«Guk sinesten dizugu!» adierazi nahi izan diote hainbat eragilek Iratxe Sorzabal euskal presoari, hark bere torturatzaileen kontrako salaketa jarri eta Espainiako Auzitegi Nazionalari epaiketa irekitzeko eskatu ostean.
Iragan maiatzean epaitu zuten Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1995ean ETAk egindako bi ekintzarekin lotuta. Sorzabalek epaiketan berriz ere adierazi zuen torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta jo zutela erruduntzat. Ordura arte ikusi gabeko zerbait gertatu zen orduan: Auzitegi Nazionalak aitortu zuen Sorzabali «tratu gizagabea» eman zitzaiola Sorzabali; horrenbestez, lehen aldiz epai batean jasota geratu zen atxilotu bat torturatua izan zela, eta Sorzabal absolbitu egin zuten auzi hartan. Hargatik, GEBehatokiak aste honetan jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionalari eskatu dio ikertzeko Sorzabal nortzuk torturatu zuten eta auzi hori epaitzeko, argudiatuta Nazio Batuen Erakundeak berak esana duela tortura ezin preskribatuzkoa dela. Horren guztiaren harira egin dute Iruñeko agerraldia. Hainbat eragilek helarazi diote babesa Sorzabali: Euskal Herriko Bilgune Feministak, Euskal Herriko Gazte Feministek, indarkeria sexistaren aurkako Iruñeko emakumeen plataformak, Steilasek, LABek, ESK-k, ELAk, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek, hain zuzen.
Tortura sexistak eta matxistak salatu dituzte agerraldian: «Argi dugu kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia gisa torturatuak izan direla historikoki emakume eta kide ezkertiar independentistak, eta emakumezko euskal preso politikoek bi aldiz jasaten dute biolentzia oraindik ere: emakume izateagatik eta disidentzia politikoagatik». Hain zuzen ere, gogora ekarri dute sexu erasoak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, irainak eta bortxaketak behin baino gehiagotan izan direla inkomunikazio aldietan.
Eraso horien helburua patriarkatuaren sexu bereizkeria indartzea izan da, haien irudiko. «Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urte luzez estatuek babestua. Horrek zerikusia du justiziaren zentzu patriarkalarekin, eta agerian geratzen da justiziaren aplikazio osoan: prozesuetan, atxiloketetan, kondenetan, etengabeko epaiketetan…». Emakumea partaidetza politikotik aldentzea izan da torturaren xedea, nabarmendu dutenez.
Prozesuak politizatu
Agerraldiko partaideek gogoratu dute torturapeko deklarazioak froga gisa erabili direla epaiketetan, eta indarrean diren epai horietako askoren ondorioz hainbat lagun preso daudela oraindik.
Hargatik, ezinbestekotzat jo dute mugimendu feministak auzi hau hizpidera ekartzea, justiziaren eta erreparazioaren bidean eta memoria kolektiboaren izenean. «Askotarikoak dira torturak utzi eta uzten dizkigun ondorioak, eta baliabide eta baldintza egokiak behar ditugu horiei aurre egiteko eta osatze prozesuei bide emateko, prozesu horiek politizatuta eta ekarpen eta afera politiko gisa ulertuta». Esan dute lanean segituko dutela bai justizia, memoria, aitortza eta erreparazioa bermatzeko eta bai halakorik berriz ez gertatzeko.