«Emakume langileen aurkako indarkeria etengabea» eta «gero eta bortitzagoa» dela saiatu du Itaiak, eta azaroaren 25ari begira, bortizkeria matxistaren aurkako borroka «lehen lerroan» jartzera deitu du. Emakumeen Antolakunde Sozialistak hiru lan ildo nabarmendu ditu: matxismoaren aurka posizioa hartzea, «erasotzaileek tokirik izan ez dezaten»; emakumeen babesa bermatzeko kalitatezko bizi baldintzen alde egitea; eta kaleko mobilizazioa indartzea. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatuko da bortxa matxistaren aurkako egunean.
Deialdiari buruz igorritako prentsa oharrean, Itaia eskuinaren eta eskuin muturraren aurka mintzatu da: emakumeen aurkako diskurtsoak eta erasoak normalizatzea eta erasotzaileen inpunitatea areagotzea egotzi die. Baina azken urteetan agintean izandako ezkerreko alderdiak ere kritikatu ditu: «Indarkeria matxista ez dute lehentasunezko auzitzat hartu, eta instituzio kapitalisten barruko kudeaketara mugatu dute erantzuna, gero eta baliabide gutxiagorekin eta emakumeen babesa bermatu gabe». Horren adibide gisa aipatu dituzte bortxa jasan duten andrazkoak etxetik kaleratu izana beste bizitokirik eskaini gabe.
Kaleko mobilizazioak apaldu direlakoan, kezka ere agertu du Itaiak. Horren aurrean, «mugimendu indartsu bat» eraikitzearen alde egin du, «instituzioetatik haratago eta ikuspegi independente batetik jardungo duena».

