EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikasle Kontseiluak lanuzte akademiko baterako deia onartu du gaur, azaroaren 11rako. Greba egiteko deialdia egina dute Euskal Herriko sindikatu nagusiek egun horretarako, etxebizitza eskubidearen alde, eta mobilizazio horrekin bat egin nahi izan du horrela Ikasle Kontseiluak. Deialdiarekin bat egiteko esan die ikasleei; izan ere, gogora ekarri du etxebizitzaren prezio garestiek ikasleen jardunbidea ere «baldintzatzen» dutela. «Zenbait pertsona etxe ondoan duten unibertsitate pribatu batera bultza ditzakete; edota, kasu larrienetan, unibertsitate ikasketei uko egitea ere ekar dezake». Horiek horrela, etxebizitza eskubidearen alde egitea ikasketak modu egokian egitearen alde egitea ere badela esan du ikasleen erakundeak.
Manifestu baten bidez egin dute lanuzterako deia. Gogora ekarri dute etxebizitzak hain garestiak izateak ez duela eragin iguala ikasle guztiengan; familiaren laguntzari esker, ikasketak nahi duten tokian egiteko aukera izaten dute hainbat gaztek, baina beste zenbaitek lana eta ikasketak bateratu behar dituzte ezinbestean, edo zenbait aukera akademiko bertan behera utzi. Horregatik, azaldu dute etxebizitza politikek ere berebiziko garrantzia dutela unibertsitate publikorako sarbidea bermatze aldera. Era berean, EHUri eskatu diote abian jartzeko, gainerako instituzioekin lankidetzan, ikasleek etxebizitza arloan dituzten beharrei erantzuteko proposamenak.
Izan ere, gogora ekarri dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan titulazioak banatuta dauden moduaren ondorioz ikasle askok etxebizitza bat behar izaten dutela eskoletara joateko, garraio publikoak ez duelako beti bermatzen betebehar akademiko guztietara behar bezala heltzea. Era berean, erantsi dute beken bidez ere ziurtatu behar dela etxebizitzan eta garraioan ikasleek egin behar dituzten gastuei aurre egiteko bidea.
Gogora ekarri dute lanuzte akademikoak modua ematen diela ikasleei eskoletara ez joateko, ondorio akademikorik gabe. Era berean, esan dute lanuzte egunerako ezingo dela ebaluazio probarik jarri. Jada jarrita zeudenak, hala ere, mantendu egingo dira.