«Guk argi diogu jaietara begira egoera hau salatzen jarraituko dugula eta jaietan gure aldarri eta egitarauek lekua izango dutela». Joan den astean aldarri hori egin zuten GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, Gasteizko txosnetatik kanpo utzi dituztela salatzeko igorri zuten oharrean. Bide horretatik, prentsaurrekoa egin dute gaur, eta jakinarazi dute «baimenik izan ez arren» txosna jarriko dutela aurten ere EHUko Letren Fakultatean, aurreko urteetan egin bezala.
Mugimendu Sozialistako bi eragileek adierazi dutenez, bosgarren urtea da txosnetatik kanpo utzi dituztela. Jakinarazi dute ikasturtean zehar txosna batzordeko eragile batzuek «zenbait proposamen» plazaratu dituztela «egoera konpontzeko», baina «Txosna Batzordeko sektore batek irtenbiderako aukera blokeatu» duela: «Ezker Abertzaleak gu kanpoan uzteko dituen interes partikularrak Gasteizko txosnek historikoki izan duten izaera pluralaren gainetik jartzen ditu».
Hori ikusita, aurrerantzean ere egoera publikoki salatuko dutela nabarmendu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, haien arabera txosnagunean lekua izateko eskubidearen aldarriak «babes zabala» baitu. Horretarako, zenbat ekinaldi egingo dituzte. Besteak beste, txosna jarriko dute jaietan.
Parte hartzeko eskaera
Euren aldarrikapenarekin bat egiten duen gasteiztar oro gonbidatu dute eurekin batera «betoa salatzera eta jaiak ospatzera». Are, abuztuaren 4an txosna muntatzen parte hartzera deitu dute. Horrez gain, iragarri dute «protestarako» baliatuko duten egitarauaren parte izango direla Kiliki, J Martina, Mutiko eta Malakias MX3, besteak beste.
Maiatzean ere «beto politikoa» salatu zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza sindikatuko ordezkariek, Bilboko Luberri konpartsarekin batera. Salatu zuten jaietako guneetan parte hartzea galarazten dietela, eta eskatu «urteak irauten ari den beto politikoa» eteteko.