Auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezar dezala eskatu dio euskalgintzak Iruñeko Udalari

Datorren ikasturtean haur eskoletako eskaintza bere horretan uzteko erabakia txarretsi dute euskararen aldeko eragileek, baina uste dute denbora dagoela datozen urteetarako plangintza egoki bat prestatzeko.

Iruñeko Euskalgintzako ordezkarien agerraldia, gaur, Iruñeko Laba elkartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Euskalgintzako ordezkarien agerraldia, gaur, Iruñeko Laba elkartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2024ko otsailaren 21a
12:00
Entzun

Euskalgintza ez dago pozik Iruñeko haur eskolen egungo eskaintzarekin. Euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen zentro bakarra dago hiriburuan —Izartegi haur eskola, Txantrean—, eta, beste auzo batzuetan eredu «misto» bat ezarria duten arren —gaztelaniazkoak euskarazko jarduera batzuekin, edo euskarazkoak ingelesezko edukiekin—, eskaintza «oso eskasa» dela uste dute euskararen alorrean lan egiten duten eragileek. Hori salatzeko agerraldia egin dute gaur Iruñeko Euskalgintza plataforma osatzen duten eragileek, Laba elkartean. Plataformako kide dira AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen, HE Gurasoak eta AET elkarteak, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuak.

Eragileok ezinegona agertu dute udal gobernu berriaren jarrera dela-eta, iragarri baitu egungo eskaintza ez dela aldatuko 2024/2025eko ikasturtean ere. «Ez da berri ona», esan du IKAko Iker Mundiñanok, plataformaren izenean. «Azken hilabeteetan, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa udal taldeekin bildu gara, eskaera argi batekin: Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua ezar dezatela», azaldu du Mundiñanok. Zehazki, hiru auzo proposatu dituzte, euskarazko eskaintza orokortzen hasteko: Mendillorri, Arrosadia eta Donibane. «Horrez gain, haur eskola gehiagoren beharra ere iradoki diegu, iaz eskaeren %80 tokirik gabe geratu baitziren». Euskalgintzako ordezkarien ustez, udal talde horiek jarrera «irekia» izan zuten oposizioan zeuden bitartean. «Gobernura iritsita, ordea, adierazi digute hurrengo ikasturtean ez dela aldaketarik izanen».

«Oposizioan zeudela, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak jarrera irekia erakutsi zuten, baina udal gobernura iritsita, esan digute hurrengo ikasturtean ez dutela haur eskoletan aldaketarik ezarriko. Ez da albiste ona».

IKER MUNDIÑANOIruñeko Euskalgintzako ordezkaria

Hala ere, ez dute amore eman nahi, eta gogora ekarri dituzte Joseba Asiron alkateak berriki eginiko adierazpen batzuk: «Asironek esana du agintaldi honetarako helburua dela Iruñeko edozein auzotan haurrek euskaraz ikasteko aukera edukitzea». Steilaseko Ane Apezetxeak aitortu du alkatearen adierazpenek «itxaropena» piztu dutela, baina estu zainduko dutela udalaren jarduna, helburu hori bete dadin. «Udalak azaldu digunez, ezin dute ikasturte honetan aldaketarik ezarri, epe eta denbora kontuengatik, baina, hurrengoei begira, aitzakia hori ezinen dute erabili», gehitu du AEK-ko kide Asier Biurrunek: «Gaur bertan lanari ekinez gero, ez litzateke arazorik egon behar euskarazko murgiltzea auzo guztietan eskaini ahal izateko, eta, hori gauzatu bitartean, urrats batzuk egin daitezke egungo eskaintza hobetzeko».

Oraingoz, Iruñeko Euskalgintzak iragarri du bere aldarrikapenei eutsiko diela datozen hilabeteetan, eta mobilizazio sorta bat iragarri du udaberrirako.

Eskola bakarra euskaraz

Yolanda Barcina alkate zen garaian, bi ziren euskarazko haur eskolak Iruñean, eta Txantrea auzoan zeuden biak ala biak. 2015ean, Joseba Asironek aginte makila eskuratu ostean, zeharo aldatu zen egoera, eta lau haur eskolatan ezarri zuten murgiltze eredua: Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian. UPNk eta PSNk berehala ozendu zuten «euskararen inposizioari» buruzko diskurtsoa, eta auzitara ere jo zuten, euskarazko eskaintza handitu izanaren aurka.

2019an UPN atzera ere udal gobernura itzulita, Enrique Maia eta Cristina Ibarrola alkateek urtetik urtera murriztu dute euskarazko eskaintza: Iruñe osoan hamazazpi haur eskola daude, eta, gaur egun, bakarrak du murgiltze eredua: Txantreako Izartegik. Beste auzo batzuetan, euskara eskaintzen da beste hizkuntza batzuekin batera. Kasu horietan, baina, eskolako hizkuntza nagusia gaztelania dela salatu dute euskalgintzako kideek: «Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen diren esparruetan, gaztelania gailentzen da; hezitzaileek erdaraz egiten dute euren artean, nahiz eta eduki batzuk euskaraz eman».

Horregatik, murgiltze ereduaren garrantzia azpimarratu du Mundiñanok: «Egoera diglosikoan bizi diren herrialdeetan, berebiziko garrantzia du murgiltzean oinarritutako irakaskuntza sistemak: hizkuntza nagusia gizarteko esparru guztietan zabalduena izanik, eskolak lehentasunezko lekua ematen dio hizkuntza gutxituari. Murgiltze sistemari buruz egin diren ikerketek argi erakusten dute hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ikasleen elebitasuna edo eleaniztasuna bermatzen duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.