Baionako herriko etxearen aitzinean mobilizatu dira Iparraldea Palestinarekin sareko militanteak, herriko kontseilua iragaten ari zen denbora berean: ozenki salatu dute hartan ordezkatuak diren «joera politiko guztiek Palestinaren askatasunaren aldeko mezuak zikintzea eta kriminalizatzea».
Hain zuzen ere, «Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioaren eta zentsuraren kontra» eta «sionismoaren normalizazioaren kontra» egiteko deitua zuten arratsaldeko elkarretaratzera. Batez ere, Baionako bestetan izan ziren gatazkei egin diete erreferentzia, orduan Palestinaren sostengatzeko ezarriak izan ziren banderolek eztabaidak piztu baitzituzten herriko kontseiluan.
Sareak oroitarazi duenez, Baionako bestak hasi eta segidan «herriko etxeak hainbat banderola kenarazi zizkien herriko zerbitzuei». Erraterako, besten lehen egunean altxagailuarekin ibili ziren herriko etxeko langileak, zenbait etxe pribatutako balkoietarik dilindan ezarriak izan ziren banderola antifaxistak kentzen. Horien artean, palestinar erresistentzia sostengatzen zuten mezuak ageri ziren, inperialismoaren eta sionismoaren kontrakoak, baita faxismoaren eta sexismoaren kontrakoak ere, adibidez.
Ondotik iritsi ziren Baionako herriko kontseiluaren adierazpenak. Besta iragan eta, uztailaren 23ko bilkuran, hautetsiek «aho batez adierazi zuten Israel desegitearen aldarria elkarbizitzaren kontrako gorroto mezu bat dela». Funtsean, hori salatu du Iparraldea Palestinarekin kolektiboak, alderdi guzietako hautetsiak bide beretik mintzatu baitziren, hala nola PS Alderdi Sozialistako Henri Etxeto, alderdi macronistako Jean-Rene Etxegarai auzapeza, gehiengoko Deborah Lupien Suares, eta, ezker abertzaleko EH Bai alderdiko Jean-Claude Iriart.
Zehazki, hautetsiek Baionako Marengo karrikan ezarria izan zen banderola bati egin zioten erreferentzia, zeinak Palestinaren aldeko sustengu argazki bat egitera deitzen baitzuen. Orduan, banderola hori Euskal Herriko Kontseilu Sozialistarekin lotu zuten, sanferminetako txupinazoan Destroy Israel banderola zabaldu zuenarekin [Israel desegin]. Eta «antisemitismotzat» jo zituzten hitz horiek.
Halere, argazkira deitu zuen kolektiboa Baiona Palestinarekin izan zen —Iparraldea Palestinarekin sarearen parte dena—. Baina argazkia Mugimendu Sozialistak Baionako bestetan antolatutako Txosna Gorriaren ondoan atera zutela eta, bi mugimenduak nahasi zituzten. Ordu hartan, Israel desegiteko beharraren aldarria baztertu gabe, kolektiboak zera adierazi zien kontseilukoei, gutun batean: «Israel estatu supremazistak juduen izenean hitz egiten du, baina sionismoa ez da juduen ordezkaria, eta huts larria litzateke Israelen krimenak juduei leporatzea. Halaber, ezin dugu onartu Israel estatua biktima bezala aurkeztea. Baiona Palestinarekin kolektiboaren aldarrikapenean ez da neholako antisemitismorik: gerla inperialistaren eta genozidioaren salaketa da 'Israel desegin' mezuaren gibelean dena».
Hala, gaur ere, «sionismo genozidarekiko konplizitate oro salatzera» deitu dituzte elkarretaratzean bildurikoak: «Segi dezagun Palestinari buruz mintzatzen, eta palestinarrekin elkartasunez ekiten, haiei hitza ematen, eta haien erresistentzia sostengatzen. Ibaitik itsasora, Palestina libre!».