogoa

Etzi igeldoarrei egingo dieten galdeketa ez dute kasualitatez antolatu. Urte luzez aritu dira herritar asko Igeldo herri bihurtzeko gogoa egia bihurtzeko lanetan, eta izan dira saiakera ugari. 1990eko hamarkadan hainbat igeldoarrek Itxas Aurre plataforma sortu zuten, eta herritarrei galdetu zieten ea herri izan nahi zuten. Gehienek baietz esan zuten, baina gogoa ez zen egia bihurtu.

Azken galdeketa 2013ko azaroaren 10ean egin zuten, eta izan zuen zeresana. 2011ko udal eta foru hauteskundeen ostean Bildu gailendu zen Gipuzkoan eta Donostian: Martin Garitano izendatu zuten ahaldun nagusi, eta Juan Karlos Izagirre igeldoarra —Itxas Aurre plataformaren bozeramaile izandakoa— alkate. Bi erakunde horien babesarekin egin zuten galdeketa 2013an, eta igeldoarren %61,38k desanexioaren alde bozkatu zuten. Aldundiak handik gutxira onartu zuen Igeldo herri bihurtzeko dekretua.

Hala ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk helegitea jarri zioten dekretuari, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zien 2016an. Igeldoren herri izaera bertan behera uzteko arrazoietako bat hau izan zen: udalerri bat sortzeko, gutxienez 2.500 biztanle eduki behar dira, eta Igeldok mila inguru ditu. Ondorioz, Donostiari lotuta segitu zuen Igeldok, auzo moduan.

Galdeketan parte hartzera dei egin du Herri Kontseiluak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Galdeketan parte hartzera dei egin du Herri Kontseiluak. ANDONI CANELLADA / FOKU

2020. urtearen bueltan Donostiako Udala eta Igeldoko Herri Kontseilua biltzen hasi ziren egoerari irtenbide bat emateko, eta abian jarri zuten toki entitate txiki bihurtzeko prozesua. Hortik dator etziko galdeketa. «Denok onartzen dugu hasieran mesfidantza geniola elkarri. EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak ezezko borobilak eman dizkigu igeldoarroi desanexioaren gaia dela eta. Eguneroko kudeaketan ere beti bazterrean gelditzen ziren gure hainbat eskari. Orduan, konfiantza berreskuratzea izan da lanik handiena, emango den pausoa benetakoa dela sinistea», azaldu du Dorronsorok.

Toki entitate txiki bihurtzeko aukerari garrantzia eman dio Dorronsorok, nahiz eta nabarmendu duen ez dituela guztiz aseko. «Pauso bat da», nabarmendu du: «Lortu duguna ez da gutxi, eta baloratzen jakin behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.