Dozenaka herritarrek erantzun diote «dena blokeatzeko» deiari Ipar Euskal Herrian. Egun osoan izan dira protestak Baionan, eta behin baino gehiagotan gertatu dira talkak Frantziako Poliziarekin, ekintza saiakera oro oztopatzen aritu baitira. Hainbat pertsona atxilotu dituzte mobilizazioetan, baina gehienak aske dira dagoeneko. Arratsaldean, 1.500 pertsonak manifestazio bat egin dute, eta San Leon itzulbidea blokeatu dute zirkulazioa erabat oztopatuz. Biltzar nagusia egiten ari dira orain Baionako Lan Burtsan —sindikatuen etxea—, hemendik aitzinekoa erabakitzeko.
Macronen politiken kontrako mobilizazio egun handian, 06:00etarako hasi dira lehenengo elkarretaratzeak Baionan. Lapurdiko hiriburua blokeatzeko lehen jende saldoa ordu horretan iritsi da Leroy Merlineko biribilgunera. Segituan egin dute talka Frantziako Poliziarekin. Zenbait jenderi zakua miatu nahi izan diote, eta herritarrek blokea egin dute. Polizia batzuk bidearen kudeaketan hasi dira, eta beste batzuk, zibil jantzirik, militante saldora sartu eta barreiatu nahian aritu dira. Dena den, bidera sartzea lortu dute militanteek: «Mila milioiak ospitaleari, ez multinazionalei; Macron birusa erauzi», zioen banderolak.
Baina Poliziak bost minutu ere ez ditu utzi herritarrak bidean. Segidan sartu dira saldoan, komandantearen manupean. Kaskoak buruan, negar-gas botilen gainean eskuak, eta banderola kendu diete herritarrei. Gutxienez bi pertsona atxilotuak zituzten 07:30erako.
Poliziak bost minutu ere ez ditu herritarrak utzi bidean. Segidan sartu dira saldoan, komandantearen manu pean. Kasoak dituzte soinean, negargas botilen gainean eskuak, prest. Eta hasi dira banderola hartzen. @berria pic.twitter.com/DNrAJdSS19
— Leire Casamajou Elkegarai (@LeireCasaElke) September 10, 2025
Baionan ez ezik, protestarako deia egina zen Angeluko (Lapurdi) Dassault armagintza enpresaren biribilgunean ere, CGT sindikatuak antolatuta, Leroy Merlinekoaren ber tenorean. Hara ere hurbildu dira zenbait jende, bidea blokeatzera. Barraskilo operazioak ere antolatu dituzte Baionako zubi gorri aldera.
Polizia indarkeria
Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak iragarria zuen 80.000 bat polizia mobilizatuko zituela protestei buru egiteko, eta polizien presentzia nabarmena izan da Baionan. Hasieratik biziki presente egon da Polizia, mugimendu txikienari ere bortitz erantzuten. Hartzea Lopez Aranak mobilizazioan parte hartu du; haren ustez, gaurko erantzun poliziala «eskuin muturreko politika bati» dagokio. Segitu du: «Errepresio itzela gobernuaren partetik. Nahiz eta bagenekien, hori onartezina da. Araiz, mugimendu hau zerbaiten hasiera da». «Indarkeria poliziala» salatu du LAB sindikatuko Argitxu Dufauk ere, eta atxilotuak berehala askatzeko eskatu du.
Goizetik biziki presente dago Polizia, mugimendu txikienari ere bortitz erantzuten. Hartzea Lopez Aranak mobilizazioan parte hartzen du: bere ustez, gaurko erantzun poliziala «eskuin muturreko politika bati» dagokio.@berria pic.twitter.com/tZ4oJCPp96
— Leire Casamajou Elkegarai (@LeireCasaElke) September 10, 2025
Manifestariak Baionako erdialderantz abiatu dira goizak aurrera egin ahala, alde batera eta bestera korrika Polizia barreiatzen entseatuz. Gatua eta sagua bezala Baionako Herriko Etxeko plazaraino. San Izipiritura buruz segitu dute, eta, Baionako zubi gorrira bidean zirela, Poliziak inguratu ditu militanteak, karrikaren bi aldeetarik. Aterabiderik gabe utzi dituzte, eta negar gasa bota diete ohiltzeko. Ordurako bost atxilotu ziren, gutienez. Eta, emeki-emeki, herritarrak hurbilagotik inguratzen hasi dira, gehiago mugitu ezin izan diren arte.
Beste pertsona bat atxilotu berri dute, bosgarrena gutienez.
— Leire Casamajou Elkegarai (@LeireCasaElke) September 10, 2025
Militanteek zubi gorrirako karrikan Poliziak inguraturik segitzen dute.@berria pic.twitter.com/SGXPMHevdw
Atxilotu gehiago ere izan da goizaldean. Mugimendu nagusitik aparte, zenbait militante geroago pasatu dira San Izpiritu zubitik, eta orduan interpelatu dituzte poliziek; «bortizki», bertan zegoenetarik baten erranetan. Azaldu du trufaka aritu zaizkiela, eta hamar bat identifikatzera eraman dituztela komisariara. «Negar gasa bota dute, eta ez ginen gehiago pasatzen ahal. Beraz, geltoki aldeko karrikara joan gara; han ere berdin. Ihizian bezala, gure gibeletik lasterka ari ziren; batzuk plakatu dituzte lurrera, bortizki, eta gelditzen zirenak kontrolatu. Nortasun agiririk ez zutenak eraman dituzte komisariara. Mespretxu anitzekin, trufarekin».
Atxiloketak salatzeko manifestazioa egin dute 1.500 pertsonak arratsaldean. Komisariara iritsi nahi zuten, baina Poliziak blokeatu die bidea behin eta berriz. Azkenerako, pasatzea lortu dute, eta San Leon itzulbidea blokeatu dute tarte batez.
Gobernuaz ase
François Bayrou lehen ministroak konfiantza mozioa galdu zuen astelehenean, eta dimisioa aurkeztu zion atzo arratsaldean Emmanuel Macron presidenteari. Ordu batzuk geroago jakin zen Macronek Sebastien Lecornu izendatu duela Bayrouren ordezko.
Bayrouren dimisioak ez du, ordea, herritar askoren haserrea baretu, eta dena blokeatzeko deialdiari eutsi diote. Duela aste guti batzuk sortu zen, Telegrameko Asaldatu Gaitezen kanalak bultzaturik. Zenbait sindikatuk greba deialdia zabaldu badute ere, ez da zehazki identifikatua mugimenduaren jatorria. «Dena blokeatu», zioten lehen mezuek, eta horretarako antolatu dira herritarrak.
Arratsaldean Baionan egin den manifestazioan parte hartu du Peio Dufau EH Baiko diputatuak, eta salatu du Frantziako Estatuan «demokrazia ukatua» dela. Adierazi duenez, hauteskundeetan agerian geratu zen «aldaketa bat» behar zela, baina «aldaketarik ez da izan». Blokeatzeen protesta Frantziako Asanblearako hauteskundeen «hirugarren itzulitzat» jo du: «Macronistek argiki galdu dute, bi herenek haien kontra bozkatu dute. Alta, lehen ministro macronista bat izendatu du berriz, politika berarekin segitzeko. Jendartearentzat ez da posible gehiago. Asanblean borrokatzen naiz, baina baita karrikan ere; besteak bezala herritar bat naizelako, eta besteak bezala haserre naizelako».
Peio Dufau EHBaiko diputatua protestan parte hartzen ari da. Frantziako Estatuko demokrazia eskasa salatu du @berria pic.twitter.com/Uj15iVhHYK
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 10, 2025