Korrikak Errigoraren lana goratuko du; hain zuzen, euskararen aldeko egitasmo horixe izango da omendua.
Ikusi gehiago
Baina zer da Errigora? Proiektuak lau ardatz nagusi ditu: euskara, elikadura burujabetza, Nafarroa hegoaldea eta auzolana. Eta lau ardatz horiek uztartuta, Euskarari puzka kanpaina egin ohi dute udazkenero, 2013tik. Hain zuzen, hiru saski jartzen dituzte herritar ororen eskura, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuekin osatuta, eta saskien balioaren %25 Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintzara bideratzen dute.
Horrela hauspotzen dituzte Nafarroa hegoaldean euskarak arnasa har dezan ezinbestekoak diren zenbait eragile: ikastolak, Sortzen —D eredu publikoa sustatzen dute Nafarroan—, AEK eta Agerraldia. 2013tik, ia bi milioi eta erdi euro bideratu dituzte horietara.
Aurtengo kanpaina ere martxan dute, auzolanean: berrehun boluntario inguru batu ziren urriaren 25ean Ablitasen (Nafarroa), eta lehen 4.000 saskiak atondu zituzten. Laurehun banaketa gune baino gehiago aktibatu dituzte Euskal Herriaren luze-zabalean, eta 220 herri ingurutara helduko dira Errigoraren saskiak, euskara eta herritarrak elikatzeko. Nahi duen orok oraindik ere saskiren bat eskatzeko aukera du www.errigora.eus webgunean, etzi arte.