Iratxe Sorzabal euskal presoak jasandako torturen testigantza eman zuen haren kontrako epaiketetan, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta azken ebazpenean, epaimahaiak aintzat hartu zuen «tratu gizagabe» hura, Sorzabal absolbitzeko. Ebazpen «historikotzat» jo zuten Egiari Zor-ek eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, eta jakinarazi zuten Sorzabalentzat «egia eta justizia osoa» eskuratzeko bideari ekingo ziotela. Bada, GEBehatokiak gaur eman du lehen urratsaren berri: Sorzabalek eskaera aurkeztu du hura torturatu zuten guardia zibilen kontrako auzia berriz irekitzeko.
Sorzabal hiru aldiz epaitu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina guztien oinarrian froga bera dago: 2001ean, inkomunikazio aldian, egindako deklarazioa. Edo zehatzago, ustez han esandakoak jasoz euskal presoak ETAko zuzendaritzari espetxetik bidalitako gutuna. Eskuizkribu hartan oinarrituta, 24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2022an, 1996an ETAk egindako bi ekintzari lotuta. Aurten, baina, bi aldiz absolbitu dute, 1995ean erakunde armatuak egindako beste bi ekintzagatik. Horietako batean, epaimahaiak argudiatu zuen ez zegoela gutuna hari egozterik. Bigarrenean, zera ebatzi zuen, inkomunikazio aldian pairatutako tratua kontuan izanda, «zuzenbideari begira baliogabea» dela bere burua erruduntzat jo izana, haren «oinarrizko eskubideak urratu» zirelako.
GEBehatokiak uste du «argigarria» dela Sorzabalen kasua, agerian uzten duelako tortura «estatu tresna sistematiko» bat izan dela autoinkulpazioetan oinarritutako zigorrak ezartzeko: «Auzitegi Nazionalak, urte luzez tortura onartuta lan egin duen salbuespenezko epaitegi antiterroristak, ebidentziaren aurrean makurtu beharra du».
Hori kontuan izanda, GEBehatokiak, Egiari Zor-ek eta Aiert Larrartek, Sorzabalen abokatuak, prentsaurreko batean jakinarazi zuten neurriak hartzen hasiko zirela, Espainiako justizia sisteman lehenik, eta haren partetik urratsik iritsi ezean, baita nazioartean ere. Horretarako, lehen urratsa Sorzabalek 2001ean bertan jarritako salaketa berreskuratzea da, galdera sorta bat erantzun nahian: «Nortzuk izan ziren torturatzaileak? Non dira elektrodoak aplikatu zizkioten horiek? Non daude sexualki eraso egin ziotenak? Hilko zutela mehatxatu zutenak? Non daude egitate hauen egileak?».
GEBehatokiak azaldu du «denbora tarte bat» utzi dutela pausoa emateko, «zuhurtziaz». Batetik, salaketa aurkezteko «aukerak eta eraginkortasuna ebaluatzeko». Bestetik, «epaileen eta fiskalen erreakzioa behatzeko». Izan ere, uste dute ofizioz jardun beharko zuketela, eskuduntza duen auzitegiak ebazpenean jasotakoa ikertzeko eta lekukotza jasotzeko, baina ez da halakorik iritsi. «Eskandalu hutsa da hain esplizitua den delitu determinazio baten aurrean euren burua aipatutzat jo ez izana», kritikatu dute.
Azalpenaren titulua edo galdera?
Iratxe Sorzabali babesa adierazteko «elkartasun argazki bat» ateratzeko deia egin dute larunbaterako, Irunen (Gipuzkoa). «Preso bidasoatarrak erabaki latza hartu du», adierazi dute Iratxeren Bidasoaldeko Lagunen izenean, eta gehitu salaketa jarri izanarekin hasiko duen «trantze gogorrean» babestu nahi dutela. Hala, Peña kaleko eskaileretara gerturatzeko deia egin dute, 13:00etarako, Iratxe, guk ere sinisten dizugu: kontatu gurekin lelopean.
Izan ere, inkomunikazio aldiaren ostean, Sorzabalek torturen berri eman zion Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile Ismael Morenori, eta salaketa bat jarri zuen auzitegi bereko 13. epaitegian. Hari sinesgarritasuna eman zion, besteak beste, Amnesty International erakundeak, baina epaileak auzia artxibatu zuen, deliturik egon izanaren indiziorik ez zegoelakoan.
GEBehatokiaren ustez, baina, orain bada auzia berriz irekitzeko nahikoa arrazoi. Azaldu dute auziaren oinarria Auzitegi Nazionalaren jardueraren parte izateak preskripzio epeak hautsi beharko lituzkeela. Halere, NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak apirilean hartutako erabakia kontuan hartzea nahi dute. Hartan, hain zuzen, Raul Fuentesen kasua hizpide, tortura preskribaezina dela adierazten da, haren ondorioak «iraunkorrak» direlako. Hala argudiatu dute oraintsu Pello Alcantarillaren kasuan ere.
Hala, auzia ez irekitzea «inpunitatearen eta zigorgabetasunaren beloa» zabaltzea litzatekeela uste dute, eta horri aurre egiteko nazioartera jotzeko prest dira: «Aukera guztiak agortzeko prest gaude, Iratxe Sorzabalek jasandako oinazeak egia eta justizia osoa izan arte».
«Haragi bizitan»
Sorzabalen kontrako epaiketetan, Larrartek galdetu zuen ea nola den posible atxilotu batek bere bertsioa Sorzabalek egindako moduan aldatzea besterik gabe. Izan ere, polizia deklarazioan hogei delitu baino gehiagoren egiletza bere gain hartu zuen, baina ez zuen adierazpen hori berretsi epailearen aurrean, eta salatu zuen torturapean behartu zutela hura sinatzera. Sorzabalek azaldu izan du Hernanin (Gipuzkoa) atxilotu ostean, Madrilerako bidean kolpeak eman zizkiotela, buruan poltsa bat jarri ziotela, eta deskargak eragin. Behin polizia etxean, poltsa jarri zioten berriro ere, «hamarnaka aldiz», eta botaka aritu zen horregatik.
Bi egun inkomunikatuta egon ostean, auzitegi medikuak ospitalera bidali zuen. «Aztertu ninduenean jakin nuen [bizkarra] haragi bizitan nuela», esan zuen Auzitegi Nazionalean. Ospitaletik itzuli ostean, deklarazioa «entseatzera» eta idaztera behartu zutela azaldu izan du.
Sorzabalen kasua adierazgarria da, agerikoak baitira torturaren ondorioak. Zehazki, elektrodoek gorputzean utzitako markak. Horiei egin zien erreferentzia Auzitegi Nazionalaren absoluzio epaiak, baita Benito Morentin auzitegi medikuak ere. Hark aztertu zuen Sorzabalen kasua, eta Istanbulgo protokoloa aplikatu ostean, baieztatu zuen lesio fisikoek —bizkarrezurreko patologiak, ondoeza, alopezia...— eta ondorio psikologikoek —trauma osteko estresa, psikoterapia beharra...— bat egiten dutela tortura salaketarekin.
Gainera, GEBehatokiak gogoratu duen moduan, Sorzabalek emakume izateagatik «tratu iraingarri baten astungarria» jasan zuen. «Guardia zibilak gizonezkoak ziren denak. Ni haientzat ez nintzen ez pertsona ez militantea, ni haientzat emagaldu puta bat nintzen eta kito. Autoan txanoa eta elektrodoak jartzen zizkidaten bitartean, gainera, denek ukitu lizunak egiten zizkidaten. Eta Madrilen osorik biluztu ninduten», salatu zuen euskal presoak berak epaiketetan.
Zenbait auzi irekita
Ikusteko dago, baina, zer ondorio izan ditzakeen Auzitegi Nazionalaren ebazpen hark. Izan ere, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta epaiketa berriro egiteko eskatu. Aurrez, 2022ko epaiaren ostean, instantzia hartara jo zuen Sorzabalen defentsak ere. Orduko hartan, abokatuarekin komunikazioa izateko eskubidea «mugatu» zela adierazi arren, zigorra berretsi eta torturak ukatu zituen. Gauza bera egin zuen ondoren Auzitegi Konstituzionalak ere. Hain zuzen, horri lotuta, Larrartek adierazi zuen auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko prest direla.
Horrez gain, Sorzabalen kontrako euroagindu bat ere bada martxan. Frantziak, baina, haren inguruan ebaztea atzeratu zuen urte hasieran, eta tortura salaketen inguruko azalpenak eskatu zizkion Espainiari. Frantziak euroagindu hori onartuko balu, ordea, Sorzabalen aurkako beste epaiketa bat jar liteke martxan Auzitegi Nazionalean, berriz ere deklarazio berean oinarrituta.
Sorzabal izan zen ETAren behin betiko su etenaren berri eman zuen kideetako bat, eta Norvegian ere izan zen, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak hasteko asmoz. Horren ostean, 2015ean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta Parisko Auzitegi Korrekzionalak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion. Frantzian preso zegoela, zenbait euroagindu eskatu zituen Espainiak, 2001eko inkomunikazio aldiko deklarazioan oinarrituta. 2021eko irailean denbora batez Espainiaratu zuten, eta 2022ko irailean behin betiko, Reauko espetxetik (Bretainia, 925 km) Estremerakora (Espainia, 520 km) lekualdatuta. Egun, Zaballako kartzelan (Araba) dago preso.