Iosu Alberdi.

Azken txanpa

2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu ziren euskal presoen sakabanaketa eta urruntzea, eta bukatu zen lehen graduen aplikazio orokortua. Horren ordez, presoak espetxe ibilbidean urratsak egiten ari dira, eta haien eskubideen aldeko eragileek ere aitortu dute erakundeek zenbait pauso eman dituztela etxeratze prozesuari bide emateko. Indargabetu zen 7/2014 lege organikoa, Frantzian betetako zigor urteak zenbatzen hasteko, eta Jaurlaritzak eusten dio gradu progresioen eta baldintzapeko askatasunen ildoari.

Azken urtean, lehen aldiz agertu da torturaren biktima bat, Ixone Fernandez, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusian, ETAren bi biktimarekin lekukotzak partekatzen. Eta Justizia sailburuak esan du tortura «irmo» gaitzesten duela. Hark barkamena eskatu die Monbar hoteleko atentatuan hildakoen senideei ere, «lau hamarkadako absentzia instituzionalagatik».

Era berean, indarrean segitzen du 7/2003 lege organikoak, 40 urte arteko kartzela zigorrak ezartzen dituena, eta ETAren biktimen zenbait elkarteren adierazpenen segidan iristen dira fiskaltzaren gradu erregresio eskaerak; iaz, zazpi izan ziren. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrenaren harira piztutako eztabaidek ere agerian utzi dute memoriaz aritzean badela bidea egiteko, eta biktimen aitortzarako balorazio batzordeak azken txostenean adierazi zuen ezin dituela, legearen arabera, sakabanaketaren biktimak aitortu, ezta 1999tik aurrerako urraketa guztiak ere. Legebiltzarkideei lan horretan jarraitu ahal izateko laguntza eskatu zien batzorde berberak.

«Prozesu luze eta neketsu baten azken txanpan gaude», adierazi zuten atzo Sareko kideek, eta azken urteetako bidean aurrera egin den seinale da. Baina, ikusten denez, oraindik ere bada zer egin, eta ezin da gehiago luzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.