Baionan atxilotutako hirurak libre atera dira, epaiketaren zain

Astelehenean berehalako epaiketa izanen dute horietako bik. Hirugarrena urtarrilean epaituko dute. Kontrol judiziala dute hirurek. Zirkulazioa moztea, aurpegia estaltzea, jazartzea eta aztarnak ematea ukatzea leporatzen diete.

Atzoko blokeatze eguneko 14:00etako manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Atzoko blokeatze eguneko 14:00etako manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki - Leire Casamajou Elkegarai
2025eko irailaren 11
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean epaituko dituzte asteazkeneko blokeatze egunean parte hartzeagatik atxilotu zituztenetako bi militante. Epaiketa bitartean biak preso sartzeko eskatu du Baionako prokuradoreak, baina kontrol judiziala ematea erabaki du epaileak. Frantziako Estatuko lurraldetik ateratzea, manifestazioetan parte hartzea eta soinean arma bat eramatea debekatu die. Astelehenean epaiketa atzeratzea eskatzeko asmoa agertu dute biek.

Hirugarrena heldu den urtarrilean epaituko dute Baionako auzitegian. Anartean, kontrol judiziala ezarri diote: bi aste guziz sinatzera joan beharko du komisariara, eta Pirinio Atlantikoetako departamenduan manifestazioetan parte hartzeko debekua eman diote. 

Mariel Garrigos prokuradoreak BERRIAri azaldu dioenez, hainbat arau hauste leporatzen dizkiete hirurei. Besteak beste, zirkulazioa trabatzea, aurpegia estaltzea edo aztarnak emateari uko egitea. Horrez gain, soinean labana bat eramatea leporatzen diote atxilotuetako bati, beste bati jazarri izana eta hirugarrenari Poliziari eraso egin izana, baina zauritu gabe.

Atzo, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian antolatutako blokeatze egunean, sei pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak Baionan. Goizean, atxiloaldian segitzen zuten oraino, eta, arratsaldean, Baionako auzitegira eraman dituzte, fiskaltzaren aitzinetik iragateko. 

Elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu dute manifestari sareek. Baionako auzitegi aitzinean elkartu dira horietako batzuk, eta Poliziarekin liskarra izan dute. Iskanbilan, neska bat atxiki dute, eta komisariara eraman; haren sendiari adierazi diote iluntzean askatuko dutela.

Hiru pertsona libre

Dagoeneko atera diren beste hiruretatik lehenari abisu bat eman diote; bigarrenari, isuna eta justiziako bilduman oharra; eta hirugarrena deus gabe atera da. Orokorrean, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak agertu duen bilanean adierazi du horiek izan direla atzoko eguneko gertakariak, hala Biarnon nola Ipar Euskal Herrian: andeatzeak, zirkulazioa oztopatzea, irainak, erreboltak eta jaurtigaiak botatzea.

    Egun kalapitatsua izan zen atzokoa: blokeatzeak goizetik goiz hasi nahian ibili ziren herritarrak, Baionan eta Angelun (Lapurdi); baina biziki presente zegoen Polizia, mugimendu txikienari ere bortitz erantzuten. Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak iragarria zuen 80.000 polizia inguru mobilizatuko zituela protestei buru egiteko, eta polizien presentzia nabarmena izan zen Baionan: orotara sei lagun atxilotu zituzten, eta beste hamar bat pertsona gutienez nortasun kontrolak egiteko eraman zituzten.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.