Hego Euskal Herrian 8.463 migratzailek eskatu zuten babesa iaz, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan asiloa eskatu zuten migratzaileen kopuruak %16 egin zuen behera, 2024ko datuekin alderatuta. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak eman du horren berri, gaur aurkeztu duen urteroko txostenean, eta nabarmendu du «eten» egin dela azken urteotako goranzko joera. Salatu duenez, «muga militarizatuen» eta «migrazio politiken erreformen» ondorioz egin du behera; zehazki, iazko maiatzean indarrean sartu zen Atzerritarren Lege berriaren 126. artikuluaren ondorioz.
Artikulu horretan zehazten da asiloa eskatzen duten migratzaileek tramite hori ebatzi zain ematen duten denbora ez dela aintzat hartuko errotze bidezko erregularizaziorako; hau da, egoera irregularrean dagoen migrante batek sei hilabete pasatu baditu asilo eskaera ebatzi zain eta babesa ukatzen badiote, sei hilabete horiek ez dituzte aintzat hartuko errotze bidezko erregularizaziorako, zeinak exijitzen duen Hego Euskal Herrian gutxienez bi urtez bizitzea. Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen arabera, errefuxiatu eta migratzaile gehienek horixe dute beren egoera erregularizatzeko «aukera bakarra».
Hego Euskal Herriko lurraldeen artean Bizkaian tramitatzen dute asilo eskaera gehien: hots, iaz 5.034 pertsonak eskatu zuten babesa Bizkaian; 1.415 pertsonak Nafarroan; 1.264 pertsonak Araban; eta 750 pertsonak Gipuzkoan.
Txostenean jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herriko lurraldeen artean Bizkaian tramitatzen dute asilo eskaera gehien: hots, iaz 5.034 pertsonak eskatu zuten babesa Bizkaian; 1.415 pertsonak Nafarroan; 1.264 pertsonak Araban; eta 750 pertsonak Gipuzkoan. Joera orokorraren ildotik, Nafarroan ere beherakada nabarmena izan da: iazko lehen seihilekoan, 894 asilo eskaera erregistratu zituzten; aurtengo lehen seihilekoan, berriz, 510. Hego Euskal Herrian asiloa eskatzen duten migratzaile gehienak Venezuelakoak, Kolonbiakoak, Malikoak, Perukoak, Senegalgoak, Nikaraguakoak eta Palestinakoak dira.
Malitik iritsitako migratzaileen «egoera zaurgarria» nabarmendu du Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak. Talde horren arabera, iaztik hona 1.400 maliar inguru iritsi dira denera Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eta horietatik 680 pasatu dira elkarteak Oñatin eta Tolosan (Gipuzkoa) kudeatzen dituen harrera etxeetatik. Halere, Malitik etorritako hainbat asilo eskatzailek eta Hego Euskal Herriko zenbait eragilek behin baino gehiagotan salatu dute haietako asko «kale gorrian» bizi direla, eta ez dutela «inolako babes instituzionalik».
EBren migrazio itunaren ondorioak
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak Bilbon egindako prentsaurreko batean aurkeztu du txostena, eta han izan da elkarteko zuzendari Javier Canivell. Bada, ohartarazi du Espainiako Gobernuak are asilo eskaera gutxiago onartuko dituela aurrerantzean, Europako Batasunak onartutako eta hilaren 12an abian jarritako migrazio eta asilo ituna baliatuta: «Horrek ez die soilik venezuelarrei eragingo, arrazoi humanitarioengatik migratzen duten guztiei baizik, baita, adibidez, maliarrei ere».
Hain zuzen, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak nabarmendu du «inoiz ikusi gabeko atzerapausoak» ematen ari direla nazioarteko babesaren alorrean, eta horren adierazletzat jo du Espainiako Gobernuak —haren esku dago Hego Euskal Herrian tramitatzen diren eskaerak onartzea edo ukatzea— asilo eskaeren %11,2 soilik onartu zituela iaz; EBko batezbestekoa %29koa izan zen.
Mobilizazioak Donostian eta Gasteizen
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango da larunbatean, eta, horren harira, Hego Euskal Herriko zenbait eragilek manifestaziora deitu dute: Donostian egingo dute, 11:00etan, Aquariumaren ondoko portuko arrapalan hasita, Harrera herria gara lelopean. Hogei bat gizarte mugimenduk bat egin dute manifestazioarekin, eta manifestu kolektibo bat ere sinatu dute: Ez Migrazio eta Asilorako Europako Itunari. Ez Europako Errepresio eta Heriotza Politikei. Prentsa oharrean salatu dutenez, «itun horrek ez du asiloa sustatzen; arrazakeria instituzionala elikatzen du».
Gasteizen ere mobilizazioa egingo dute, 13:00etan, Gasteizko 20J batzordeak deituta.