Baiona Palestinarekin taldeak EHKSri leporatu zaizkion Israelgo Estatuaren kontrako aldarriak bere gain hartu eta berretsi ditu

Herriko kontseiluan deklaratutakoak «gezurretan» oinarrituak izatea deitoratu dute. Hori ez ezik, salatu dute hautetsiek antisionismoaren eta antisemitismoaren artean «haien interes politikoentzat egindako amalgama».

Palestinaren aldeko manifestazioa, Baionan, 2025eko abenduan. NAHIA GARAT
Palestinaren aldeko manifestazioa, Baionan, 2025eko abenduan. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 28a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gedar komunikabideak atzo zabaldu zuen bideo batean, salatu zuen PS Frantziako Alderdi Sozialistak eta Renaissance-k «antisemitatzat» jo zutela EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialista uztailaren 23ko Baionako udal kontseiluan, Israel salatzeagatik eta Palestinaren aldeko ekintzak antolatzeagatik. Bada, Baiona Palestinarekin taldeak leporatutako aldarri eta ekintzak bere gain hartu eta berretsi ditu.

Baionako besten denboran agertutako zenbait lemaren ondorioa izan da polemika. Zehazki, honakoak izan dira Baionako hautetsiek salatu dituzten ekintzak: Baiona Palestinarekin taldeak Marengo karrikan Sionismoa eta inperialismoaren aurrean, erresistentzia aurrera lemarekin banderola ezarri izana, eta, Poterne parkean sustengu argazkia egin izana, Israelen desegitera deituz. Afera da ekintza horiek Euskal Herriko Kontseilu Sozialistari esleitu dizkiotela hautetsiek. Ordea, banderola ezartzea eta argazkirako deialdia biak Baiona Palestinarekin taldearen iniziatiba izan dira, agiri batean aldarrikatu dutenez.

Uztailaren 23ko herriko kontseiluan, hain zuzen, PSko kide Henry Etxetok kargu hartu zion Jean Rene Etxegarai auzapezari Mugimendu Sozialistak Baionako jaietan txosna jartzea baimentzeagatik, eta EHKSri leporatu zion Israelen kontrako «gorroto mezuak» zabaltzea. Are, Etxetok auzitan jarri zuen talde politikoek txosna jartzeko eskubidea izatea. Harekin bat egin zuen Renaissance alderdiko Deborah Lupiens-Suares kideak, eta nabarmendu zuen «antisionismoa» dela gaur egungo «antisemitismo berria».

Baiona Palestinarekin taldekoek deitoratu dute herriko kontseiluan deklaratutakoak «gezurretan» oinarrituak izatea. «Biziki larria» da haien ustez: hautetsiek antisionismoaren eta antisemitismoaren artean egiten duten lotura «haien interes politikoentzat egindako amalgama» bat besterik ez den heinean, salatu dute «Palestinaren aldeko borroka despolitizatzen eta desitxuratzen» duela. Gainera, uste dute Palestinar herriarentzat izanen litzatekeen «aterabide zuzen bakarra kriminalizatzen» dutela «estatu genozida bat babestuz».

Garatu dute haien iritzia: «Estatu genozida desegin behar da, garbiketa etnikoan, genozidioan, espantsionismoan eta apartheidean oinarritutako estatua ez delako onargarria. Hori erratea, Palestinako lurretan eta ingurukoetan bizi diren herritarren arteko bizikidetzaren alde egitea da. Horretarako, ordea, Israelgo estatu-aparatuak eta sionismoa desegin behar dira. Berdina erranen genuke oinarri zapaltzaile horiek dituen edozein estaturi buruz: pasa den mendeko estatu faxistei buruz, adibidez. Haien existentzia bakerako eta bizikidetzarako oztopoak ziren». 

Eta, azpimarratu dute sektore politikoaren jokamoldea. Batez ere, Etchetori eta Jean Claude Iriart EH Baiko hautetsiari kargu hartu diete, «itxurazko Palestinaren aldeko postura bat» hartzen dutelakoan, «haien hautesleriaren zati bat asetzeko, segur aski». Baina ondotik, «Palestinaren askatasunak inplikatzen duen estatu zapaltzailearen desegitea aldarrikatzea kondenatzen dute, Frantziako Estatuan gauzatzen ari den antisionismoaren kriminalizazioan parte hartuz».

Hala, Baiona Palestinarekin taldeak bere aldarrikapenak berretsi ditu, eta, «desobedientziara» deitu, «genozidioaren eta inperialismoaren kontrako mezua mundu osora zabaltzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA