«Bake justu eta iraunkor bat» eraikitzeko bide orri berri bat adostera deitu dute Baionan, Bake Bidearen eta bakegileen bukaera finkatu duen foroan. Adierazpen bat aurkeztu dute ondoko urteetarako erronkak zehazteko. «Gure lurraldearen etorkizuna Aieteko Konferentziatik gidatu gaituen kontsentsuaren gainean oinarriturik eraikitzera engaiatzen gara, Euskal Herri baketsu eta erresiliente batera heltzeko, zeinetan euskara bizi eta erabiliko den, eta denen zerbitzura izanen den antolaketa instituzionalaren bilakaera gogoetatuko den».
Azken urteetan gatazkaren konponbide prozesua babestu duten hainbat hautetsik izenpetu dute adierazpena, hala nola Jean Renen Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Frederique Espagnac PSko senatariak, Max Brisson Errepublikanoetako senatariak, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta Euskal Elkargoko kontseilariak eta Alice Leizagezahar EELVko hautetsi ohiak. Beatrice Molle Haran bakegileak eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak ere izenpetu dute. Euskal Herri osoko eragile anitzetako ordezkariek parte hartu dute foroan.
2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziatik egindako lana oroitu dute, eta goraipatu gizarte zibilak toki zentrala izan duela konponbide prozesuan. Hemendik aitzina etapa berri batera pasatuko direla adierazi dute, eta berau zehazteko «gogoeta sendo bat» eraikitzeko borondatea agertu dute.
Lau erronka nagusi zerrendatu dituzte gatazkaren ondorioak konpontzeko, hala nola preso eta iheslarien auzia «behin betirako» konpontzea. Frantziako Estatuan gelditzen diren lau presoak Hego Euskal Herrira eramateko eskatu dute.
Horrez gain, salbuespeneko neurriak bertan behera uzteko eskatu dute. Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatuak dituzten preso eta iheslari ohien egoera dago. Hertsatze neurriak kendu eta «libreki» bizitzeko eskubidea beharko luketela erran dute.
Instituzio publikoek gizarteratze plan bat plantan ezartzea ere beharrezkotzat jo dute: lanerako eta etxebizitzarako laguntza, eta erretretarako laguntza aipatu dituzte besteak beste.
Memoriarako batzordea
Euskal gatazkaren memoria lantzeko egia eta adiskidetze batzorde bat sortzeko beharra azaleratu dute manifestuaren sinatzaileek, «biktima guzien sufrimenduaren aitortza» lortzeko, eta «erreparazio bideak» definitzeko. Louis Joinet institutuak hartu du lan hori egiteko ardura, eta batzordearen izaera zehazteko txosten bat prestatzen hasiak dira. Hemendik urtebetera jendaurrean aurkeztuko dutela adierazi du Jean Pierre Massias institutuko presidenteak.
«
Tortura, bahiketak, GAL... Horiek guziak argitu behar dira . Ez gatazka berriz bizitzeko, gainditzeko baizik
»
JEAN PIERRE MASSIASLouis Joinet institutuko presidentea
Massiasek erran du egia jakitea funtsezkoa dela bakea egin ahal izateko. «Gatazka ondorengo gizarteetan frustrazioa oso gauza arriskutsua da». Frankismo bukaerako «ahazte ituna» gaitzetsi du, kontrako bidea hartu behar dela erranez
«Tortura, argitu gabeko krimenak, bahiketak, GAL... Horiek guziak argitu behar dira . Ez gatazka berriz bizitzeko, gainditzeko baizik», adierazi du. «Prozesu bat abiatu behar da lekukotasun guziak biltzeko, edozein izanik ere. Errealitatea ezagutzeko, eta [biktimei] entzunak izateko aukera emateko».
Memoria egitea «funtsezko erronka» dela erran du Massiasek. «Memoria guziak adierazteko aukera izan behar da, denak direlako zilegi. Ondoren, memoria horien arteko elkarrizketa behar da. Eta azkenik batu behar dira». Biktima guziak elkartuko dituen gatazkaren «oroitzarre baketsua» eman du helburu.
Foroetatik armagabetzera
Militante politikoen kontra Espainiako Estatuak ezarritako euroaginduak salatzeko osatutako kolektiboa izan zen Bake Bidearen abiapuntua. Hura desegin, eta 2012ko urrian eratu zuten talde berria, Aieteren biharamunean bake prozesu baten aldeko gehiengo bat osatzeko. Baionan foro bat egin zuten urte hartako abenduan, eta urratsak egiteko eskatu zioten Frantziako orduko gobernu sozialistari. Elkarlana eta akordioa funtsezkotzat jo zituzten.

Gerora, foro bat baino gehiago antolatu izan dituzte, Ipar Euskal Herrian bezala Parisen, eta harreman sare zabala ere landu dute, eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkarien eta arlo anitzetako intelektualen babesa eskuratzeko asmoarekin.
Baionako Adierazpena izan zen bide horretan mugarrietako bat. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aitzina egiteko urratsak adostu zituzten Ipar Euskal Herriko sentsibilitate politiko anitzetako pertsona ezagunen artean. Izenpetzaileen artean ziren, besteak beste, Jean Rene Etxegarai —gaur egungo Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria—, eta Max Brisson (LR) eta Frederique Espagnac (PS) —gaur egun senatariak—.
Baina Frantziako Gobernuak ez zien jaramonik egin Ipar Euskal Herritik egin zitzaizkion eskaerei. Espainiatik ez zetorren bestelako haizerik, eta Norvegian elkarrizketarako prestatutako espazioak ez zuen emaitzarik eman. Konponbide prozesua aipatzean, «blokeo» hitza zen denen ahotan.
2016ko abenduan iritsi zen beste mugarri bat: ETAren armagabetzea bideratu zuen Luhusoko operazioa. Han agertu ziren bakegileak. Ekinbide haren ondorioz, Frantziako Gobernuak jarreraz aldatu zuen, eta ondoko urteko apirilaren 8an armagabetze eguna antolatu zuten Baionan. Urtebete beranduago desegin zen ETA.
Ikusi gehiago
Presoen auzia
2017ko uztailean, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat osatu, eta euskal presoei buruzko lan esparru bat irekitzea adostu zuten Parisen. Elkarrizketa horien eraginez, euskal presoei bereziki zaindu beharrekoen DPS estatusa kentzen hasi ziren, eta gizonezkoak Mont-de-Marsango eta Lannemezango (Okzitania) presondegietara hurbiltzea adostu zuten. Bide horretan, milaka herritarrek euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa egin zuten Parisen 2017ko abenduan.
Mobilizazio andana egin zituzten urte horietan presoen auziari konponbidea eman ziezaiotela eskatzeko. Bereziki nabarmendu zen Jon Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranbururen kasua. Bizi guztiko zigorra zuten hirurek, eta behin eta berriz ukatu zieten baldintzapean aske uztea.

Herritarrak mobilizatu eta desobedientzia ekintzak egiteari ekin zieten Bake Bideak eta bakegileek. 2022ko uztailean Ipar Euskal Herriko errepideak blokeatzera deitu zuten. Urte horretako irailean gelditu ziren aske Parot eta Esnal —Haranbururi 2020ko azaroan onartu zioten baldintzapean aske geratzea—.
Epaiketak
Azken urteetan, epaiketen aroa izan da. Desobedientzia ekintzetan parte hartu zutenak auzipetu zituzten lehenik; gehienez ere isunak eman zizkieten, gibelapenarekin.
Iaz egin zuten Parisen Luhusoko operazioan parte hartu zutenen kontrako epaiketa. ETAren armagabetzean Paris eta Bakegileak lankidetzan aritu zirela kontatu zuten orduko Frantziako agintariek. Azkenerako, erruduntzat jo zituzten, baina zigortu gabe.