Salatu dute azken bi hilabeteetan Bilboko bi etxegabek eraso larriak jasan dituztela

Atxuri Harrera elkarteak eta beste hirurogei gizarte eragilek kezka azaldu dute gaua kalean igarotzen dutenen segurtasunik ezagatik. Azaroaren 10ean elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazio plazan.

Bilboko udaletxearen aurrean egindako protesta bat, etxebizitzarako eskubidea aldarrikatzeko. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilboko udaletxearen aurrean egindako protesta bat, etxebizitzarako eskubidea aldarrikatzeko. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko abenduaren 5a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken bi hilabetetan, Bilbon kalean lo egiten duten bi pertsona migratuk eraso larriak jasan dituztela jakinarazi du Atxuri Harrera elkarteak: horietako bat bere kanpin denda barruan erreta hiltzeko arriskuan egon zen, «norbaitek piztutako» sute baten ondorioz. Besteari ebakuntza egin behar izan zioten ospitalean, eraso egin baitzioten kalean, eta oraindik ez da osatu. Bilboko Udaltzaingoan salaketa aurkeztu, eta kalera ateratzea erabaki du Atxuri Harrera taldeak, «gure auzoetako kaleetan gaua igarotzen duten pertsonek bizi duten segurtasunik eza» azaleratzeko. Horiek horrela, hirurogei gizarte eragilek baino gehiagok bat egin dute abenduaren 10erako egindako deialdiarekin: 19:00etan elkartuko dira, Atxuriko Enkarnazio plazan, Kaleak hil egiten du lelopean.

Kolektiboko kideak keztatuta agertu dira kalean gaua igarotzen duten pertsonek bizi duten segurtasunik ezagatik eta horrek sortzen dien izu egoeragatik. Elkarretaratzea antolatzeaz gain, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Segurtasun arloei gutun bana helaraztea erabaki dute, eta horrekin bat egin dute 60 gizarte eragilek baino gehiagok.

«Kaleak  suntsitu egiten ditu pertsonak, hondatu egiten ditu, eta, batzuetan, hil ere bai»

SONIA NANCLARES Atxuri Harrera elkarteko kidea

Atxuri Harrerak urte asko daramatza lanean, auzoko kaleetan bizi diren pertsona migratuei harrera ahalik eta duinena emateko: «Besteak beste, egunean zehar haien gauzak gordeta uzteko aukera ematen diegu, baita te beroa hartzekoa ere», Sonia Nanclares elkarteko kideak azaldu duenez. Taldeak antolatutako egitasmo batzuetan parte hartu izan dute erasoak jasan dituzten lagunek. Hori dela eta, harreman estua daukate Atxuri Harrerakoekin: «Haiek kontatu digute», ziurtatu du Nanclaresek.

Gogorarazi duenez, lehen aipatutako bi erasoez gain, beste bat ere hartu behar da kontuan, duela bi hilabete 21 urteko gazte bat hil baitzuten Solokoetxen: «Badugu harremana hura ezagutzen zuten pertsona batzuekin, baina ez dakigu ezertxo ere mutil horretaz». Beste bi kasuetan, ordea, ezaugarri bat komun zutela uste du Atxuri Harrerak: kalean bizi behar ez izateko «alternatibarik eza». Izan ere, Nanclaresek ohartarazi duenez, «kaleak suntsitu egiten ditu pertsonak, hondatu egiten ditu, eta, batzuetan, hil ere bai». Udalari, bestalde, zera egotzi dio: erasoen berri izan ondoren «ezertxo ere ez egitea», Bilboko Udaltzaingoan salaketak aurkeztu ziren arren. «Ez dute erasoen berri eman inon», Nanclaresek gaitzetsi duenez. Atxuri Harrera elkarteko kideak aitortu du ez dakiela erasoen kopuruak gora egin duen ala ez, baina ziurtatu du etxegabeen kopurua handitzen joan dela.

Aterpetxeak, itxita

«Beti motz geratzen diren» datu ofizialen arabera, azken bi urteetan kopuru horrek %255 egin du gora Bilbon; izan ere, 2022an 247 etxegabe zenbatu zituzten, eta 2024an, berriz, 605. «Hala ere, duela urte batzuetatik hona ikusi dugu udal azpiegiturek ez dutela martxan jarri pertsona horiek hartzeko leku gehiagorik», Atxuri Harrera elkarteak udalari helaraziko dion idatzian irakur daitekeenez.

Azaldu dutenez, aterpetxe batzuk itxita egoten dira, eta hotz handiko boladak izaten direnean bakarrik irekitzen dituzte. «Eta baldintzak nahiko hobetu daitezke, hotz egiten baitu aterpeetan, eta koltxoien ordez hamakak jartzen baitituzte», salatu dute.

Bestalde, Atxuri Harrerako kideek uste dute 20.000 biztanletik gorako udalerrietan ez dagoela baliabide nahikorik, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak adierazten duen bezala. Eta oraindik ere «haserre» daude ez dutelako langilerik kontratatu Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuan «azken bi urteetan egondako atzerapenak» arintzeko: «Jendeak ezin du hiru hilabetez itxaron lehenengo hitzordurako. Ez da nahikoa, ez da duina eta ez dator bat gizarte larrialdi bati aurre egiteko zerbitzu batekin».

Interes politikoen arabera

«Garaian garaiko interes politiko eta ekonomikoaren arabera agertzen edo desagertzen dira tokiak Bilboko aterpetxeetan, eta ez pertsonekiko errespetuaren arabera», salatu du Atxuri Harrerak. Izan ere, gauzak horrela, «aho zabalik» utzi ditu Zorrotzaurre auzoko bi lantegi zaharretan lo egiten zuten laurogei lagun kaleratu dituzten albisteak.

«Jakin dugunez, pertsona horiek hiru lekutan birkokatu zituzten. Nolanahi ere, harritu gintuen bat-batean pertsona horientzako tokiak bazeudela ikusteak. Handik atera behar izan zituzten Zorrotzaurreko hirigintza proiektuaren lanekin aurrera jarraitzeko».

«Ez dakit erasoen kopuruak gora egin duen ala ez. Etxegabeen kopurua, ordea, handituz joan da»

SONIA NANCLARES Atxuri Harrera elkarteko kidea

2022ko urtarrilean Atxuriko kirol pistak itxi zirenean ere «estrategia bera» erabiltzen saiatu zirela salatu dute: «Ingurua hesitzeko etxegabeak irtenarazi nahi izan zituztenean, hara joateko esan zitzaien gizarte zerbitzuei, kalean bizi zirenei ostatua eskaini, eta tokia husteko bidea libre utz zezaten». «Eta hori guztia aipatzen dugu, kantxa edo lantegi abandonatu batzuk gaua igarotzeko leku duinak ez direla kontuan izanda», zehaztu dute.

Horregatik guztiagatik, 20.000 biztanletik gorako udalerri guztietan eta 50.000 biztanletik gorako mankomunitateetan Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea aplikatzea eskatu dute gutuna izenpetu duten kolektiboek. Bilbori dagokionez, hori aplikatu bitartean, gaua igaro ahal izateko tokiak jar daitezen galdegin dute. Halaber, legea bete dadin, beharrezkoak diren erakundeekin harremanetan jarri beharko luke udalak.

Horretaz gain, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuan ordua lortzeko epea astebetetik beherakoa izan dadila eskatu dute. Azkenik, hiriko bizilagunei ere mintzatu zaizkie, arrazismoaren eta gorrotoaren diskurtsoa bere egin ez dezatela eskatzeko.

Nanclaresek zehaztu duenez, abenduaren 10eko deialdia kanpaina zabalago baten lehenengo ekitaldia izango da. Elkarretaratzeak bezala, Kaleak hil egiten du leloa izango du kanpainak. Bitartean, kontzentraziorako atxikimenduak biltzen jarraitzen du Atxuri Harrerak. Kaleak hiltzen duela salatzeaz gain, erasoak jasandako bi pertsona migratuei elkartasuna adieraziko diete.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.