Azken agurra egin diote Zesar Martinezi, «oroitzeko eta eskertzeko»

EHUko irakaslea eta gizarte ekintzailea zen, eta maiatzaren 26an zendu zen, bizikleta istripu baten ondorioz. Joxemi Zumalabe Fundazioko eta hainbat herri mugimendutako kideek antolatu dute ekitaldia, Gernikan.

Zesar Martinezi egindako omenaldia, gaur, Gernikan. JOXEMI ZUMALABE FUNDAZIOA
Zesar Martinezi egindako omenaldia, gaur, Gernikan. JOXEMI ZUMALABE FUNDAZIOA
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 4a
17:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan maiatzaren 23an bizikleta istripu bat izan zuen Zesar Martinez EHUko soziologia irakasleak, eta handik hiru egunera hil zen, 58 urte zituela. Barakaldarra zen jaiotzez, eta handik ez hagitz urrun elkartu dira gaur Joxemi Zumalabeko eta hainbat herri mugimendutako kideak, Gernika-Lumon (Bizkaia), «azken agurra egiteko bizitza osoa herriaren alde eman duen lankide kutunari».

EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako Departamentuko kidea zen Martinez, eta unibertsitate horretako Parte Hartuz ikerketa taldekoa ere bai. Horrez gain, «hamaika proiektu komunitariotan jardun zuen bere bizitza osoan, talde begirada, elkarlaneko dinamikak eta prozesu kolektiboen zaintza erdigunean jarriz», adierazi dute azken hilabeteetan hainbat elkartetan harekin ibilitakoek.

«Ekitaldi berezi bat» antolatu nahi zuten gaurko: «Ohartu baikara unea heltzen denean ez dakigula maite ditugunak nola agurtu», erran dute. Hortaz, ariketa politiko bat egin dute, emozioak, ariketa kolektiboak eta magia uztartuta.

Konpromiso kolektiboa

Bertze deusekin abiatu aitzinetik, Martinezen ibilbidearen kokapena egin dute: erreka baten irudi luze bat paratu, eta bakoitzak harekin dauzkan oroitzapenak idatzi dizkio gainean, «oroitzeko eta eskertzeko». Ondotik, Joxemi Zumalabe Fundazioko kideek Martinezen omenez idatzitako ipuina irakurri dute. Izan ere, Joxemi Zumalabe Fundazioko «kide historikoa» izan zen, 18/98 epaiketaren aitzinetik eta haren ondoren. Baina ez hangoa bakarrik: Iratzar fundazioan, Sare Herritarrean eta Larrabetzuko (Bizkaia) Gurpide nekazarien eta kontsumitzaileen elkartean «sakonki» aritu zen lanean, oroitu dutenez. «Konpromiso kolektiboa» zuen Martinezek, baita «borondatea eta gogoa» ere.

Zumalabe Fundaziokoen ondotik, bertze eragile batzuetako kideek hartu dute hitza; hala nola Bizilur, Gurpide, Ehunka, Astra, Errekaleor, Sare Herritarra eta La Caracola mugimenduetakoek. Aurresku bat dantzatu diote gero, baita kantatu ere, espresuki Martinezi idatzitako hitzekin.

Azken errituala ekitaldia bukatzeko: sua piztu, eta mezuak jaurti bertara. «Asmoa da errautsak Euskal Herritik barrena banatzea, Zesarren txoko txukunenetatik barrena», azaldu dute antolatzaileek. «Eskerrik asko, Zesar, mundua eraldatzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu beti, zuk irakatsi zenigun bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA