Ernaiko bozermailea

Ane Alaba: «Bada garaia gazteok, parte hartzeaz gain, protagonista izateko»

Gazteak erdigunean jarriko ditu Ernaik datorren astean Gazteon Eskutik ekinaldian. Solasaldi, kontzertu eta hausnarketaz osatutako egitarau zabala ondu dute.

Ane Alaba, Ernaiko bozeramailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Alaba, Ernaiko bozeramailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Gazteon Eskutik egitasmoa prestatu du Ernaik datorren asterako: Lezon (Gipuzkoa) izango da, hilaren 29an eta 30ean. Igandean, berriz, autobusak antolatu dituzte Iruñera joateko, Aberri Egunera. Ane Alaba taldeko bozeramaileak (Antsoain, Nafarroa, 2000) zehaztu du zer jarri nahi duten aurten mahai gainean: «Gazteok bagara gai eduki politikoa sortzeko, hitz egiteko eta iritzi propioa garatzeko eguneroko eztabaiden inguruan».

Aurten antolatu duzuen egitasmoa ez du Topagunea izena. Bertze ekintza eredu bat delako? 

Guretzat, ondare politikoari lotutako ekinaldia izendatzeko modu bat da Topagunea, eta balio politiko eta sentimentala ematen dio, baina baita dimentsio berezia ere. Ez diogu uko egiten horri, baina uste dugu ezin garela topagune etengabe batzuetan bizi. Horren eskema zurrunetatik ateratzeko aukera gutxiago ematen baititu.

Zein da, beraz, aurtengo proposamena?

Ernaik berrizendatzea Aste Santuan egiten dugun ekimena, uko egin gabe gainontzeko gazte antolakundeek izandako ibilbide politiko horri guztiari. Gure apustua marka bat sortzea da, izen propio bat sortzea, eta guretzat hori bada Gazteon Eskutik, ekimenaren esanahia, helburua eta izatea definitzen baititu.

Behin eta berriz azpimarratu duzue oraingoan, inoiz baino gehiago, gazteak izanen direla protagonistak. Zer dela-eta erdi-erdian jartzeko garrantzia?

Gazte hitzak beti izan du presentzia gure egitasmoen izenetan, guretzat garrantzitsua baita gazteria subjektu politiko gisa aitortzea, hainbat arrazoirengatik: uste dugulako gazteria badela baldintza edo ezaugarri politiko eta sozial konkretuak dituen sektore bat; identitateak, ideologiak, etorkizunerako espektatibak eraikitzen diren garai bat delako; eta, azkenik, gazteriak baduelako potentzia berezia eraldaketarako. Beraz, gazteak erdigunean jartzea subjektu politikoaren aitortzaren bidetik doa.

Militantzia horren osasuna nolakoa da? 

Inoiz baino gazteagoa da. Batetik, 2021ean eta 2022an egin genuen kongresuaren hasieran, esan genuen Ernai sortu zuen belaunaldi hark utzi egingo zuela antolakundea bederatzi urteko ibilbidea eta gero, eta bazegoela belaunaldi aldaketa bat. Bestetik, hamargarren urteurrenaren harira asko izan dira militantziara batu direnak.

Inoiz baino aktiboago ere dabil, hala behar duelako Euskal Herriko koiunturak. Argi ikusi dugu urteko lehen lauhilekoa nolakoa izan den: Aitor eta Galderrekin hasi ginen, Baterajotzea, greba feminista, Palestinaren aldeko mobilizazioak, osasungintza, euskara, nazioa... Halabeharrez aktibazioa egon da erdigunean, eta militantziak horri erantzuteko gogoa eta anbizioa izan du. Hamar urteko ibilbideak heldutasun politiko bat eman digu, eta errealitate propioei erantzuteko gaitasuna areagotu.

«Hamar urteko ibilbideak heldutasun politiko bat eman digu, eta errealitate propioei erantzuteko gaitasuna areagotu»

Gazteek dituzten kezka horiek guztiak eramanen dituzue Lezora. 

Guretzat garrantzitsua da gazteon ahotan dagoen eduki hori lantzea: krisi klimatikoa eta pornoa, desira eta morala, adibidez. Horrez gain, bigarren bloke bat osatu dugu Euskal Herrian den momentu politikoari dagozkion hausnarketak eta elkarrizketak abiarazteko, eta ikusteko gazteok nola begiratzen diogun egungo testuinguru politikoari, edo prozesu independentistari, bere horretan. Azken blokean, gainontzeko munduari begiratuko diogu, eta eta munduko gertakarien analisia egingo dugu. 

Arlo horiek guztiak biltzen dituen hitzaldi zentral bat ere antolatu dugu: Bizitza duinen aldeko udaberria. Hor ziklo politikoaz hitz egingo dugu, baina baita Ernaik kaleratu duen proposamen politikoaz ere. Etxebizitzaren gaiaren inguruan gure ekarpena eta proposamena emango ditugu, eta gure ekarpenak egingo ditugu osasun mentalari buruz, Osakidetza eta Osasunbideari lotuta.

Solasaldietan ez ezik, oholtzan ere gazteak izanen dira nagusi?

Eszenatokian apustu oso handia egin da gazte eszena musikalaren inguruan. Gazte antolakundearen ekimenak beti izan du funtzio hori: oholtzara eramatea oraindik industria musikalaren parte ez diren horiek, jauzia emateko aukera bat eskaintzea. Bide horretatik, jende ezberdina gonbidatu nahiko genuke, talde berri horiek entzuteko eta horietaz gozatzeko.

Lezokoa «mugarria» izanen dela diozue. Zertan?

Bada garaia gazteok, parte hartzeaz gain, protagonista izateko. Horri deitzen diogu Gazte Udaberria. Hemendik aurrera zera egin nahi dugu, Ernaik landu dituen gaien inguruan eztabaida ireki, eta horietan gai zentrala izango den gazteriaren egoera. Gazteriak biziko du etorkizuna, baina egoera kezkagarri eta gogorrak bizi ditu orain ere, eta inork ez dio garrantzirik ematen.

«Gazteriak biziko du etorkizuna, baina egoera kezkagarri eta gogorrak bizi ditu orain ere»

Errealitate horri buruzko proposamen bat argitaratu duzue berriki: Gazteontzat. Nola erantzun nahi diezue arazo horiei?

Eztabaida bat ireki nahi dugu gazteon egoeraren inguruan hitz egiteko, eta, horrekin batera, gazteria ahots propioz mobilizatzeko garaia izatea nahi dugu. Gazteontzat proposamenak norabidea emango dio eztabaida horri, eta jada badira dinamika batzuk martxan errealitate konkretuen beharren arabera. Horrez gain, elkarrizketak ireki nahiko genituzke eragile sozial eta politiko batzuekin.

Buru osasuna, etxebizitza, naziogintza... Inork erraten ahal du bide argi bat zehaztea galaraziko duela fronte askotariko horrek.

Errealitatearen analisitik jasotako proposamen bat egin dugu guk. Borroka sozial guztiak aurpegi anitz dituen heinean, ezin zaio fronte bakarretik aurre egin. Intersekzionalitateak erakutsi digu, borroken harremanen bitartez, eraistea askoz ere errazagoa izango dela bakoitzak alde batetik tiraka. Guretzat zilegi da perspektiba ezberdinetatik hausnarketa egitea; batez ere, kontuan hartuta Ernaik baduela lurreratze lokal oso indartsua, eta antolakunde bezala eskaintza eman behar dugula herri bakoitzak beharrezkoa daukan lanketa edo behar horiei heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.