Joan diren asteartean eta asteazkenean, Donostiako hondartzetako uretan bainu hartutako zenbait herritarrek jakinarazi zuten azalean aznahia sentitu zutela uretatik ateratakoan. Horiek horrela, Donostiako Udalaren enkarguz, ikerketa bat jarri zuten abian. Gaur eman dute ateratako ondorioen berri, eta baieztatu egin dira orain arteko susmoak. Alga toxikoak dira aznahia eragin dutenak, ostreopsis algak, zehazki.
Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Marisol Garmendiak azaldu duenez, Zurriola hondartzan detektatu dute tankera horretako alga gehien. «Logikoa da, han erregistratu baikenituen aznahia sentitu edo ziztadak zituzten bainulari gehien», adierazi du. Dena dela, ohartarazpen bat egin du: «Kopuruak ez dira esajeratuak».
Asteon, Donostiako Udalak bainurik ez hartzeko gomendioa egin zuen zenbait egunez. Ordea, aholkua atzo indargabetu zen, aparteko arriskurik ez dela argitu eta gero.