Haizeak astindutako bandera errepublikanoak eta ikurrinak. Krabelin gorriak eta aurreskua. Eta, taula zuri batean, Arabako historia gorriz markatu zuen «pasarterik beltzenetako» baten hamasei biktimen izenak: Teodoro Gonzalez de Zarate, Alfredo Gonzalez de Zarate, Francisco Villan, Jose Luis Diaz de Mendibil... Banan-banan izendatu dituzte, eta lore bana paratu dute haien omenez. Gaur bete dira 89 urte Emilio Mola jeneralak aginduta Azazetako mendatean (Araba) frankistek hamasei pertsona tiroz hil zituztenetik, eta haiek oroitzeko ekitaldi bateratua egin dute EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak, Berdeek eta Sumarrek Gasteizen. Orduan bezalaxe orain ere «faxismoak» herrien eta pertsonen askatasunaren defentsari atea itxi nahi diola salatu dute omenaldian.
Urtero legez, Gasteizko Santa Barbaran egin dute oroimen ekitaldia. Gogora ekarri dituzte 1937ko martxoaren 31ko iluntzeko jazoerak. Gauean bi kamioneta agertu ziren Gasteizko Bake kaleko espetxean, eta handik hamasei pertsona atera zituzten: Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate hautetsia, zenbait zinegotzi, alderdi eta sindikatuetako militanteak, eta baita jarrera politiko jakinik gabeko langileak ere. Libre uzteko agiria sinarazi, eta kamioietan sartu zituzten, falangistaz, erreketez eta guardia zibilez inguratuta. Azazeta mendatera eraman zituzten, basoan sartu, tiroka hil, eta hobi batean lurperatu. Urte gutxi batzuk geroago, gorpu batzuk berreskuratu zituzten, ezkutuan. 1978ra arte ez zituzten denak atera.
«Erregimen berriari aurka egiten ari ziren edozein zantzu deuseztatzea zen helburua», salatu dute ekitaldian. «Ez zen kasualitatea izan frankistek izua Gasteizen eta Araban zabaltzea 1937ko martxoaren 31ko gau hartan. Mola jenerala bera Arabako hiriburuan izan zen egun batzuk lehenago, eta agintari militarrei errepresio frankista areagotzeko eskatu zien», gogoratu dute. Izan ere, egun horretan bertan Italiako armadako hegazkinek Durango eta Elorrio (Bizkaia) bonbardatu zituzten, eta hilabete batzuk lehenago Otxandioko (Bizkaia) Andikona plaza bonbardatu zuten jaiak ospatzen ari zirela; gauza bera egin zuten gerora Gernikan (Bizkaia).

Rocio Viterok (EH Bildu), Lourdes Garcia de Garaiok (Ahal Dugu), Luci Vinagrek (Ezker Anitza), Erika Martinezek (Berdeak) eta Begoña Roldanek (Sumar) hartu dute hitza ekitaldian. Azazetako sarraskitik 89 urtera, ahotsa altxatu dute Palestinako genozidioaren aurka, eta bakearen aldeko eta gerren kontrako «oihua» goratu; negoziazioaren eta elkarrizketaren alde egin dute, eta herrien subiranotasuna errespetatzeko exijitu.
Halaber, «kezkaz» ikusi dute autoritarismoaren gorakada eta eskuin muturra Espainiako Gobernua baldintzatzeko gai izatea. Eta, horregatik, hain justu ere, duela ia mende bat gizarte «justuago eta solidarioago» baten alde borrokatu zirenak gogoan izan dituzte, eta haien ereduari jarraitzera deitu dute: «Hori da bidea. Faxismoaren aurrean, eskubide eta askatasun gehiago».
Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute izaera plurinazionaleko «proiektu aurrerakoi» bat oinarri hartuko duten «fronte zabalak» eta «gutxiengoen programak» artikulatzea, «sektore demokratiko zabalak» erakartzeko eta herri prozesu berri batean indarrak metatzeko. Haien esanetan, prozesu horrek errepublikazalea, konfederala, munizipalista eta internazionalista izan behar du, eta eskubide sozial, kolektibo eta nazionalak «blindatu» beharko ditu. «Bada garaia alternatiba demokratikoak sortzeko».
Instituzioen aitortza
Bestalde, instituzioek ere gogoan izan dituzte frankismoak errepresaliatutakoak. Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak ekitaldia egin dute Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate izandakoaren omenezko Isiltasunean oihuka oroitarriaren inguruan. Memoria historikoa bizirik mantentzearen alde egin dute, «gertatutakoaz ikasteko eta hori berriz ez gertatzeko».