Azaroaren 20a Transen Memoriaren Eguna izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Jaurlaritzaren arabera, helburua da egun horren bidez transen «aitorpen instituzionala, erreparazio sinbolikoa eta ikusgaitasuna» indartzea. Transen aldeko Naizen, Errespetuz eta Loratuz Lotu elkarteekin lankidetzan ondu dute adierazpena.

Sumin Trans elkarteak Gurutzetako ospitalearen aurrean egindako elkarretaratze bat, Bilbon, otsailean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sumin Trans elkarteak Gurutzetako ospitalearen aurrean egindako elkarretaratze bat, Bilbon, otsailean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko martxoaren 24a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrerantzean, azaroaren 20an egongo da zer aldarrikatu eta zer ospatu, Transen Memoriaren Eguna izendatu baitute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hartu du erabakia, gaur onartutako dekretu baten bidez, eta, jakinarazi duenez, neurriaren helburua da transen «aitorpen instituzionala, erreparazio sinbolikoa eta ikusgarritasuna» bermatzea eta indartzea. 

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak transen aldeko Naizen, Errespetuz eta Loratuz Lotu elkarteen laguntzarekin ondu du adierazpena. Hala, urrats honek segida emango dio «transak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari» buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legeari, zeinaren 6. artikulua transen memoriari buruzkoa den. Hain justu, lege horrek exijitzen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio eta erakunde publikoei transen memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko lan egin dezatela, baita aitorpenerako egun eta gune bat susta dezatela ere. 

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azaroaren 20ko izendapena urrats bat da «gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat» eraikitzeko, eta, era berean, helburu du «LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea berdintasun politika publikoen agendan» txertatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!