Azaroaren 26an, Iruñeko Iturrama auzoan, auto batek gurpil aulkian zihoan herritar bat harrapatu zuen. Egun hartan Iruñeko Udaltzaingoak zabaldutako oharraren arabera, behar ez zen tokitik igarotzen ari zen, San Joan Bosco kalean, 17:50 aldera. Orain, Noticias de Navarra egunkariak jakinarazi du hil egin zela gizona, urtarrilaren 11n, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, istripuaren ondorioz izandako lesioen ondorioz. Adacen Nafarroako Garun Kaltearen Elkarteko kide zen hildakoa.
Guztira 49 pertsona hil ziren iaz errepide istripuetan Nafarroan, aurreko urtean baino 26 gehiago. Azken urteetako daturik okerrena izan da, eta 2007ra atzera egin behar da hildako kopurua gainditzeko (50). Nafarroako Gobernuak kezka azaldu zuen urte amaieran horregatik. Hildakoetatik zortzi oinezkoak izan ziren.