EH Baik «onartezintzat» jo du Urrutikoetxearen kontrako euroagindua onartu izana

Espainiako Estatuaren «ikuspegi mendekatzailearekin» bat egitea leporatu diote Frantziari. Adierazi dute «konponbide osorako» garaia dela.

Josu Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegiko salara sartzen, joan den abenduan. EDGAR SAPIÑA MANCHADO/EFE
Josu Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegiko salara sartzen, joan den abenduan. EDGAR SAPIÑA MANCHADO/EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko ekainaren 4a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Baik «onartezintzat» jo du Pariseko Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindua onartu izana. Ohar batean adierazi duenez, «euskal jendartearen gehiengoak Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra lortzeko agertokia babesten du», eta testuinguru politiko horretan halako neurriak aplikatzea «guztiz kaltegarria eta lekuz kanpokoa da». Ezkerreko abertzaleen iritziz, Espainiako Estatuaren «ikuspegi mendekatzailearekin» lerrokatu da Pariseko auzitegia. Horiek horrela, ondoko asteetan jakinaraztekoak dituzten erabakien harira, ohartarazi dute Urrutikoetxea «kanporatua, Madrilera eramana eta kartzelatua» izateko arriskuan dela.

EH Baik baieztatu duenez, «Ipar Euskal Herriko jendarte zibilak, hautetsiek eta instituzioek behin eta berriz adierazi dute bake prozesua bururaino eraman behar» dela. Horretarako, funtsezkotzat jo du salbuespenezko neurriak «desaktibatu» eta «sufrimendu guziak bukatzeko urratsa» egitea Frantziako Estatuak ere. «Urrutikoetxearen kontrako epaia gure lurraldearen borondate horren kontrako erabakia da». 

Ezkerreko abertzaleek berretsi dute «konponbide osorako garaia» dela. «Espainiako Estatuarekin batera, Frantziako Estatuak dagozkion erantzukizunak hartu behar ditu, eta, salbuespenezko neurriak indargabetzeaz gain, euskal preso eta iheslarien auziari behin betiko konponbidea emateko urratsak berehala egin ditzan galdegiten diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE