Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindua onartu du Parisek

2002tik 2019ra bitarte ETAko buruzagi izan zelakoan epaitu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Haren kontrako prozesu bat martxan da Frantzian ere, eta uztailean dira ebaztekoak; prozesu hori amaitutakoan, baliteke Espainiaratzeko aukera izatea.

Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, apirilean. YOAN VALAT / EFE
Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, apirilean. YOAN VALAT / EFE
Leire Casamajou Elkegarai - Iosu Alberdi
2026ko ekainaren 3a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da berria: Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindua onartu du Parisko Dei Auzitegiak. Zehazki, euroagindu horren bidez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxea epaitu nahi du 2002tik 2019ra arte ETAren buru nagusietako bat izateagatik. Haren kontra Espainiak Frantziari egindako azken galdea zen hori. Urrutikoetxearen kontra, baina, bada beste prozesu bat martxan orain Frantzian, 2002tik 2005era etakidea izatea egotzita. Hala, azken auzi horren ebazpen irmoa izan bitarte ez dute Espainiaratuko; uztailaren 2an iristekoa da auziaren deliberoa.

Dignidad y Justicia elkarteak hala eskatu ostean, eta Guardia Zibilak 2021ean egindako txosten bat oinarri hartuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek abenduan aurkeztu zuen gaur ebatzi duten euroagindu eskaera. Haren bitartez, aurrez herriko tabernen auziarekin lotuta egindako eskaera zabaltzeko eskatu zuen, Urrutikoetxea 2002tik 2019ra bitarte ETAko buruzagi nagusietako bat izan ote zen ikertzeko asmoz.

Herriko tabernen auziko epaiketa 2013an hasi zen, eta hogei lagun zigortu zituzten urtebete eta sei hilabete arteko espetxe zigorrak ezarrita; bi urtez azpiko zigorra izanik, bakar bat ere ez zen kartzelara joan. Urrutikoetxea, baina, akusazio zabalago batean auzipetu nahi dute, «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zelakoan, eta horretarako argudio gisa baliatu dituzte, besteak beste, ETAren amaiera iragartzeko mezua irakurri zuela, negoziazio prozesuetan parte hartu zuela, eta 2019an, hura atxilotu zutenean, ETAren zenbait dokumentu zituela. Dokumentu horiek zenbait hedabideren esku ere bazeuden ordu hartan.

Pedrazek, euroagindu eskaera egitearekin batera, Frantziari galdegin zion Urrutikoetxea aurkitu, atxilotu eta preso sartzea. Urrutikoetxea, ordea, bere kasa aurkeztu zen fiskaltzaren aitzinera, Parisen, eta epaileak aske utzi zuen, kontrol judizialpean; funtsean, aitzinetik zegoen egoera berean. Prozesuak aurrera egitearekin batera, defentsa abokatuak eta fiskaltzak informazio gehigarria eskatu zioten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari. Era berean, ezbaian jarri zituzten akusazioaren epeak, eta Urrutikoetxearen osasuna aipatu zuten. Gerora, saioa behin baino gehiagotan atzeratu ondotik, aurtengo martxoan aztertu zuten kasua Parisen; gaur iritsi da erabakia, azkenerako.

Espainiako Justiziak Urrutikoetxearen harira Frantziakoari egindako eskaeretan azkena da gaur ebatzitakoa. Denera, bi estradizio eskaera eta hiru euroagindu aurkeztu ditu Urrutikoetxearen kontra, eta Frantziak estradizio eskaera bat eta bi euroagindu onartu ditu gaurkoarekin. Estradizio eskaera 1987an ETAk Zaragozan egindako atentatu baten harira egin zuten. Euroagindua, berriz, herriko tabernen auziari lotuta.

Azken epaiketa

Behin Espainiak egindako eskaera guztiak argitu eta gero, Parisko Dei Auzitegian martxan den prozesuari begira daude guztiak. Aurtengo apirilaren 9an epaitu zuten Josu Urrutikoetxea azken aldiz, 2002tik 2005era —Eusko Legebiltzarra utzi eta sasian egindako lehen tartean— ETAko kide izan zelakoan; hau da, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Auzi saioan, Urrutikoetxeak aitortu zuen ETAko kide izan zela orduan, baina ukatu egin zuen erakunde armatuko buruzagi gisa aritu izana, baita epe hartan egindako atentatuetan parte hartu izana ere. Kontrara, azaldu zuen «gatazkaren konponbidera iristeko bideak topatzeko» eginkizuna izan zuela, eta 2005ean PSE-EEren orduko presidente Jesus Egigurenekin Genevan (Suitza) egindako bilera aipatu zuen.

Biharamun arratsaldean, baina, fiskaltzaren galdea iritsi zen: bost urteko espetxe zigorra —ez luke beteko delitua errepikatu ezean— eta Frantziatik kanporatzeko agindua eskatu zituen Urrutikoetxearentzat; Naima Rudloff fiskalaren esanetan, Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketetan parte hartu arren, Urrutikoetxea ez baitzen «bake negoziatzaile» izan.

Auzi horri buruzko epaimahaiaren erabakia uztailaren 2an ematekoa dute. Aldeek, baina, Kasazio Auzitegian helegitea aurkezteko aukera izango dute jarraian. Hain zuzen, prozesu horren amaiera funtsezkoa izango da Urrutikoetxearen etorkizuna argitzeko. Izan ere, Frantzian haren kontra ireki diren auzi guztiak itxita, Espainiaratzeko aukera izango dute. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA